Oiartzungo Arraskularre kaleko 16an sormen espazio txiki bat dago. Bertan biltzen dira Idoia Beratarbide artistaren estudioa, Marodi Sorkuntzak eta Metrokoadroka Kolektiboa. Beratarbidek berak, sormen lantegiak eskaintzen ditu. Maria de Berardorekin antzezlanetarako jantzigintza eta diseinuko arropak zein osagarriak sortzen ditu, eta Metrokoadroka Kolektiboarentzat bulego eta egoitza ere bada. Sormenari tira egin eta iazko abenduan bi tailer antolatu zituzten, bata Genero Praktikak liburuan oinarritua eta Iratxe Retolazak gidatua, eta bestea Virginia Despentesen King Kong teoria liburuan oinarritua, Ainara Lasarekin. Ziklo horren barruan sortu zuten “Genero praktikak” izeneko lau eguneko ikastaroa.
Oiartzunen azken urteetan Antzerkizale Taldeak sortutako mugimenduan egon da Metrokoadroka Kolektiboa. Herrian antzerki programazio sendoa sortu da eta publiko fidela lortu dute hilean behingo antzerki saioek. Momentu aproposa ikusi zuten “Genero praktikak” bezalako ikastaro bat antolatzeko, sormenera bideratua eta ez programazio hutsera.
Lau eguneko ikastaroan Miren Gaztaņaga eta Ainara Gurrutxaga aktoreek gidatu zituzten goizetako saioak, Metrokoadrokako lagunek arratsaldeetakoak. Talde horretako kideak dira Idoia Beratarbide eta Oier Guillan. Kolektiboan sormenari garrantzi handia ematen diote eta laborategi moduko bat egin nahi zuten “Genero Praktikak” ikastaroaren bitartez. “Hasieran beldur ginen ea jendeak izena emango zuen edo ez, eta ondoren ea ezezkoak eman behar ote genituen”, dio Beratarbidek. Oiartzungo jendeak eta inguruetakoak parte hartu zuen eta poztu ziren gaiak herrian interesa piztu zuelako.
Guillanek azpimarratu du talde anitza bildu zela, “antzerkian esperientzia gutxi zuena, esperientzia handia zuena eta inoiz aritu gabea, baina gaia interesatzen zitzaiena”. Aniztasun hori, ordea, ez zen oztopo izan, “hasieratik erabaki genuen Miren Gaztaņagak, Ainara Gurrutxagak eta Metrokoadrokako kideok, hori onartzea eta erabiltzea. Denentzat lekua dagoen energia sortzea. Guk antzerkia ulertzeko dugun modua jolasetik abiatzen delako eta jolas mota asko daude taldea eta energia berezia sortzen dutenak”. Gaztaņagak zabaldu zituen Oiartzungo Antzerki taldeko lokaleko ateak eta ikastaroa. Berarentzat “pribilegioa izan zen lehen egunean klasea ematea. Denok batera hasi ginen elkar ezagutzen eta makinaria berotzen. Adin eta perfil oso desberdinetako jendea zegoen, baina guztiek zuten lanerako gogoa”. Taldea deskribatzean bat egiten du Gurrutxagak: “Eskuzabaltasun handiarekin hartu zuten parte proposamen guztietan, eta hori pasada bat da!”.
Diskurtsotik gorputzera
Generoa beti egon izan da Metrokoadroka Kolektiboaren sortze eta ehuntzeko prozesuen erdigunean. “Generoaren inguruko gaiez zipriztinduko ditugu ariketak, baina diskurtsorik inposatu gabe, norberak bere begiradaren ekarpena edin dezan” esaldi hori azpimarratu zuten parte-hartzaileei hasi aurretik banatutako orrietan.
Topaketa hauen tituluak asko kontestualizatzen zuen egoera. “Erabakietako bat izan zen parte-hartzaileak askeago sentitzeko klaseak ez arrazionalizatea” dio Gaztaņagak. “Proposatutako ariketek beren barruan bazutelako hori eta ez genuen diskurtsoetan erori nahi”. Nola lantzen da generoa antzerkian gorputzaren bitartez? “Egiten dugun orok gorputzarekin du erresonantzia eta gorputzak momenturo du kontaktua generoarekin edo eraikiak diren hainbat kontzepturekin. Zer landu nahi duzun argi baldin baduzu, gero jolasean sartu eta emaitzak bakarrik etortzen dira”. Gorputzaren presentzia gutxietsi egiten dela iruditzen zaio Gaztaņagari eta hitzena baino harago doala dio. “Izugarria da gorputzak bere horretan kontatzen duena. 10.000 sekretu, poz, desio eta pena konta ditzake”.
Gurrutxaga antzerkia ikasten hasi zenean rol oso jakinak izaten zituen, genero eta adinaren araberakoak. “Nire paperak beti ziren ama, emazte, alaba, moja, prostituta… Urteak pasata, beste antzerki ikuskera zabalago bat deskubritu nuen eta gizon ez ezik, animalia edo natur elementu ere bihurtu nintzen. Eztandarazi egin zuen horrek nire buruarekiko ikuskera. Oholtzan nagoenean lehenik eta behin gorputz bat naiz, ez emakume bat. Horregatik uste dut garrantzitsua dela gorputzetik pasatzea, eraikuntza kulturaletatik harago joateko giltza delako”. Antzerkiak genero lanketari egin diezaizkiokeen ekarpenez ere hitz egin du Gurrutxagak. “Begiradak zabaltzea, aukerak irekitzea, ezezagunari leku egitea… Antzerkian bizipenak du garrantzia, lehen pertsonan (eta ondoren kolektiboki) bizitzen den esperientziak. Beraz, norbere mugak topatuz, beste forma batzuk bilatuz, estereotipoak hautsiz, gure gorputzak eraldatuz, ausartuz, jolastuz... eskemak hausten ditugu. Teoriak ondo daude, eztabaidak ere bai noski, baina antzerkiaren bitartez gorpuztu egin daitezke bizipenak”.
PARTE-HARTZAILEEN BIDAIAK
Parte eta bidaiari izan ziren Eņaut Retegi, Luix Mitxelena eta Pili Arbelaitz oiartzuarrak. Retegik 34 urte ditu eta antzerkizalea da. Metrokoadrokak eta Ehuntzek abenduan antolatutako bi tailerretan parte hartu zuen eta honen izenburuan “generoa” irakurri, eta gaian gehiago sakontzeko gogoa zuenez, izena eman zuen. “Ikastaro teorikoa espero nuen, irakaskuntza tradizionalean oinarritua”. Generoaren gaia non zegoen galdetzen zuen hasieran, “baina lau egunetan zehar joan zen guztia forma hartzen”. Astearen bukaeran parte-hartzaile bakoitzak sormen pieza bat egin zuen: “Gauza oso desberdinak sortu genituen eta oso aberatsak izan ziren. Irakasleek tekla egokiak sakatu zituzten gugandik aberastasun hori lortzeko”. Generorik gabeko antzerki bat ikasi izanaren sentsazioa du, gorputzean oinarrituta.
Luix Mitxelenak 16 urte ditu, Oiartzungo gazteen antzerki taldeko kidea da eta etorkizunean antzerki ikasketak egitea da bere asmoa. Antzerki tradizionala landuko zutela uste zuen, “ez nuen sorkuntza lantzea espero”; Horrekin asko gozatu zuela dio, sortzearekin eta pertsonaia berriak asmatzearekin. “Hutsetik sortzen hastea zer den ikasi dut”. Ez dio horretarako bakarrik balio izan: “Konturatu naiz gorputzak ere hitz egiten duela, begirada batek edo mugimendu batek, eta horrela ere komunikatu daitekeela”.
Pili Arbelaitz Oiartzungo Txinalka helduen antzerki taldeko kidea da. Bere antzerki jardunari ongi etorriko zitzaiolakoan eman zuen izena. Aurretik bidalitako etxeko lanak irakurtzerakoan pixka bat beldurtu zela esan du, baina egin ahala “erraz osatu nituen ariketak eta eroso sentitu nintzen”. Txinalkan hainbat sormen ariketa egiten dituzte eta ez zitzaizkion oso arrotzak egin proposatutakoak. “Goizetan Mirenekin eta Ainararekin asko gozatu nuen”. Arratsaldetan egindako sormen ariketetan bat aukeratu behar eta hilerrian barrena emandako paseoa aipatu digu. “Niretzat jende berriarekin eta adin desberdinekoekin egotea ederra da”.