Egilea: Markos Goikolea. Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Antzezleak: Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitarte, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia. Eszenografia: Fernando Bernues. Jantziak: Ana Turrillas. Argiztapena: Xabier Lozano. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: urtarrilak 6.
Mireia Gabilondok zuzendutako Ez naiz inoiz Dublinen egon komediaren estreinaldia opari gisa etorri zaigu Errege egunean. Eta oparia diot, ez estreinatu duten datagatik, baizik eta lortu dutelako komedia garaikide eredugarri bat altxatzea topikoetan erori gabe. Bada, kasu honetan Markos Goikoleak ederto erakutsi digu generoaren trikimailu guztiak ezagutu eta maisuki maneiatzeaz gain, gaia eta azpigaiak planteatzeko garaian, toki zaharruno, astrakan kanfor usaindun eremuetatik urrun dabilela. Hori badaezpada diot, bereziki, komedia klasiko tankerakoak mespretxatzen dituzten lagun minentzako. Komertziala? Bai. Eta baita testu bikainekoa ere; hortxe laburpena (eta irakaspena).
Komedia garratza eta aldi berean zoroa, erritmo bizikoa, barre-algaretan ikustekoa eta oso ondo antzeztua. Horixe baietz erregalua. Abiapuntuak ekarri digu gogora Stanley Kramerren Gess Who’s Coming to Dinner filma, non familia zuriko alabak bere bikotekide beltza aurkeztuko dien aita-amei, familiaren arrazakeria azaleratuz, eta kontakizuna drama aldera lerratuz. Aitzitik, antzezlanean elementu guztiek barregarritasunaren alde egingo dute aipatu filmean ez bezala. Horrela, alaba Elena haren neska lagun irlandarrarekin Londrestik dator Eguberriko afarirako. Hiru urte pasatu ditu gurasoekin hitz egin gabe, minduta, baina aurten, haserrea alde batera utzita, haren bikotekidea aurkeztea erabaki du. Kontua da eta hona hemen argumentuaren kliskagailua- Cindy, neska kanpotarra, ikusezina dela. Publikoa eta anaiak hasieratik horren jakitun dira, baina gurasoak ez, eta hartara, afarirako lehenbiziko gaizki-ulertu eta endredoak ondo platereratuta etorriko zaizkigu. Errainaren bitxikeria alboratuta, familia arrunt horretan, antza, ez da ezer berezirik gertatzen, baina pertsonaia bakoitzak ezkutuko arazoak ipiniko ditu mantel gainean. Ai! Gabonetako otorduetako miseria barregarriak!
Gabilondok tonu eta abiadura egokia aukeratu ditu. Aktoreen arteko errepliketan oreka eta euste-jarraibideak nagusitu dira. Eszenografian, eszenen mugak azpimarratzeko argien intentsitatearen aldaketak aipamen berezia merezi du, errekurtso sinple bezain eraginkorra dena. Terrazako ideia ere primeran ekarria dago komedian hain garrantzitsuak diren sartu-aterak ahalbidetzeko.
Esanak esan, Ez naiz inoiz Dublinen egon obrak bide luzea eta oparoa egingo duela uste dut. Aurreko urteetako Kepa Errastiren Erlauntza-ren arrakasta bertsukoa izango dela aurreikusten diot denboraldi honetan honi. Euskal Herrian barne nahiz kanpo, orain antzezlan moduan, eta akaso, etorkizunean gidoi zinematografiko gisa. Antzokiak ikuslez beteta egongo direla iragartzen dizuet, eta ni ez naiz ez ausartegia ez igarlea.