Ahantzitako iraultzak komunetako ateetan
Ainara Gurrutxaga
Argia, 2002-04-28

      Ametsak etengabe eraikitzen eta itotzen ditugu bizitzaren karruselean. Batzuetan, errealitate bilakatuta, euren kabuz iraultzen dira. Besteetan, ordea, guk botatzen ditugu zakarrontzira, jada ezertarako balio ez dutela konbentzituta. Iraultza horietaz mintzo da Antzerkiola Imaginarioaren azken muntaia: egunerokoan edonork dituen barne gatazkez, alegia.

      Mundo, jatorri poloniarreko pailazoa, borroka galduetatik dator, etsipenak jotako trotskista da. Garai batean mundua aldatzeko kementsu sentitzen zena kontsigna antzuen predikatzaile bilakatu da orain, “utopia baino muga gehiago dagoela” argudiatuta. “Pailazo bat da zentzu guztietan. Patetikoa izan daiteke batzutan, eta zozokeria handienak egiten dituena besteetan. Oso panfletarioa eta demagogikoa bada ere xarma handiko galtzailea da”, pertsonaia gorpuzten duen Na Gomes-en aburuz. Poloniako komun galdu batean barrenak husten ari den bitartean Mika ezagutuko du, bortizki alaia den neska euskaldun iraultzailea. Miren Gaztañagak bere pertsonaia su baten parekoa dela dio: “Eszenatokian jaiotzen den indar handiko pertsonaia da. Alaitasunaren iraultza egin nahi du eta horretarako Mundo idolo gisa hartuko du”. Mikak ozen abesten du zoriontsuen erreboltak izango duen leloa: “Eusko pailazoak gara Euskadi alaitzeko...”. Estropada honetan, baina, arraunerako sasoi betea duen neskatxak ziabogarako garaia heldu zaion pailazoarekin egingo du topo. Mundo eta Mikaren arteko talkek pertsonaien garapena eragingo dute irudikatutako munduan.

      Era berean, antzezlan honek ikuslearen eta obra beraren arteko hirugarren espazio bat proposatzen du, Tragedia Grekoetan egiten zen moduan. Eszenatokiaren atzealdean dauden manikiek koro greko bat iradokitzen dute eta honetatik bereizten den Korifea hitzontziak publikoari taula gainean jazotzera doana iragartzen dio, bere erratzarekin gertaerek uzten duten zikinkeria garbitzen duen bitartean. “Pertsonaia betierekoa da”, dio Miriam Martxantek bere pertsonaiaz, “alde batetik Mundo bezalakoen porrota desilusioz bizi du eta badaki sortzen diren indar berriak ere, guztiak garapen bat duelako, beherantz egingo dutela. Dena den, indar berri horien jaiotzeak ilusionatzen du”.

      “Mundopolski” istoriorik gabeko antzezlana da. Taldearen estiloari jarraiki pertsonaiek naturalismotik ihes egiten dute, irudimenezko mundu bateko izaki teatral bilakatuta. Ikusleak, berriz, eszenatoki gainean mementoan gertatzen ari denarekin gozatzen du, irribarrez batzuetan, pentsakor bestetan.

 

      Testua abiaburua

      Antzerkiola Imaginarioarentzat sormen prozesuak berebiziko garrantzia izan du 1998an sortu zenetik, eta beraz, kasu honetan ere muntaia prestatzeko erabili dituzten lau hilabeteetan arlo guztiak tentu handiz landu dituzte. Orain arte pilatutako esperientziak —aurretik sei muntaia egin ditu taldeak: “8 olivetti poetiko”, “Kutxa XXI” eta “La niña que sueña lunas también se mea en la cama” horien artean— bide ezberdinen bilaketan aurrera pausoak emateko beta eman die.

      Taldearen aurreko lanak aktoreen inprobisazioan oinarritutakoak izan badira, “Mundopolski”k Jon Gerediaga eta Unai Garatek idatzitako testua izan du abiaburutzat. “Kasu honetan prozesu guztia neurtuagoa izan da. ‘8 olivetti poetiko’, esaterako, esperimentu gisa sortu zen, ikuskizun bilakatzeko asmorik gabe. Azken lan honetan, aldiz, hasieratik bagenekien italiar erako eszenategi batean egingo genuela ikuskizuna, diru laguntzak eskatu genituen...”.

      Antzerkiola Imaginarioaren premisetako bat jatorrizko obrak sortzea denez, goitik behera taldeko kideek gauzatutako ikuskizuna da “Mundopolski”. Hala, Arkaitz Lasaren eta Aritz Merinoren eszenografiak, Aida Ulibarri eta Asegiñe Urigoitiaren jantziek, Aitor Agirianoren musikak zein Oier Bengoetxea eta PCes de Colores-en argiztapenak antzezlanari etxeko marka ezartzen diote. “Lan egiteko modu hau oso ederra da, ekintza eszenikoko arlo guztiak luparekin zainduta daudelako. Gauza guztiek dute euren izateko arrazoia” , dio Na Gomes-ek.

      Taula gainean dauden elementu guztiek funtzio bat baino gehiago betetzen dute gehienetan, eszenografia zerbait bizia bezala erabiltzen baita. Dekorazioak ez du tarterik. Ikuskizunaren hasierako komuna, esaterako, obran zehar hilkutxa, pulpitu edo itsasontzi bilakatzen da. Jolas honek ikuslea irudimenean barrena bidaiatzera gonbidatzen du. Batzuetan testua nahiko korapilotsua bada ere, ez du ikusleak jolasean jarrai dezan eragozten.

 

      Proposamen irekia

      Otsailean Barakaldon gazteleraz eta martxoan Durangon euskaraz estreinatu zen “Mundopolski”. Hizkuntza bakoitzarekin muntaia bat egitearena taldeak hartu beharreko erabaki garrantzitsuenetako bat izan zen, jatorrizko testuak ez baitzituen bi bertsio aurreikusten. Taldeko idazleek sortutako testuan pertsonaia bakoitzak hizkuntza batean hitz egiten zuen —Mikak euskaraz, Mundok gazteleraz eta Korifeak bi hizkuntzetan—. Alde komertzialari begira, ordea, nahiko hautu desegokitzat jo zuen taldeak eta, azkenean, bertsio bitan eszenaratzea erabaki zuten.

      Tristeziaren tiraniaren kontrako borroka adierazten duen antzezlanak ez du ideia konkretu bat azpimarratu nahi, taldekideen hitzetan, “Cortázarrek dion bezala ‘discurso’ bat baino ‘decurso’ bat litzateke. Denboran zehar doazen ideiak dira, poesien moduan noizbait zulo beltz batera jausiko direnak”. Na Gomesek garbi du Antzerkiolaren azken lana proposamen ireki bat dela: “Horrela jendeak ikusitakoa interpretatu egiten du, taula gainekoa bere begiradarekin aberastuz”.

      Proposamen berri hauek ezagutu nahi dituenak datorren udazkenean izango du aukera, orduan eskainiko baititu talde bizkaitarrak zenbait emanaldi Euskal Herrian zehar.

 

 

Alex Gerediaga:
“Antzerki sorkuntza da
benetan krisian dagoena”

 

      Antzerki eskola ezberdinak ezagutu ostean Antzerkiola Imaginarioaren proiektuarekin topo egin zuen Alex Gerediagak, baita buru-belarri murgildu ere. “8 olivetti poetiko”n aktore aritu bazen ere “Mundopolski”n zuzendari lanak burutu ditu. Bilbotar honek antzerkian dena asmatuta dagoela dio, eta gakoa ikasitakoarekin alkimia egitea dela.

      Zein da gaur egun Euskal Herrian ikerketa-antzerkiaren egoera?

      Ia ez dago aukerarik ikerketara eta esperimentaziora dedikatzeko. Ez dago inolako beka edo dirulaguntzarik. Antzerkiari buruz ikertu nahi duenak ikuskizun salgarriak egin behar ditu aurrera jotzeko. Prestakuntza falta ere handia da. Gainera, ez dakit halako lanak bultzatzeko interesik badagoen.

      Egun antzerki mota hau gutxiengo batek egiten du. Hala izan behar du?

      Hautsi nahi duen guztia minoritarioa izango da, gehiengoarekin apurtzeko beharraz sortzen delako. Hala ere, hausten edo ikertzen duen antzerkia ez da “bitxikeriak” egiten dituen antzerkiarekin nahastu behar. Publikoarengana iristea ezinbestekotzat jotzen dut, baldin eta nire antzerkia esperimentala kontsideratuko bada. Adibidez, lan performatibo asko daude oso modu kontzeptualean landuak daudenez jendeak ulertzen ez dituenak. Lehenik jendeak antzerkia gustuko izatea lortu behar da.

      Zer iruditzen zaizu euskal konpainia nagusiak azken urtetan hartu duten dinamika?

      Duela hiru bat urtetik hasi dira funtzionamendu horrekin: Tanttakako aktore bat Maskaradan ikusten duzu, Tanttakako bat eta Txaloko beste bat Tentazioan eta abar. Niretzat fenomeno hau euren produktua saltzeko duten beharragatik sortu da, izan ere, aurpegi ezagunak behar dituzte, telebistako jendea... Niretzat akats larriena sortzen diren konpainia berriak aipatu ditudanen antzera funtzionatzen hastea litzateke.

      Egiten diren antzezlanak zer iruditzen zaizkizu?

      Nire ustez antzerkia bera baino antzerki sorkuntza da krisian dagoena: nork idazten du antzerkia gaur egun? Azkenaldian egiten diren ikuskizun gehienak ez dira berez antzerkirako sortuak. Komikietako pertsonaiak, nobelen adaptazioak eta halakoak dira nagusi. Taldeak produktore bilakatu dira eta beraz produktuak nahi dituzte, ez antzerkia. Ez dago sormenerako pazientziarik.