Duela urtebete, Artedrama antzerki taldeen plataformak, eta Leioako kultur aretoak, Kultur Leioak deituriko hitzarmena sinatu zuten. Honi esker, Artedramak erresidentzia iraunkorra du Leioako aretoan, eta euskal sorkuntza sustatzea eta bultzatzea helburutzat jotzen da. Elkarlan honen fruitua da, hain zuzen, Kultur Maratila, euskal sorkuntzari eta euskara hutsezko lanei eskainitako astea. Aurtengoa bigarren edizioa dugu.
Ana Lopez, Kultur Leioako zuzendaria dut telefono hariaren beste aldean, otsailaren 28tik aurrera egingo den Kultur Maratila dugu hizpide. Euskara hutsezko lanak erakustea eta euskal sorkuntza bultzatzea du xede ekimen honek, eta horretarako “ahalik eta programa zabalena eta anitzena ekarri nahi izan dugu geurera”. Programa orekatua eta berria eskaini nahi dute.
Kultur Leioak badu bere marka, bere lerro estetikoa, eta Maratila bat dator lerro horrekin. Euskal sortzaileak zertan dabiltzan erakutsi nahi izaten da programa honetan. Ana Lopezen hitzetan, ez dute gaztelerazkoek bezainbeste jende biltzen, “eta horregatik saiatu behar gara publikoa sortzen, euskarazko antzerkira joateko jendeak ohitura har dezan ahaleginak egiten. Eskaintza egitea ezinbestekoa da, geure sorkuntza delako, eta apustuak nabarmenago izan behar du, bertakoa delako. Ez da erraza, ordea, publiko berria erakartzea”.
Artedrama antzerki taldeen plataformarekin batera egindako ekimena dugu Kultur Maratila. Dejabu, Le petit Théâtre du Pain, Sivom Artzamendi eta Huts Teatro antzerki taldeak biltzen ditu Artedramak. Azken talde horretako arduraduna dugu, hain zuzen, plataformako bozeramalea: Iñigo Ibarra. Alegia, Ander Lipus antzezlea. Kultur Leioan dute egoitza. Lipusek argitu digunez, “Aulestiko topaketen esperientzia zabaldu nahi genuen Leioara —Artedrama Laborategiak asteburu osoko topaketak egiten ditu urtean behin, Aulestin, antzerkigile eta antzerkizaleei zuzenduta—. Jakina da errealitate soziala ezberdina dela, baina hala ere, euskal sorkuntzari egokitutako astea antolatu nahi genuen Kultur Leioan, arte eszenikoen jaialdia edota topaketa, edo gisako zerbait”.
Aurrerago aipatu bezala, bigarren edizioa dugu aurtengoa, eta antzerkiaz gain musika, bertsoak eta performantzak ere programatu dira. Lipusek dioskunez, “Herri batzuetan euskarazko programazioak ez du publiko handirik ekartzen. Gurea, burugogorkeria da, eta espero dugu, apurka-apurka Leioa publiko euskaldunez betetzea. Oraindik lan handia egin beharra daukagu, baina tira, horrelakoa da gure ofizioa. Batzuetan arrakasta lortzen dugu eta besteetan arrastaka gabiltza”.
Programazio anitz zabala
Aurtengo Kultur Maratila otsailaren 28an hasiko da, eta estreinaldi batek jarriko du abian, Iragan perfektua obrak. Horman Poster Bilboko antzerki taldearen azken lana da. Nahiko programa zabala da, arte disziplina anitz aurkezten dituena. Euskaraz pentsatu eta sortutako proiektuak dira. Lipusen ustez, “proposamen estetiko ezohikoak dira kasu batzuetan, eta horrek progama interesgarria osatzen du. Hau da, disziplina askoren arteko lotura eta jokoak ekarriko ditu”.
Iragan perfektua antzezlana “argazki album bat da. Iraganeko argazki sorta bat mahai batean bota eta banan-banan jasota, bakoitzari buruz zerbait gogora ekartzeko ariketa”, azaltdu digu Horman Poster taldeko kide Matxalen de Pedrok. “Irudien koreografia bat dela esan daiteke, 70eko hamarkadako irudi sorta baten dantza. Gure memoriako artxibo historikoa osatzen duten argazkiekin harreman jolasti bat eduki nahi genuen eta nolabait elkarrizketa historiko bat ireki ikusleekin. Berez, gure sormen lanaren arabera gorputz eta mugimendu mota bat proposatzen dugu, ikuslegoarekiko harreman jakin bat sortu ahal izateko. Kasu honetan, objektu garrantzitsuenak historiako irudiak direlako, gure akzioek eta gorputzek haiei ematen diete leku nabarmenena”.
Maratilan estreinatuko den antzezlan honetan memorian eta errepresentazioaren eremuan murgilduko da Horman Poster taldea. “Memoriaren espazioa kolektiboa da batez ere. Gogoratzen dugunak esangura kolektiboa edo soziala izaten du bere jatorrian. Aldi berean, gogoratzen dugun horrek gure etorkizunaren itxura ezagutzeko balio digu. Kontatutako gauzek eta berreskuratutako aztarnek iraganaren puzzlea osotzen dute. Memoria pertsonalaren eta historiaren bertsio ofizialaren arteko marruskadura oso interesgarria da. Historia ofizialak ere gauza asko ahazten ditu. Batzuk nahita eta beste batzuk nahi gabe”, argitu digu Matxalen de Pedrok. Bere ustez, Kultur Maratila “euskarazko arte eszeniko garaikideak bultzatzeko aukera oso ona da”.
Metrokoadroka kolektiboak ere bere azken lana taularatuko du martxoaren 1ean, Poza: Zergatik dantzatzen duten bosniarrek?. Bilboeszenan egindako lanaren emaitza da azken hau, BAD jaialdian work in progress edo erabat amaitu gabeko lan gisa aurkeztu zena. Badirudi, Oier Guillan, Asier Sarasola, Ander Fernandez, Idoia Beratarbide eta Jabi Barandiaran biltzen dituen taldeak bukatutzat jo duela pozaren eta edertasunaren inguruko lan hau. Hitza nagusi, poesia sarritan protagonista, eta beste disziplina batzuk ere taularatuko dira antzezlan honetan, hala nola, irudia edo musika.
Egun berean, Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso musikariak Bi arreba izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute. Chopin piano-jotzailearen eta Xenpelarr bertsolariaren arteko enkontrua da Bi arreba berezi honen istorioa. Musika klasikoa eta bertsoak batzen ditu.
Martxoaren 2an, ikuskizun guztiak izango dira Kultur Leioa aretoan. Rouge Eléa antzerki taldeak Biutz obra antzeztuko du. Ceuta (Espainia) eta Marokoren mugan dagoen pasabide baten izena da Biutz. Mugak, ezagunak zein ikusenzinak, izango ditu hizpide Rouge Eléa taldeak. Gauez, berriz, Anariren kontzertua izango da gozagai.
Ez Dok Hiruk ere bere azken lana eskeiniko digu martxoaren 3an: Lingua Nabajorum. Euskararen historia azalduko digu obra honek, Patxo Telleria aktoreak argitu digunez: “Bi txoriburuk kontatua da. Hizkuntza nola sortu den azaltzen dugu, hastapenetik (soinuak, onomatopeiak), gaurdaino (batua). Historia istorioz istorio kontatzen dugu, garai desberdin bakoitzean, neolitikotik hona, gertaera sozial edo politiko baten kariaz, hizkuntza sortzea eta bilakatzearen prozesua kontatzen dugu. Baina ez larritu, modu erabat azientifiko eta inmoralean kontatzen dugu. Ideia bat egin dezazun, Euskaltzaindiak ordain sari bat eskaintzen dio hilik ala bizirik harrapazten gaituenari”.
Azken taularatze honetan, dena den, bilakaera txiki bat izan da, Ez dok Hiru taldeko kideak azaldu digunez: “teatralizazio gehiago dago, aurrekoetan ez bezala pertsonaia desberdinak antzezten ditugu. Aurrekoetan Patxo eta Mikel bezala agertzen gara beti, hasi eta bukaera arte. Monty Python-en ikutua dauka, nolabait esateko”.
Maratila bezalako ekimenei ondo deritzo Patxo Telleriak. “Gure esperientziaren arabera, ekitaldiak ekimen orokorrago baten barruan kokatzen direnean, alegia festibal, jardunaldi edota aste kulturaletan,jendearen erantzuna nahiko ona izaten da, ekitaldi soil eta isolatu bat denean baino hobea. Publizitate babes handiagoa dago, eta jendeak informazio zehatzagoa jasotzen du”.
Zentzu horretan, onuragarria dela dio. “Maratila, euskara hutsez programatua izaki, apustu handia da, Leioan baita. Ezin daiteke antzeko kasuekin konparatu, esate baterako Azpeitiko Jaurdunaldiekin. Haiek ere euskarazko antzerkiaren erakusleiho dira, baina zonalde ia erabat euskaldunean egiten dira. Leioako errealitate linguistikoa bestelakoa da. Apustu ausartagoa da berez”. Telleriaren ustez horrelako ekimenek denbora behar dute sendotzeko, eta denboran irauteko aukera ematen bazaio, urtez urte indartuko dela ziur da.
Prezioa 6 eta 8 euro artekoa da sarrerako. Krisi garaietara egokitutako prezioa da. Bestalde, Bonomaratila eskuratzeko aukera ere bada, eta horrek, 6 ikuskizunak 30 euroren truke ikusteko aukera emango digu. Ander Lipusen ustez, “Bada alderantzizkoa pentsatzen duenik ere, alegia, garestia dela. Eta krisia?! Antzerkia beti krisian da. Hala ere, erakargarria da eskaintza”.
Sortzaileak kudeatzaile
Baina, noiz bilakatu dira antzerki taldeak eta sotzaileak kultur kudeatzaile? Ander Lipusek eman digu erantzuna: “Ofizio bat maite duzunean, eta ofizio horretan gabeziak ikusten dituzunean, ezinbestekoa bilakatzen da, esparru zabalago batean lan egitea. Nire kasuan hala da behintzat. Etengabe berrasmatzen ibili beharra daukagu. Antzerki lan bakar batean aktore gisara aritzea, egun, Euskal Herrian, ez da posible. Bestalde, egungo sistemak ez dio antzerki taldeen arteko erlazioari laguntzen. Gure kasuan, taldeekin erlazio zuzena izaten ahalegintzen gara. Gure izaerak badu Iparraldeko Le Petit Théâtre de Pain eta Harri Xuri-ren dinamekiarekin zerikusia”.
Hortan dago, antza, euskal antzerkigintzaren gakoa. Proiektu apalak dira gehienetan, formatu txikikoak. Patxo Telleriari azken urte hauetan eskaintza ugaritzen ari dela iruditzen zaio, “baina formatu txikiko ikuskizunak dira ia beti. Ez dago industria teatrala obra handi eta potenteekin arriskatzeko, eta hori penagarria da. Euskal antzerkiak beharko lukeelako noizean behin arreta erakartzen duen muntaia totemikoren bat, gure autoestimua eta prestigioa haizatzeko”.
Publiko berria erakarri, sortu eta bultzatu beharra dago. “Esango nuke —dio Lipusek— herri bakoitzean ezberdina duela egoera, eta leku edota espazio bakoitzak bere nortasuna duela, edo beharko lukeela. Leku batzuk alternatiboagoak dira eta beste batzuk instituzionalagoak, baina argi dago euskal kulturak leku guztietan egon behar duela”.
Hala ere, Patxo Telleriaren ustez, euskal antzerkigintzak izan du bilakaera: “Azpiegiturak, batez ere, ikaragarri aldatu dira. Duela hogei urte imajinaezina zen gaur daukagun antzoki publikoen kopurua. Hauxe da, agian, aldaketarik nabarmenena. Orokorrean oso poztekoa da, baina batzuetan oreka falta nabarmena da. Herri batzuetan antzoki sobera haundiak egin dira, eta hain handiak izaki, manteurako ere garestiegiak eta ia ez da dirurik geratzen programaziorako.
Bestalde, programatzaile eta banatzaileen artean profesionalizazio handia gertatu da, eta hau ere bi alde dituen txanpona da. Bere gauza onak ditu, “baina funtzionarizaziorako” joera ere nabarmenegia da, hitzaren zentzurik txarrenean. Beste arlo batzuetan, aldiz, ez da batere aurrera egin. Nahiko deigarria da herri honek ez izatea Antzerkirako Heziketa arauturik, ez Antzerki Nazionalik, lehen aipaturiko “obra totemikoak” egin ahal izateko.
“Kultur erresistentzia etengabean bizi garen unetik, euskararekiko konpromezuak handiagoa behar du izan, eta denona”, ondorioztatu du Telleriak, “asko borrokatu behar da, baina tira, argi dago, gure hizkuntza gutxiagotu honetan gauzak zailagoak direla batzuetan. Bitxia da erdal munduaren jokaera. Galdera bat eta bera egiten digute euskara hutsean denean: ‘eta gaztelaniaz ez duzue egingo?’. Gaztelaniaz denean, berriz, ez zaie galdera bururatzen: ‘eta euskaraz ere ez duzue egingo?’”.