Taldeak: Axut, Artedrama. Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Idazlea: Harkaitz Cano. Antzezleak: Ander Lipus, Ane Sagues, Ruth Guimera, Jon Ander Urresti, Maialen Belaustegi, Maite Larburu, Manex Fuchs, Eneko Gil. Bideoa: Maialen Belaustegi. Koreografia: Philippe Ducou. Musika: Maite Larburu, Asier Ituarte. Eszenografia: Fran Dussourd. Argiak: David Bernues. Soinua: Philippe Barandiaran. Teknikaria: Ieltxu Ostolaza.
Etetera doan pitzaduraz jositako pareta. Oxigeno lagungarriarekin bizirauten duen gizarte aztoratua. Metronomo baten zehaztasunak neurtutako atzera kontaketa kaotiko bat. Egiaren bilaketa hutsala, komunikabideen gainbehera, politikagintzaren kiratsa eta kiloka zaborrek lurperatutako bi bizitza. Txinatik datorkigun birus arraroa, denok etxeratzen gaituen dekretua. Heriotzak non-nahi, kolapsua ospitaleetan, zabortegian, gure arimetan. Dolua, bikoitza zenbaitentzat. Katastrofe bat, katastrofe handi bat.
Zaila zait joan den larunbatean Hondamendia antzezlanean jasotako guztia sintetizatu eta lerrootan azaltzea. Beti da gertakizun berezia Artedrama eta Axut! konpainiek elkarlanean ondutako lan baten bira. Oraingo honetan, Debaju talde gipuzkoarrekoak ez dira gehitu abenturara eta ondorioz, inoiz baino aurpegi berri gehiago topa ditzakegu taula gainean. Hor mantentzen dira, bestalde, Fuchs anaiak —Ximun zuzendari gisa– eta Ander Lipus, euskal eszenak dituen izen propioetako hiru. Idazkeran ere aldaketa nabarmena, azken lau aldietan bidelagun izan dituzten Igor Elortza eta Unai Iturriagaren ordez Harkaitz Canori eskaini baitiote elkarlan iraunkor honen atal berria idazteko aukera eta erantzunkizuna. Ohituak gauzkate tragedia latzak erabiliz humanitatearen miseriak, pena eta ezinak indarrez islatzen dituen ispilua ikuslegoari begi bistan jartzera. Langileen egoera prekarioa Hamleten, frankismoak gizartean eragindako zauri oraindik bizizak Francoren bilobari gutunan edota heroinak gure herriari ezarritako ziztada mingarria pandemiak erditik moztu zuen Zaldi urdinan. Oraingoan, nire ustez, are krudelagoak diren gaiak dituzte aktoreek mintzagai, izen eta abizen konkretuak dituzten bi ezbeharrei, guztiok azpian harrapatu gintuen koronabirusaren pandemia gehitu baitiote. Gogorra koktela, zapore erabat garratzekoa eta irensteko desatsegina.
Material narratiboaren gordintasunaz jakitun izanik, Canok eta lantaldeak geruzaz osatutako disziplina anitzeko obra bat eskaintzen digute. Eszenaz kanpoko elementuak presente daude pantaila desberdin eta marrazki zein proiekzioen bitartez. Zabor artean gelditzen diren egurrezko lau plataforma soilei gehituta, baliabide teknologiko hauek istorioa indartzen dute. Paisaiek, hemerotekako argazkiek, mugitzen diren mezuek etab. ikuslea gidatzen dute kontakizunean barrena. Bestalde, nabarmentzekoa da piezaren erritmo sutsua. Cano ez da tragedian ezartzen, pertsonaia talde zabala sortu du horretarako eta berauetako bakoitzari funtzio jakin bat eskaini die. Hor aurki dezakegu komedia puntua eskaintzen digun aktore frustratuaren pertsonaia eta bere bikotearekin duen sestra kotidianoa. Lipusek gorpuzten duen kazetari gaixoaren pertsonaiak, berriz, ideia sendoz jositako elkarrizketak eskaintzen dizkigu bere erizain hegoamerikarrarekin batera. Berak diozku zenbakiek ez dutela guztia kontatzen ala amaiera punturik ez duela onartzen egiak. Canoren momenturik iradokitzaileenak hauek. Euskal kanta ustez arinak, inauterien erreferentzia, Laika txakurra, aerobika…ugariak dira oholtzan gertatzen dena digeritzen eta onartzen laguntzen diguten elementuak.
Ertz ugariko lana da, ezbairik gabe. Txirikordatzen dituen bi gai mardulenen azpian, beste hainbat hausnarketa topa ditzake ikusleak. Politikagintzari leku nabarmena eskaintzen zaio, tragedia kudeatzeko erabilitako traizioak, mehatxu, trikimailu eta gezurrak hainbat pertsonaiatan hezurmamituz. Ahotsa eta autoestimua urraturik dituen kazetariarekin komunikabideen egoera azaldu nahi da, egiaren prestigio falta, egia ostearen zein sare sozialek hauspotutako buloen garaiotan. Kulturaren arnas lehendik prekarioa pandemiak nola larriagotu zuen ala zaintzen ez dugun osasun sistemak gu artatzeko dituen zailtasunak ere azaltzen dira piezan zehar.
Aktoreen lan korala izugarria da, narrazioarekin jarraitzeaz gain taula gainean duten argiteria mugitzeaz eta atrezzoa moldatzen joateaz ere arduratzen baitira. On egiten die istorioaren sekuentziazio eta hierarkizazioak bi konpainiek batera sortutako proiektuei. Zaldi urdinan aukeratu zuten kontatzeko modu klasikoago zein linealagoak indarra eta ikusgarritasuna kentzen zion tauraratzeko garratza zen gai hari. Hobe eduki onez eta komedia aringarriz jositako sketchak, irudi plastikoekin, ikus-entzunezko materialarekin eta beste hainbat estrategiarekin uztartzea, tradegia ardatz duen collage narratiboa sortuz. Pertsonaietako batek zioen moduan, gizartearen samina irudikatzen duten gai hauen atzean dagoen egia saiakera bat, topatu ezin litekeen kateorratz bat. Ireki itzazue begiak eta sarreran banatuko dizueten orritxoan agertzen den galdera ikur erraldoiaz jabetu zaitezte ongi. Ez baita erantzun itxirik antzerkiak proposatutako galdera amaigabean.