Inoiz ez al du zure etxeko telefonoak jo justu komun ontzian esertzera zindoazen mementoan? Denbora luzez geltokian zain egon ostean zigarro bat piztea erabaki duzun unean ez al da autobusa orduantxe iritsi? Zenbat aldiz bota du sekulako erauntsia preseski autoa garbitzea erabaki duzun egunean? Askok gertaera hauek kasualitateari egozten dizkioten arren, bada eguneroko zorigaizto txiki hauen atzean gure ulermenetik at dagoen legedi unibertsal bat dagoela defendatzen duenik. Bigarren taldea osatzen dutenek, gainera, badute eredu bat: Murphy. “Gauzak gaizki atera badaitezke, gaizki aterako dira” dio, hain zuzen, Murphyren lege garrantzitsuenetako batek.
Vaivenek egunerokoan hondamendi pertsonalez inguraturik bizi diren bederatzi pertsonaien gorabeherak dakarzkigu bere azken muntaian. Taldeak, dena den, Murphyren legeen irakurketa erlatibistari erreparatu nahi izan dio batez ere: “Murphyren legeetan interesgarriena Murphyren legea bera gaizki atera badaiteke gaizki aterako dela dioen hura da. Nire ustez bizitzan komenigarria da dena erlatibizatzea, baieztapen handiek oker handietara eramaten baikaituzte”, dio antzezlanaren zuzendari Santiago Sanchezek. Aktore zein zuzendari laguntzaile lanetan aritu den Olatz Beobidek ere Murphyren legeek interpretazio zabala baimentzen dutela iritzi dio: “Nahi duzun guztia egin daiteke haiekin. Maiz kutsu negatiboarekin ulertu izan dira, baina, muinean, umore ikaragarria dute”.
Ikuskizuna ezustean eszenatoki gainera erortzen den argi foku batekin hasten bada ere, taldeak halabeharraren gaia haratago eraman nahi izan du, pertsonen harremanen, bakardadeen eta afektuen esparrura, alegia.
Kafe baten inguruan sortu zen “Murphy gainetik kendu ezinda” egiteko ideia. Vaiven proiektuaren sortzaile Ana Pimentak eta Santiago Sanchezek patuaz hitz egingo zuen komedia bat egiteko gogoa zuten, eta hala, “La Coraje”, “Crímenes del Corazón” edo “Lotsa gabe” aurreko lan arrakastatsuetan egin zuten bezala, ideia hura gauzatzeko beharrezko ekipoaren bila hasi ziren: “Guk horrela funtzionatzen dugu”, dio Ana Pimentak, “ekoizpen etxea eratu genuenean argi genuen guk nahi genituen gaiak landuko genituela. Behin beharrezko lan taldea osatuta, gainera, prozesu guztia oso gertutik jarraitzen dugu”.
Aktoreak sortzaile
Vaivenen azken lana sormen prozesuari dagokionean nahiko berezia da. Izan ere, aktoreak izan dira prozesu guztian protagonista, eurek sortutako egoera eta pertsonaietatik abiatuta gorpuztu baita ikuskizun osoa. Santiago Sanchez zuzendari valentziarra eskarmentu handikoa da inprobisazio bidezko antzerki sormenean eta beraren bitartez aktore taldeak bide berri horretan murgiltzeko beta izan du. Ander Elizondok idatzitako testua lan prozesu horren emaitza izan da: “Aktoreen inpultsoetatik sortzen da guztia. Testua abiaburu izan beharrean beranduago heltzen den fruitua da”, Sanchezen esanetan. Olatz Beobidek aitortu duenez, sormen prozesu hura luze eta intentsiboa izan zen aktore taldearentzat: “Lehenengo hogei egunetan ikastaro trinko antzeko bat egin genuen. Egia esan hasiera nahiko traketsa izan zen, ez baikeunden ohituta horrela lan egiten. Santiagoren eredua ulertzeko denboratxo bat behar izan genuen”.
Aktoreek eginiko inprobisazio guztiak bideoan grabatu zituzten, ondoren, bertatik erabilgarria iruditzen zitzaien materiala hautatzeko.
Komedia grisa
“Murphy gainetik kendu ezinda” galtzaileen komedia bat da, desesperaziotik oso gertu dauden pertsonaiei buruzko antzezlana. Oscar Terol, Aitor Gabilondo, Nagore Aranburu, Patxi Perez eta Olatz Beobide dira hauek gorpuzten dituzten aktoreak (Ana Pimentak Beobideren lekua betetzen du gaztelerazko bertsioan).
Murphyren jarraitzaile sutsu bilakatu den pertsonaiak ikuslearen eta eszenategiaren arteko horma apurtzen du emanaldiaren lehen minutuetan. Honek tostada itxurako esku-programa airera jaurtitzeko proposatzen dio publikoari, Murphyk aurreikusi bezala tostada mantekilaren aldera eroriko dela frogatzeko. Gainontzeko pertsonaiek euren bizitzako pasarte ezberdinak erakutsiko dizkigute, giza sentimenduen puzzle bat osatuz. Etxe zuloan porno bideoak etengabe ikusten dituen etxekoandrea, lanik topatzen ez duen neskatila eta gizonekin ezer jakin nahi ez baina hauekin maitemintzea ekidin ezin duen emakumea dira protagonistetako batzuk. Salamancatik Euskal Herrira etorkizun bila etorri den gazteak ere Txomin Artolaren “Goizeko euri artean, guardasolarik gabe, eskuak sakeletan pena bat bihotzean...” kantatzen du, amak “badaezpada ere” euskara irakatsi izanak bizitzan gehiegi lagunduko ez diola konturatzen hasia den bitartean. Murphy zeharka azaltzen da guztien bizitzetan.
Pertsonaia ezberdinen joan etorriak eta denbora zein espazio aldaketa azkarrak errazteko Jose Ibarrolak eszenografia eta jantzi neutroak sortu ditu, ikuslearen irudimena gehiegi ez mugatzeko xedearekin. Rafa Mojasen argiztapenak eta Iñaki Salvadorrek sortutako doinuek giro ezberdinak sortzen laguntzen dute.
Ikuskizunak komedia kutsua duen arren, ikuslearen irribarrea ezerosotasunaren adierazle bilakatzen da maiz, gai gogorretatik arinetara oharkabean jauzi egiten duelako antzezlanaren argumentuak.
Egungo umoreak pertsonaia bakoitzaren atzean dagoen gizakia ahazten duela uste du obraren zuzendariak: “Telebistak umoreari buruzko klitxe bat sortu du, nire ustez parodiatik gertuago dagoena komediatik baino”.
Vaivenen azken lanaren sormen prozesua batez ere gazteleraz gauzatu da, eta hortaz, euskarazko bertsioak izaera propioa izan zezan, ahalegin berezia egin behar izan du Nagore Aranburuk. “Euskara ikuslearengana gerturatzeko tresna gisa erabili nahi izan dut. Itzulpena ez da beste munduko gauza, ez bainaiz filologoa, baina antzerkia ezagutzen dut eta, beraz, ikuslearentzat arrotza den hizkuntza ekiditen saiatu naiz”, dio.
Behin estreinaldia eginda antzezlana Euskal Herrian zehar aurkezteko asmoa du Vaivenek, nahiz eta oraindik ez duten emanaldien data zehatzik.
Nor zen Murphy?
Murphyren legeen jatorria ez dago batere garbi. Legendak dioenez, 1949an Ameriketako Estatu Batuetan NASArentzat lanean ari zen Edward Murphy izeneko ingeniari batek “gauzak gaizki joan badaitezke, gaizki joango dira” oihukatu zuen esperimentu batean pieza batzuk beti gaizki funtzionatzen zutela ohartuta. Handik aurrera bere lankideak “Murphyren lege” gisa izendatzen hasi omen ziren egunero jazotzen zitzaizkien oker ekidin ezinak. Ordutik, hamaika argitalpen egin da lege hauen inguruan. Hona hemen lege ezagunenetako batzuk: “Tostada beti gurinaren aldetik erortzen da”, “egin barre, bihar okerrago izango da eta” edo “Ezer ez da dirudien bezain erraza”.