Arropak kentzea baino zerbait gehiago
Alejandra Goikoetxea
Argia, 2017-04-16
“Strip-teasea”

Martxoaren 24an, Bilboko Loraldia jaialdiaren barruan, Arriaga Antzokian eskainitako ikuskizuna. 1. Strip-tease: Orduan, ez naiz biluztuko? Aktoreak: Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Lander Otaola eta Getari Etxegarai. Egile eta zuzendaria: Jokin Oregi. 2. Strip-tease: Lady Godiva, ikusten ez dena, ez da. Aktoreak: Klara Mendizabal, Aitor Beltran eta Asier Hernandez. Gidoia: Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoria. 3. Strip-tease: Zutaz blai. Aktoreak: Telmo Irureta, Eneko Balerdi, Haritz Morras eta Oskitz Gorrotxategi. Gidoia: Telmo Irureta eta Mireia Gabilondo. Zuzendaria: Mireia Gabilondo. 4. Strip-tease: Begirunea. Aktoreak: Sara Cozar eta Iñaki Rikarte. Eszenografia eta zuzendaritza: Fernando Bernués.

      Ohikoa baino jende gehiago eserita Arriaga Antzokiko besaulki gorrietan. Loraldia omen eta antzerkia ere loratzen hasi dela dirudi. Gaurkoa berezia izango dela diote inguruko ahotsek baina nik neuk berezia baino gehiago ezberdina izango dela pentsatzen dut, gogotsu nago; lau zuzendari eta lau aktore talde gai bakarraren inguruan, txandaka, eszenatoki berean, bakoitza 15 minutuz. Gaia, strip-tease-a, anitza eta sentsuala.

      Egungo bizimodua eta miseriak ekarri ditu taula gainera lehenengo ikuskizunak. Umetan bizitako trauma antzekoaren zama, beharrizana, bizitzeko lanaren premia, norbaiten begirunea edo begiradaren beharra agerian utzi dituzte mikrofono aurrean. Azkenerako barnea biluztuta alde egin dute eta guztien galdera hauxe: Orduan, ez naiz biluztuko?

      Lady Godiva XI.mendeko emakume kementsu eta indartsuaren biluztearen istorioa kontatu digute, egungo errealitatearekin haserre dauden bi aktoreek bigarren tartean. Ipurdia ere estaltzen ez dien amantala eta esku soinua hartuta azaldu dira ikusleen artetik Aitor Beltran eta Asier Hernandez. Kondaira ederra izan da, gaur egungo Europa eta agintean dagoen sistemarekin lotzeko saiakera baina, pobrea eta azalekoa begitandu zait niri. Zirraragarria, berriz, Klara Mendizabal sopranoak Lady Godivari jarritako doinua.

      Hunkitu, barre eragin eta hausnarketara eraman nau hirugarren antzezlanak; aulkiari eta beste hainbat ezintasuni lotuta bizi beharra egokitu zaion Telmo Iruretaren strip-teaseak. Sentsualitatea eta desira nola bizi dituen ulertarazteko saiakera. Zerbait ulertu dugunontzat, gogorra baina aldi berean hurbila izan da protagonistaren bizipena. Azkenean gainera, strip-teasea ikusteko aukera izan dugu, sentsuala eta umoretsua azken hau ere. Emanaldi honetatik zer edo zer gustatu ez bazait, umorea eta barrea eragiteko gaztelerako aipu edo esamoldeak erabili beharra izan da, baina nire kontraesanak agerian laga, eta nik neuk ere barre egin dudala aitortu behar dut.

      Biluztasun erromantikoari egindako keinu ederra azken tartean ikusi duguna. Gerra garaian bizi izandako maitasun istorioa. Biluztasunaren lotsa eta bekatuaren esanahiak albo batera laga eta gudan, mendian zebilen gizonari eskainitako maitasun keinu zintzoa. Gu geu ere ikusmira eta desioa gorde, eta begiak estaltzera eraman gaituena. Biluztasuna eta arropak eranztearen magia berreraikitzeko lagungarria izan zaiguna.