antzezpen kritikak
< Jaitsiera bat infernura | Ahalegin antzua >
Hamaika hitz eta bat gehiago
Agus Perez
Berria, 2017-10-21
“Obabakoak”

Egilea: Bernardo Atxaga. Bertsioa eta zuzendaritza: Calixto Bieito. Eszenografia: Susanne Gschwender. Jantziak: Sophia Schneider. Proiekzioak: Sarah Derendinger. Musika-moldaketak: Carlos Imaz. Antzezleak: Joseba Apaolaza., Ylenia Baglietto, Gurutze Beitia, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztaņaga, Iņake Irastortza, Karmele Larrinaga, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoi. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 20.

      “Hamaika hitz eta bat gehiago”. Horrela esaten dio Obabakoak eleberriko pertsonaia batek ea zenbat hitz gogoratu behar ditugun galdetu diotenenean. “Hamaika ahotsentzako konposizio poetikoa, bisuala eta fisikoa izango da”, zioen Calixto Bieitok estreinaldiaren aurkezpen ofizialean. Nik, ordea, hamabi aulki zenbatzen nituen han, baina hamabigarrenean zegoena Carlos Imaz zen. Bera izan da eszenaratze honen hoztasun ikaragarriari bere musika eta ahots moldaketekin gure izaeraren berri ia subliminala ekarri diona, eta Obaba estaltzen zuen izotz geruza polarra euskal kanta herrikoi batzuekin erdi klandestinoki apurtzen saiatu dena.

      Mila esker, Imaz, baina zure su apalaren aurka Europa erdialdetik gurean lehorreratutako ekipo artistiko osoa eduki duzu —dugu—, haiek modernitatearen ikur dituzten gristasuna, kolore-gabetasuna eta zerebraltasuna lagun. Horrela gertatu da hala jantzi gatzgabeetan nola argi itsugarri zurietan, bideo-proiekzio gatzgabeetan eta eszenografiaren diseinu lehorrean. Eta bai, bizikletak ikusi ditugu, hamaika bizikleta hain zuzen, baina zorionez ez dira aspaldiko maletak eta euritakoak agertu, seguruenik honezkero Bieitok berak gorroto dituelako, garai bateko nostalgiari emandako hamaika muntaiatan ikusi ostean. Gastu bat gutxiago mega-ekoizpen honetan.

      Dispositibo eszenikoan, ordea, ez diote diruari begiratu, eta Cirque du Soleilen mailako ingeniaritza-egitura ikusgarri baten esku egon da agertokiko gainaldetik mikrofono ugariak unean uneko altueran kokatzen eta pantaila zuri ugariak gora eta behera, aurrera eta atzera mugiarazten. Pantailetan izandako proiekzioak hutsaltasunaren paradigmatzat jo ditzakegu, eta ez dira une batez ere desagertu, lan honen sortzaile nagusiak horror vacui delako gaitzak jota belago bezala.

      Bitartean, Atxagaren maisulanaren aurrean Bieitok hartu duen bidea ezin izan da zapalagoa izan. “Zer daukat aurrean?” pentsatu omen du berak. “Hamaika istoriorekin egindako liburu bat?”. “Bada, erraza da —esan zezakeen Bieitok—, berdin dio literatura unibertsaleko maisulana izan zein ez izan: antzezle bakoitzari bere gloria-momentua eskainiko diot bakarrizketa banaren bidez, eta bitartean zer edo zer egin dezatela gainontzekoek, pedalei eragin, xederik gabeko talde eskultorikoak eratu, talde-koreografia leunak deskribatu…”. Kontua da proposamena kontakizunaren literaltasunean geratu dela trabatuta eta ezin izan diola idazlearen mailari eutsi, ezta urrik eman ere. Eskerrak aktore askoren jarduna Atxagaren mailakoa izan dela —Joseba Apaolaza, Miren Gaztaņaga, Eneko Sagardoi, Lander Otaola, Karmele Larrinaga… eta besteena ia haien pare geratu dela, ahotsen proiekzioen betiko arazoa kenduta eta mikrofonoek ahotsei egindako kaltea ez aipatzearren. Aktoreei esker igaro dira tentsioz beteriko bi orduak —ez naiz ari tentsio eszenikoaz, emaitza eszenikoak eman zezakeenaz baizik—, baina azkenean nik esango nuke “liburua nahiago”, zeluloidezko filma eta liburua marruskatzen ari ziren bi sagu haien antzera.