Konpainia: Metrokoadroka. Zuzendaritza: Marina Suarez Ortiz de Zarate, Oier Guillan. Aktoreak: Maite Aizpurua, Edurne Azkarate, Javier Barandiaran. Argiak: Junki Mayo. Eszenografia laguntzailea: Alvaro Ledesma. Lekua: Lesakako Harriondoa kultur etxea. Eguna: Abenduak 17.
Miss Karaoke-ren ondoren, indartsu dator Metrokoadrokaren proposamen berria. Antzerki postdramatikoaren dramaturgian esperimentatzen jarraitzen dutela, telebistako sitcom-en (egoera komediak) mekanismoak abiapuntu hartu dituzte Zeozertan-en. Taldekoak jolasti eta ausart azaldu zaizkigu, publikoaren aurrean porrot egiteari beldurrik izan gabe, esango nuke nik; eta hartara, berriztatzailea izateko gogoz jaioa dugu Zeozertan.
Umorearen makineria ikertzen jarrita, telebistako estudioetan grabatzen ziren komediak imitatu dituzte, esaterako, aspaldiko Lucy Ball-en show-a eta ez hain aspaldiko Friends edota The Big Bang Theory. Horietan, elkarrizketen bitartez bideratutako umore txotxoloa grabaturiko barre-algarekin batera eskaintzeko ohitura dute, eta, gainera, serie zaharrenetan, bikoizketan aktoreek era guztiz artifizialean lokutatzen zuten. Bada, Zeozertan-ekoek, bi ezaugarri horiek baliatuta, atetik azaltzen den ezustearena ere erabili dute barrerako elementu gisa. Hona hemen egongela, hona hemen chesterton-a, hona hemen ate hori non behin eta berriro elementu absurdo bat agertuko zaigun. Zeozertan-ek Ionescorengandik edaten du zuzenean, eta Becketten gaien seriotasunean bilatzen du aterpe. Horra hor eszenen errepikapena aldagai txiki batekin, eta horra hor, galdera erretorikoak sorgin zirkuluan: Zer da familia? Gu familia bat gara?... Horra hor, barregarritasunaren muinean, oinarrizko kezkak. Eta horra hor Metrokoadrokak bere dramaturgia-liburuan beste kapitulu bat idazten duela Javi, Edurne eta Maite izeneko aktore eta pertsonaiekin.
Haien iragarki bati erantzun dienaren zain daude hirurak etxeko egongelan. Bitartean, elkarrizketa arin bezain filosofikoei eusten diete joan-etorriko bukle zoroan. Antzezteko moldeak Hanna Barberaren hainbat marrazki bizidunen jarrera gogora ekartzen digute dantzan eta gorputz mugimendu eroetan ibiltzen ez direnean. Musika nahieran erabili dute: barrokoa, musika elektronikoa, popa... —aipatzekoa hemen Maite Aizpuruaren kanturako talentua—. Esango nuke, formalki, proposamen postdramatikoen munduan ekarpen sendoa egin nahi duen antzerki lan honetan koktela dela zidorra, legoa dela kaminoa, umorea eta askatasuna direla balbea. Horiei guztiei gehituko nieke heldutasunarekin iristen zaigun nostalgia pixka bat, Verano Azul seriearen melodia txistukatu zutenean antzeman genuena. Horratx, malenkonia pittin bat, gure garai modernoen osagarria. Orduan, Doppelgängerr-en eszena akordura ekartzen dut eta hizpide serioez barrez hasten naiz, adibidez: Zer da publikoa antzerki postdramatikoan? Zeozertan-ek horretaz ere hitz egin baitigu. Eta ikusle hau, berriz ere barrez.