Idazlea: Maite Berrogain. Errejentsak: Pantxika Urruty eta Maitena Lapeyre. Katalina Erauso: Alaia Ithurbide, Laida Abadie, Miren Elkegaray eta Graxiana Castillon. Non-noiz: Donostian, irailaren 3an; Donibane Garazin, irailaren 10ean.
XVII. mendea. Donostiako domingotarren komentutik ihes egin du nerabeak, bizilekua kartzela zaiolako. Badoa Amerikara, Espainiako erregearen alde borrokatzera, bertako herritarrak zapaltzera. Hogeitaka urte egingo ditu Mundu Berrian ezpata dantzatzen. Ez da, ez, gizona, emakumea baizik. Jada ez da ordea Katalina Erauso, gizon jantzietan Frantzisko Loiola da donostiar abenturazalea. Aurpegi askoko pertsonaia polemikoa, etxean baino kanpoan ezagunagoa, pastoralera ekarri dute. Baionako saioaren ondoren, Donostian eta Donibane Garazin antzeztuko dute.
Maite Berrogainek 2005ean izan zuen Katalina Erausoren berri. Florance Delayren Catalina: Enquete liburua irakurri zuen eta Euskal Herrian arrotz eta munduan ospetsua zen emakume borrokalaria aurkitu zuela iruditu zitzaion. Pertsonaia hark osagai asko zituen: armada, eliza, borrokak, emaztea izatea, sexu orientazioaz zalantzak... alegia, pastorala egiteko gai bikaina iruditu zitzaion.
Hamaika urte ondoren Baionan, ekainaren 5ean, 3.000 lagunek, Lauga kiroldegia leporaino beteta, Katalina Erausoren lehen emanaldiaz gozatu ahal izan zuten. Ikus-entzuleak bero sapa ahaztuta, arizaleen esanei erne ziren. Egokia iruditu zitzaienean txalo jo zuten, barre egin zuten, eta oihuak ere bai gustuko ez zirenak entzun zituztenean. Donostiako Victoria Eugenia antzokian 800 lagunentzako tokia izango da. Baionan baino dezentez ikusle gutxiago eta pastorala ikusten ohitu gabeko hegoaldeko asko ziurrenik. Guillaume Irigoyenek (arizalea eta hainbat abestiren letragilea) kezka horixe adierazi digu, ea ikus-entzuleek, pastoralean behar lukeen bezala, parte hartuko duten: “Baionan ikusle zirenen erdiek pastoralen batean hartu dute parte eta beste erdiaren erdiak parte hartu nahi du”.
“Katalina de Erauso” jelkaldika
Dirudienez, 1624an Erauso autobiografia idazten hasi zen eta hurrengo urtean argitaratu zen. Dirudienez diogu, batzuen arabera memoriak baino norbaitek asmatutako kontakizuna baita.
Ondorengo lerroetan Katalina Erausoren abenturazko bizitza kontatuko dugu Maite Berrogainek pastoralerako idatzitako prediku eta jelkaldiak narrazio haritzat hartuz.
1592an jaio zen Katalina Erauso Donostian. Migel Erauso aita kapitaina zuen, Filipe III.a Espainiako erregearen zerbitzura zegoen militarra. Ama María Pérez Galarraga. Lau urtetan lau alaba izan zituzten, eta lehenagotik semea zuten. Familia onekoa zen Katalina.
Aspaldiko urte haietan
Familia sosdunetan
Neskak sartzen ziren
Ttipitik komentuetan
Lau alabak sartu zituzten domingotarren komentuan. Katalinak lau urte baino ez zituen. Aitak ez zuen ezkutatu alabekiko mespretxua:
Alabak hanitx zaitzo
Familiari kostatzen
Aldiz semeek deioe
Hari ohore ekarten
Baionako emanaldian entzuleei ez zitzaien batere gustatu aitaren jarrera eta kiroldegian emanaldiko lehen gaitzespen oihuak entzun ziren.
15 urte inguru arte bizi izan zen komentuan. Handik ateratzeko irrikaz zegoen, ordea. Honela hitz egin zion serora nagusiari:
Hügü dit zure manüa
Joanen nüzü hebendik
Ez dit maite diziplina
Badit nik beste gogorik
Eta haserrealdi batean iritsi zen alde egiteko ordua. Ihes egin eta bizi berri bat hasi zuen, gizon jantzietan hasi ere:
Biloak dütüt moztüko
(E)ta galtza lüzeak jauntsi
Holaxe niz gizon üdüri
Gaztea lerden bühürri
Geroa esküetan düt
Düdarik gabe joanen niz
Barnean dütan sükarra
Ez zaüt itzaliko berriz
Frantzisko Loiola izena hartu eta Filipe IV.a erregearen Gortearen zerbitzura jarri zen. Mundu Berrira, Amerikara, joan nahi zuen. Txile, Bolivia, Panama, Venezuela, Argentina eta Peru zeharkatu zituen, ezpata aldean, Espainiako Inperioko erregearentzat zilarra eta urrea biltzeko ahaleginean.
Osaba Eginorekin egin zuen Amerikarako bidaia:
Honki jin ene lloba
Noski dakizün bezala
Zilar ürre ebasteko
Denak hortan trebe gira
Itsas ontziak dirade
Osoki ürrez betetzen
Hau denen ontsa zaintzea
Zure kargüa da izanen
Holandarrek espainiarren lapurreta gosea ez zuten maite:
Ürrez ezin aseak zidee
Deabrüen bizkar hotzak
Aspalditik gure etsaiak
Espainol ohoin ustelak
Lapurretak, borrokak, ezpata dantzak, abenturak eta ihesaldiak izan ziren eguneroko ogi Amerikan egin zituen 24 urteetan. Batzuetan ihes egiten zuen, uste baitzuen Frantzisko Loiola emakumea zela ohartzear zirela. Gizon jantzietan emakumeekin zuen jarrerak eman du zeresana Katalina Erausoren historian. Izan ere, batzuetan badirudi emakumeren batez maitemindu zela. Maite Berrogainen ustez etengabe egin behar zuen antzerkia inor kontura ez zedin emakumea zela. Beste batzuen ustez, Ipar Amerikako lesbiana mugimendu batzuen arabera adibidez, Erausok emakumeak zituen gustuko.
Hona Berrogainek gai horri lotuta idatzitako bi ahapaldi:
Xiletik landa niz Perun
Solarteren zerbütxüko
Nola ez aipa alabak
Izigarri dütüt gustüko
Zoriona düt topatü
Hanitx jente düt ikusten
Neskekin denbora pasa
Lana ez düt nik senditzen
Maitasun kontuak pixkatxo bat, baina gorrotoak gordinagoak ziren Amerika aldean. Baionako ikus-entzuleak ez ziren lozorroan eta berriz ere gaitzespen oihuak zabaldu ziren Lauga kiroldegian, honela mintzo baitziren Migeltxo Erauso Katalinaren anaia lehendabizi eta Katalina bera ondoren:
Heben zidee suntsitzeko
Arraza apalagoak
Gük garaitüko dütügü
Nausi dira xuriak
Indiano bürügorri
Espainolek zütüe hilko
Trumilka jiten beitira
Amalürra ebasteko
24 urteko bizialdiaren ondoren, Europara joan zen eta emakume zela aitortu eta gizon itxuran bizitzen jarraitzeko baimena eskatu zion aita santuari. Haren arrapostuak publikoa aztoratu zuen eta Erausoren erantzunak berriz, txaloak harrotu zituen.
Lehenik jakin behar dit
Beti birjina zirenez
Hebenko bi emagintsek
Erranen düe bai ala ez
Gizon bati ez deiozüe
Galtatzen denez birjina
Gizon emazteen arteko
Injüstizia bat haboro da
Ez zen Europan errenditu. Berriz ere Amerikara alde egin zuen, Mexikora, eta 1650. urtean hil zen moja soldadua.