antzezpen kritikak
< Gorputzak ehuntzen | Enigmak askatzen >
Elurterik handiena
Agus Perez
Berria, 2018-01-28
“Dublindarrak”

Konpainia: Ados. Egilea: James Joyce. Euskaratzea: Bego Losada. Egokitzapena eta eremu eszenikoa: Jose Antonio Vitoria, Garbi Losada. Zuzendaritza: Garbi Losada, Dorleta Urretabizkaia. Bideo-irudiak: David Bernues. Musika: Javier Asin. Jantziak: Tytti Thusberg. Antzezleak: Asier Hormaza, Naiara Arnedo, Lierni Fresnedo, Iņake Irastorza, Klara Mendizabal, Isidoro Fernandez, Aitor Beltran, Asier Sota. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 26.

      Aspaldiko elurterik handienaren erdian ailegatzen dira gonbidatuak Morkan neskazahar ahizpen etxera. 1904ko Dublinen gaude, eta Errege Gau hartan sendi osoko kideak eta lagun gonbidatuak elkarrengana hurbildu eta haien arketipoekin osatuko da une hartako erretratu poliedrikoa. Beraiek ez badakite ere, Morkan ahizpak hilzorian dagoen Irlanda zaharraren ordezkariak dira, eta afarira datozenen artean herri hartako berezko ezaugarriak eta unean uneko kontuak agertuko dira, hala nola abertzaletasuna, ideia errepublikanoak, Londresen aurreko jarrera kontraesankorrak —iritzi-emaileek zein interesen arabera jokatzen duten—, emakume sufragisten aktibismoa, alkoholarekiko zaletasuna eta haren inguruko zurikeria, giro hartan protestantismoak zeukan presentzia testimoniala? Eta horren guztiaren ondoan, hildakoek —zeltiar kulturetan hain garrantzitsuak diren haiek— bizidunengan duten presentzia eta eragina.

      Dubliners izenburupean, hamabost kontakizun labur bildu zituen James Joyce irlandarrak (Dublin, 1882 - Zurich, 1941), baina The Dead (hildakoak) izan zen zen ospe handiena hartu zuena, eta haren inguruan eratu da oraingo antzezlana, sorta bereko beste pertsonaia eta egoera batzuk abilezia handiz txertatuta. Argi dago testuaren egokitzapenean lan eredugarria egin dutela Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak, eta nik uste dut moldaketa ausart hori arrakastatsua izan dela dramaturgia arloan egindako lan bikainari eta euskaratze txukunari esker.

      Bide batez, aipatzekoa da eszenografiak jokatu duen rola. Goitik eskegitako hiru lanpara eder, urdin koloreko atzeko oihal handia eta Xabi Lozanoren argiztapena nahikoa izan dira etxe hartako izaera dotorea irudikatzeko, eta altzariekin berdin gertatu da: edarietarako mahaitxoa pontxe beroa eta whiskia nagusi eta zortzi aulki izan dira elementu eszeniko bakarrak, eta, hala ere, ez gara ia konturatu eremu eszenikoaren biluztasunaz. Egia esan, gortina handiek ere jokatu dute beren rola —horma, ate, pasillo eta zutabe bihurtuta—, eta haien gainean proiektatu dira trantsizio eredugarrietako zuri-beltzeko irudiak, jatorri irlandarreko melodiak entzuten genituen bitartean.

      Arriaga antzokia ondo bete da estreinaldi egunean, eta nik uste dut arrakasta horren atzean bi faktore daudela: muntaiaren oinarrian izenburu famatu hau egotea —Irlanda eta Euskal Herriaren balizko antzekotasunak tarteko— eta taula gainean aktore sendo sorta ikusteako aukera. Alde horretatik, esan beharra dago ekipo trinkoa eratu dela haien guztien artean, eta haietariko batzuek —Iņake Irastorza eta Lierni Fresnedo, adibidez— beren karrerako rolik onenean ikusi ditugula. Isidoro Fernandezen eta Asier Hormazaren kasuetan onartuta genuen haien sendotasun eszenikoa —zenbat denbora Isidoro ikusi gabe: plazera!—, eta beste guztiak —Klara Mendizabal sopranoa, Asier Sota iloba mozkortiaren rolean?— ezin hemen banan-banan aipatu, baina argi dago haien guztien ekimenez aspaldian ikusten ez genuen antzezlan ederretariko bat oparitu digutela.