Konpainiak: Artedrama & Axut. Idazlea: Harkaitz Cano. Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Antzezleak: Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Ruth Guimerá, Eneko Gil, Ane Sagüés, Jon Ander Urresti. Eguna: urriak 23. Lekua: Donostiako Gasteszena.
Argiak oraindik itzalita izanik ere, taula gainean muntatuta dutenaren itzalak ikuste hutsarekin, kaotiko sentitzen dut bularra. Kosta egiten zait kokatzea. Hasi! Eta pertsonaiak hizketaldi bizian, ia harrapatzen ez ditudan dialogoetan, publikoaren begi aurrean arropa aldaketak, mila pertsonaia, pantailak, zenbakiak, titularrak. Intuitiboki, ez naiz ulertzen saiatzen, eta itolarria apaltzen joaten zait… Pixka bat. Zaldibar, pandemia. Halaxe izan ziren…
Irakurri berri dut Axut! eta Artedramak estreinatutako obra honen inguruan Ainhoa Mariezkurrenak “Argia”-n idatzitako artikulua: egun, gertakizunak segituan ahazten omen ditugu, orain dela urtebete pasa zena kadukatua da. Larritu egin naiz oroitzean, obra hasi eta berehala Zaldibarren kontuarekin egin nuen klik-a —lotsa pixka bat ematen dit baina tira—, halako zerbait izan zen memoria eta biok izan genuen konbertsazioa:
“Hau benetan gertatu al zen? Bai, baietz uste dut… Ezaguna egiten zait… Gogoratzen naiz berri hori amarekin ikusi nuela Teleberrin… A zer tragedia –esaten zuen, etsi denaren keinuarekin. Bada, honek orain dela 20 urteko zerbait behar du izan, ezinezkoa litzateke orain dela gutxi gertatu izana… Zer kuriosoa iragan hori pandemiarekin nahasteko erabakia”.
Gaiaren inguruan ikertzean jakin dut 2020ko urtarrilean jazo zela. Beharbada kezkatu egin beharko nintzateke nire memoria-funtzionamendua dela-eta, edo, besterik gabe, momentu hartan ez nintzen hondamendiaz gehiegi enteratu eta berria iritsi bezain aise joan zen… Leihotik sartzen den haize-bolada bat bezala.
Gogoratzen dut telebistako irudiak ikusten nituen bitartean zera pentsatzen nuela: nola ezingo dituzte gorpuak aurkitu? Eta amak gogorarazi zer den zabortegi bat, eta zer izan daitekeen zabortegi bat jausitako mendiaren azpian… Gure tamainako humanoentzat horrelako gauzak imajinatzea zaila izan daitekeenez, futbol estadioekin jolasten dugu: Anoeta X aldiz! esan behar digute begiak pixka bat zabaltzeko… Baina ez da nahikoa, ez gara gai horrorearen dimentsioa ukitzeko. Beharbada ez dugu ukitu nahi eta horregatik egiten dugu memoria selekzioa. Hori da Alzheimerra pairatzen duten gaixoen inguruan diotena: haien bizitza ilunegia edo tristeegia izanagatik, nahiago omen dute ahantzi, eta berriro ume izan.
Hasieran aipatzen nuen moduan, antzezlan kaotiko bat da Hondamendia, erritmo bizikoa, baita bisualki ere: argiak noraezean dabiltza aktoreen eskutik eskura eta espazioaren erabilera oholtzatik harago doa. Komedia eta drama konbinatzen dituzte, groteskotik, parodiatik eta ironiatik tiraka, epai zorrotzak plazaratuz: euskal gobernuaren diru-goseak eragin dezakeen ankerkeria eta zinismoa, komunikabideen maila eskasa edo telezaborra, osasunaren kontura egiten diren negozio ilunak, interes ezkutuak eta sekretuak… Oraindik argitu ez direnak. Ez dakigu egia osoa, baina zuzendariak ondo adierazi duen moduan, antzezlan honen helburua ez da egia jakinaraztea edo kasu bat argitzea, gertakari baten inguruko gogoeta kolektiboa egitea baizik. Gainera, egia ez da inoiz bakarra izaten, subjektiboa delako edo hainbat alderdi dituelako… Obran profeta kutsua duen pertsonaiak esaten duen moduan: “Egia ez da inoiz bukatzen, ez du azken punturik”.
Hainbeste hitz, kantu, dantza, pantaila, musika eta efektu bisualen artean, zurrunbilo batean sartu naute eta nolabait ukituta utzi: zentzu batean ulertzen dut zergatik eta beste zentzu batean, ez: intelektualizatu gabeko eremu bat aktibatu didate… Hori da, beharbada, lan hau miresteko arrazoi askotariko bat, eta haren boterearen erakusgarri.
Gai ozpin eta krisi existentzialen gainetik zazpi aktoreren artean bizia hartu duen herriarekin gelditzen naiz, humanitatea bera islatzen duen herri bat. Kantuz lagundu dute publikoa ateraino, eta hainbeste kirats artean elkarrekin gaudenaren maitasuna da nabari. Irribarretsu noa etxera bidean.