Zuzendaria: Asier Sota. Antzezle eta musikariak: Ramon Agirre, Inazio Tolosa. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia Klub aretoa. Eguna: Irailak 2.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko funtzionario ilun batek helarazi die Nick eta Rayri beren hurrengo zeregina: Nazioaren Ereserkia konposatu behar dute, lehenbailehen. Lehendakariak beste edozein naziokoen pare egon nahi du bisita ofizialean datozkionean, eta Pragako Orkestra Sinfonikoarekin lotu omen du grabaketa saioa. Orain, partitura baino ez da falta.
“Eta zergatik guri?” galdetzen diote beren buruari musikari xelebre hauek beste galdera askoren artean. Dudarik gabe, haietariko metafisikoena Espainiako ereserkiari dagokio, haietariko batek “Zer da txun?” galdetzen duenean, lehen konpasek egiten duten txun da txun da-ren kontura. Baina, galdera zailak alde batera utzita abiatu dira gure lagunak mundura, inspirazio bila, eta aurreko bietan bezala —Xentimorik gabe, Kokakola eta barea—, musika-bidaia dibertigarria oparitu digute, munduko abesti batzuen euskarazko bertsio onak eskainiz eta ironia finean bilduz Euskal Herriaren gaineko aipamenak eta erreferente kulturalak.
Egoera surrealista horren garapenean nolabaiteko garrantzia hartu dute funtzionario ilunaren agerpen misteriotsuek, umore-komikietako pertsonaia batzuen antzera, eta bikoteak groteskotasunera jo du beste batzuetan, betiere bien gaitasun komiko itzelean oinarrituta. Adibidez, haietariko batean Mexikoko Chapo Guzmanen parodia ausarta gauzatu dute eta beste une batean Burundiko azti baten imitazioa etorri da, baina bigarren horretan Tintin au Congo-ren eredu kolonialistatik hurbilegi ibili dira, eta ez diote egoerari ahal zitzaion zuku guztia atera.
Asier Sotaren zuzendaritzapean eta Agirre zein Tolosaren dohainetan oinarrituta, erritmo bizia hartu du emanaldiak, eta tokatu zaidan mutur bateko aulkitik ikustekoak ziren ikusleen gozamen aurpegiak, neurea barne. Agian, bikotearen aurreko lanetan bazegoen gauza hori, baina oraingo honetan are nabariagoa egin zait antzezleek eratutako dramaturgia ia subliminala, keinuetan, jarreretan eta gorputzen kokapenetan bermatzen zena, berari esker ikusi egin baititugu irudimenezko objektuak, lekuak eta pertsonaiak. Lan eredugarria benetan, eta are eredugarriagoa artisau zintzoen sormenean eta baliabide eskasiaren aldarrikapenean aurkitzen duelako bere sendotasuna.