Egilea: Unai Iturriaga. Zuzendaria: Manex Fuchs. Eszenografia: Amaia Garate Olano. Panpina: Battitt Halsouet. Musika: Asier Ituarte. Argiak: Josep Duhau. Antzezleak: Ander Lipus, Patricia Urrutia. Lekua: Aulestiko udal aretoa. Eguna: Apirilak 17.
Nekeak jota, ezerezaren erdian eta hozkailu bat eskorga baten gainean eramanez agertu dira Hozkailua antzezlaneko bi protagonistak. Batek hozkailua darama, eta, besteak, motxila erraldoia eta gitarra. Egarri dira biak, baina hozkailu barruko garagardoak txiza bezain beroak daude. Jimmy, ordea, hotzean dago Londresen hil eta hozkailuan sartu zutenetik, kanpai-dorrea, farola eta zuhaitza dituen jaioterrian lurperatua izan arte.
Zalantzarik gabe, esangura handikoa da Huts teatroaren erabateko estreinaldi hau ADEL jardunaldietako lehen egunean gertatu izana, horrek ezin argiago izendatzen baitu Aulesti herria Geure Antzerkiaren Lurraldeko hiriburu, Luhusorekin batera. Udal-aretoan kabitu ezinik egon diren herritarrek eta Euskal Herri osoko benetako kultur ordezkariek gertakizun baten atarian egotearen sentsazioa eduki dute, batez ere emanaldiaren planteamendua eta garapen distiratsua ikusita.
Luhusoko faktoriaren eragina jasotzen duten lan guztietan bezala, batasun erabatekoa erakutsi du azken emaitzak, izaera poliedriko nabarmena eduki arren. Hasteko eta behin, argi dago kalitate handikoa dela Unai Iturriagaren testua: euskara batu estandarrean idatzita dago, kementsu egiten du aurrera, eta ederki jasotzen ditu belaunaldi batekoen pentsamendua, bizipenak eta desengainua. Desengainua batez ere, bizitzak berak ekarritako desengainua, ez gizarteak edo sistemak, askotan gustatuko litzaigukeen bezala.
Amaia Garate Olanoren dekoratuak aspaldiko ziklorama zaharrak ekarri dizkigu gogora. Bakardadearen horizonteak, egitura industrial abandonatuak eta bizirik gabeko errepideak trazu finekin eta ia kolorerik gabe marraztu ditu, eta bere paisaia biluzietan gaurko gizakien egoera desolatua islatu da. Bi lagun ohiek bizi duten absurdua ezin hobeto ezkondu da paisaiaren irudikapen metaforiko horrekin, eta niri behintzat Samuel Becketten iruditeria desesperatua etorri zait burura. Argumentuan zehar ere, Jimmyren pertsonaia hilak darama hondoko protagonismoa, inoiz ez zetorren Godot haren antzera edota gure Samara Velteren Eta Karmele?-n agertzen ez zen Karmelek bezala.
Manex Fuchsen zuzendaritzapean denak emanda aritu dira Patricia Urrutia eta Ander Lipus, erabateko elkarlanean ea nork ematen zion distira handiagoa elkarren lanari, deklamazio perfektuz eta jarrera eszeniko orbangabeez hornituta. Urrutia deskubrimendu bat izan zen Francoren bilobari gutuna-n, eta efikazia berberarekin jardun du oraingo honetan. Lipusek, berriz, pauso bat aurrerago eman du bere dentsitate dramatikoan eta, distantzia laburretik ere ez dugu Lipus bera ikusi, bere pertsonaia baizik. Ezinbestekoa zenez, giroaren ardatz izan dira garai bateko abesti erradikalak —gitarra eta harmonika jo dituzte antzezleek— eta Jimmyren gorpu desitxuratuak ezin hobeto irudikatu ditu belaunaldi hartako distira meteorikoa eta jarraian etorri zen erabateko gainbehera.