Taldeak: Axut, Artedrama. Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Idazlea: Harkaitz Cano. Antzezleak: Ander Lipus, Ane Sagues, Ruth Guimera, Jon Ander Urresti, Maialen Belaustegi, Maite Larburu, Manex Fuchs, Eneko Gil. Bideoa: Maialen Belaustegi. Koreografia: Philippe Ducou. Musika: Maite Larburu, Asier Ituarte. Eszenografia: Fran Dussourd. Argiak: David Bernues. Soinua: Philippe Barandiaran. Teknikaria: Ieltxu Ostolaza. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Urriak 22.
Zaldibarko zabortegiko luiziak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak desagerrarazi zituen 2020ko otsailean. Hilabeteak eman zituzten familiek gorpuen erreskate lanen emaitzen zain. Urte bereko martxoan, koronabirusaren izurriteagatik itxialdirako aginduak etorri zitzaizkigun. Gertaera horiek gure gertuko errealitate gordina baino ez digute deskribatzen. Eta errealitate gordina izaten ohi da Axut eta Artedrama taldeen teatroarentzat hizpide nagusia.
Bi konpainia horien arteko elkarlanaren dramaturgiaren ezaugarriak berretsi dizkigu Hondamendia-k, baina, oraingo honetan, indarra biderkatuta iritsi zaizkigu. Izan ere, Zaldibarren eta itxialdian gertatutakoak ohiko eszena txiki eta erritmo bizikoetan kontatu dizkigute aktoreen rol txandaketen bitartez; begi bistan izan ditugu jantzien aldaketak eta soinu bandaren exekuzioa; egiaztatu dugu kanta herrikoen zein pop kutsukoen kemena tonua aldatzeko garaian; eta, horrekin batera, antzezle hauek tragediaren muinean umorea txertatzeko duten ahalmena berrikusi dugu. Laburbilduz: haien dramaturgiaren ildo nagusiak mantenduz, Zaldi urdina lanetik esfortzu eszenografikoak nabarmenki gora egin du. Hori dela eta, argiek garrantzi handiagoa dute, pantailak irudiz zein albistez beteta erabili dituzte, eta kaxako hiru paretak zeharkatzen dituzten datek eta esaldiek ñir-ñir egin digute iluntasunetik. Dussourden eszenografiako zuzeneko errotulazioak, audio grabazioek zein bideo deiek urduritasunaren eta informazio faltaren sentsazioa maisuki transmititu digute, aurreko ikuskizunetan baino dantza eta kanta gehiagorekin.
Esanak esan, Hondamendia maila guztietan Axut eta Artedramaren orain arteko lanik anbiziotsuena da, eta badu, gainera, gutxitan ematen den formaren eta narrazioaren arteko erabateko lotura. Ahalegin teknikoak kontakizunaren adarren aniztasunaren eta gure Zeitgeist-aren isla baino ez dira. Zabortegian bizi garela irudikatzeko oholtza arropaz bete izana miretsi dugu, eta, (des)informazio gaindosia adierazteko mezuen proiekzioa ideia bikaina izan dela pentsatu dugu. Ikusleok ulertu dugu komunikabideetan zarata handia dagoela (bisuala zein auditiboa), baina benetako kazetaritzak behera jo duela, esate baterako. Publikoak, estimulu horien aurrean, antsietatea sentitu dezake, eta, horrexegatik, biziki eskertzen dira barreak bideratzen dituzten une umoretsuak. Langile txiletarraren karietara Atacamari buruzko istorioa ezin hobeto ekarri dute, eta, gainera, giro espazialaz zein izarren maparen proiekzioaz gain, arropa-zabortegiaren irudia ere justifikatu ditu.
Amaieran, Hondamendia-ren mindura beltza garbitzeko katarsiak lehenbiziko bukaera ekarri digu. Bigarrena, berriz, antzokitik kanpo, publikoa agurtzeko antzezleen kantak. Zer nahi duzue esatea? Ni banoa bigarren aldiz ikustera.