Konpainia: Tripak kolektiboa. Lekua: Bilboko Harrobia gune eszenikoa. Eguna: Urriak 15.
Bi konpainia gasteiztar ikusi ditugu egun berean BAD jaialdian, norabide desberdinekoak haiek biak, baina kalitate bikainekoak kasu batean zein bestean.
Arratsaldeko lehen emanaldian Tripak kolektiboaren Platea ikusi dugu, plazer handiz ikusi ere, Marina Suarezek, mikrofonoaren aurrean jarri, eta ahots eraldatuz Jaungoikoa zela eta emanaldian zehar gorde beharreko jarrerak azaldu dizkigunetik. Bitartean kolektiboko beste emakumeak —Andrea Berbois, Maite Mugerza, Natalia Suarez— barruko arropan baina gorputza lycraz estalita agertu dira, zorutik sakabanaturiko adarrek eta enborrek agertoki primitibo bat irudikatzen zutelarik.
Tripak eta Haiek kolektiboak sortutako eszenografia xumea gortina urdin bertikal batek eta oihal berarekin estalitako mahai handi batek osatu dute. Bazter batean, betaurreko beltzak zeramatzan musikari bat izan da —Garazi Navas— akordeoi handi batekin soinu-giroa sortzen eta bitan gutxienez melodia ederrak jotzen Andrea Berboisen biolinarekin batera.
Orain arte esan dizuedanak, ordea, ez du ezertarako balio izan, gauzak —edo ez-gauzak— berdin gerta zitezkeelako edozein agertokitan eta edozein soinu-girotan. Baina, egia esan, horretan gertatu dira —edo ez dira gertatu—, guztiz pertinenteak izan diren eremu eszenikoan eta soinu-giroan, emakume horiek proposatzen digutena berdin suerta litekeelako Atacamako basamortuan zein Islandiako glaziarretan.
Hemen gertatzen denak ez duelako kokaleku berezirik behar, hemen tratatzen dena eguneroko ogia delako mundu osoan. Baina taula gaineko emakumeok libertate osoz jarduten dute, eta horrek egiten du berezi beren lana. Arte ederren parametroetatik dabiltza batzuetan, antzerki aurreratu soiletik hurbil beste batzuetan eta, horren aipamen zehatzik inoiz egin ez arren, genero ikuspegitik bete-betean beti. Botere harremanetako sokari bueltak eta bueltak ematen, absurduaren absurduaz dena apurtu eta hortik aurrera eremu ezezagun batean gu guztiok sarrarazi arte. Nik behintzat bitan edo hirutan ikusiko dut proposamena, taula gainean aurkitu ditudan osagai guztien destilazioa lortu arte.