Maiatzaren 16tik 19ra bitartean, diziplina eszeniko ugaritako artistez beteko dira Leioako kaleak. Umore Azokak eramango ditu, Euskal Herrian egiten den handienetakoa da, eta 14. edizioa du aurtengoa. 54 ikuskari erakutsiko dira lau egunetan. Horietatik 14 erabateko estreinaldiak izango dira, eta beste 5ek, lehen erakustaldia izango dute plazan. Euskal Herriko 12 konpainiak hartuko dute parte.
14 urte dira Leioako Umore Azoka antolatzen dela. Duela 18 urte sortu zen, ordea, “umore jaialdi gisa”, ekimen honen zuzendari Ana Lopezek azaldu digunez. Halabaina, bertako taldeei begira egiten zen hasieran, eta areto itxian. 2000 urtean, publikoaren harrera beroa eta euskal antzerkien eskaera zabala ikusita, gaur egun ezagutzen den dimentsioa eman zitzaion. Urteak joan ahala kale arteetako eraskusleiho bihurtu da Umore Azoka. Alde batetik umore jaialdia da. Bestetik, eta azoka edo merkatua denez, ikuspegi komertziala ere badu, hainbat programatzaile bertaratzen baita preseski. Halaber, mundu honetako profesionalen topagunea ere bada, esperientzia eta informazioa partekatzeko gunea.
Leioako Umore azokak kale arteen erakusleiho handia izan nahi du, euskal taldeentzat ez ezik, nazioarteko kale sortzaileentzat ere. Aurten erakarriko dituzten artistek disziplina ugari plazaratuko dituzte: antzerkia, dantza, musika, zirkoa, klownak, txontxongiloak, instalazioak, performancea… Eta denek bat egingo dute Leioako kaleetan. Aurtengo bereizgarria Pinosolo parkea izango dute halere, zenbait proposamen asfaltutik atera eta hango zelaietara eramango baitituzte. Besteak beste, zirkoa.
Ana Lopezek dioskunez, egun seinalatuak dira Leioan: “Urtez urte hezitu den publiko aditua dugu dagoeneko. Jendeak ondo ezagutzen du gure funtzionamendua eta programazioa, beharala daki zer duen gustuko”. 30.000 ikusle espero dituzte guztira.
Euskal konpainiei dagokienez, antzerkia eta dantza lantzen duten taldeak bertaratuko dira batik bat. Antzerkia baliatuko duten sormen lanen artean, Gaupasak eta Nacho Vilar Produccionesek ondu duten Typical obra ibiltaria dugu, topiko zaharrak berreskuratu eta agerian utzi asmo dituen saioa. Ipso Facto taldeak Auzokideak baino + eszenaratuko du, auzo berri batera aldatutako familia baten gorabeharak azaltzen dituen lan umoretsua.
Deabru Beltzak taldeak Drumbreak estreinatuko du azokan. Perkusioa eta Breakdancea ditu ardatzak. Taldeko zuzendari Garbitxuk esplikatu digunez, ikuskizun honetan estiloa aldatu dute, sua izan baitute betidanik perkusioaren lagungarri. Bestalde, ez da ikuskizun ibiltaria izango. Hiru dantzari eta perkusionistak arituko dira, beraz, emanaldi estatiko honetan. “Muntaia berri honekin —azaldu digu Garbitxuk—, Euskal Herrian barrena arituko gara lehendabizi, eta gero atzerrira atera nahi genuke”. Aurrekoetan bezala beste herrialde batzuk bisitatuko ditu Deabru Beltzak taldeak. “Drumbreak krisi garai hauetara egokitutako lana da”, jarraitu du zuzendariak, “taldea murritzagoa da eta katxea ere merkeagoa”.
Breakdance edota hiri dantzan oinarritu du Alegiko Ertza taldeak ere 4x4 ikuskaria. Ezberdina izateko eskubidea aldarrikatzen du lan honek. Ertza dantza taldea 2004an sortu zen. Asier Zabaleta zuzendariak kontatu digunez, Suitzako Alias konpainian 5 urte egin eta gero, Euskal Herrira itzuli eta bere proiektuak aurrera atera ahal izateko sortu zuen Ertza. Ordutik, 10 aretoko obra eta 6 kale ikuskari ondu dituzte, eta 20 herrialdetan erakutsi dituzte. Ertza ez da konpainia finkoa. Proiektu bakoitzeko, lan horretara egokitzen den jendea bilatzen dute. Zabaletaren hitzetan, “4x4 ikuskari freskoa da, oso bizia. Hip hop eta breakdanceko 4 dantzarirekin sortua. Benetan izugarria da dantzari gazte hauek egin dezaketena. Erritmo zoroa dauka eta arnasa galdu arte jarduten dute laurek”.
Kalean edo areto itxi batean izan, dantza moldea arras aldatzen dela argitu digu Zabaletak: “Batetik espazio fisikoa bera aldatzen delako eta bestetik dantzari eta ikuslearen artean sortzen den erlazioa ere bestelakoa delako. Kalerako sortzen den ikuskizunak zenbait elementu berezi izan behar ditu kontuan. Hau da, ikuskariak egokitu behar du kalera eta ez alderantziz. Kalean ez dago dantzaria goratuko duen oholtzarik eta ondorioz ikuslea dantzariaren mailan kokatzen da, aurrez aurre. Eta interesgarriena, antzokira inoiz joango ez denik ere topa dezakezu. Horixe du garrantzitsua nire ustez, dantza zaleak ez direnei gure lana helaraztea, haiengana jo behar baitugu ikuslegoa zabaldu nahi badugu”.
Umore hutsa
Trapu Zaharra antzerki taldeak aski ondo ezagutzen ditu kale antzerkiaren nondik norakoak. Aurtengo Umore Azokan lan berri bat estreinatuko dute: Gezurtiak. Euskarazko bertsioa Mikel Laskurainek eta Javi Barandiaranek antzeztuko dute.
Taldeko zuzendari Santi Ugaldek 30 urte daramatza lan honetan jo eta su, eta ibilbide luze honetan kolore guztietako garaiak bizi izan dituztela dio: “Ezkontza zahar baten antzekoa da, hasieran dena dago egiteke, garai apasionatuak bizi dituzu. Bestetan, kritikoagoa zara, garai nahaspilatsuak datoz, egiten duzuna kolokan jartzeko aukera duzu. Nire ustez, ofizio honek duen pozoia barruan daramazu. Batzuei beste batzuei baino gehiago eragiten die”. Umorea baltsamoa da Santi Ugalderentzat. “Umore naturala, bazkari on baten osteanlagun talde batekin senti dezakezuna, bizirauteko ona da. Fabrikako umorea, guk egiten duguna, libragarriagoa da, baina behin-behinekoa”.
Kaleko antzezlanei 30 urte eman eta gero, Santi Ugalderentzat ez dago antzerkirako leku aproposagorik kale izkina baino. “Dekoratua ezin da hobetu, eszenografia bizia da, zer esanik ez dago bertatik igarotzen diren aktoreei buruz, egia dario leku guztietatik. Kale izkinaren literaturarik apenas dago, bizitza bera da. Luxua da sortzaile artifizialarentzat”.
Horregatik, kaleko arteetan publikoarekin sortzen den harremanari ere ezinhobea deritzo Ugaldek: “Kalea espazioa publikoa da, doakoa, aterik gabekoa, eskuragarria da nornahirentzat, auzotarra izan edo kanpotik etorri, baita animalientzat ere. Kalea, oraindik ere, topaketarako gunea da. Espazio honetan, ikuslea zutik dago, irekita, parte hartzen du, biribilean, txistu egitez batzuetan, kolaboratu besteetan. Kalean denak bat egiten du eta horrek ematen dio berezitasuna”.
Ezin izan ditugu aipatzeke utzi, egun arte biziek pairatzen duten egoera. “Neurgailu ekonomiko guztiek diote soberan gaudela —kexatu da Ugalde— arte mota hau, aretoetan egiten dena, entretenimendu burgesa dela, eta kale antzerkia, erromeriak edota su artifizialak lez, desagertu egingo dela. Mota honetako azokak, gu bezala, berkokatu egin behar ditugu. Bitartekari gehiegi dago. Nire ustez, eskala handiko kooperatibismoak besterik ez gaitzake salba”.