Arriaga Antzokia (Bilbo), 2017-10-20. Testua: Bernardo Atxaga. Zuzendaritza: Calixto Bieito. Aktoreak: Joseba Apaolaza, Ylenia Baglietto, Gurutze Beitia, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztaņaga, Iņake Irastortza, Karmele Larrinaga, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoy.
Calixto Bieito burgostarra prestigio handiko zuzendaria dugu; Europako antzoki garrantzitsuenetan eskaini ditu bere lanak eta baita zenbait sari aipagarri jaso ere. Arriagaren zuzendaritza artistikoa berari emandakoan, badirudi nazioarteko ospea lehenetsi egin zela, kontuan hartu gabe Bieitok ezin dituela euskal sorkuntzak ulertu. Alegia, Bilbon errotu den Guggenheim-ideologia antzerkian aplikatuta: kanporako irudia izugarri zaindu, bitartean barneko beharrei eutsi gabe.
Hala ere ez nuke esango Bieitoren ekarpena txarra denik. Uste dut Arriagaren norabide artistikoa askoz interesgarriagoa dela orain, eta, euskal antzerkia oraindik baztertuta badago ere, hobetzeko zantzu txikiak daudela. Esaterako, asteburuko kartelera erdararentzat erreserbatuta egon da beti; oraingo obra hau ordea asteburuan programatu da.
Bieitok Arriagan bere gain hartu duen estreinako proiektua ez da nolanahikoa izan: zer eta Obabakoak. Atxagaren testu ospetsua taularatzea erronka handia zen eta Bieitok beldurrik gabe ekin dio. Ausardia hori txalogarria delakoan nago; atera duen emaitza, ordea, ez da nire gustukoa izan.
Testu gehiegi dago eta gainera ikusleari oso modu astunean eskainita. Izan ere, errezitaldi izatetik gertu dago lana. Aktoreek Obabakoaken zati luzeak irakurri dituzte bakarrizketa moduko eszenak osatuz. Bitartean, gainerako aktoreek sinbologia lausoko mugimenduekin betetzen dute espazioa.
Horrez gain, Bieitok tonu garratza eta etsia lehenetsi du, testuetatik eromena eta oinazea nabarmenduz. Bere interpretazio pertsonala da hori, eta erabat zilegi du, baina oso urrun geratu da behintzat ikusle honek Obabaren munduaz gordetzen dituen sentsazioetatik. Izan ere, Atxagaren tonu hartan samurtasuna gakoa zelakoan nago; fatalitatea eta zorigaitza ere bai, baina beti gozotasuna darion giro ipuin-antzeko batean.
Naturalismotik urruntzean Bieitok asmatu du eta aktoreak ederki aritu dira, baina, tamalez, proposamen eszenikoa antzu iruditu zait. Izugarri garestia izan arren taularatzeak ez du lotura emankorrik lortu ikuslearekin eta, agian, ezta Atxagaren obrarekin ere.