Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Abuztuak 13.
Manikiak balira bezala agertzen dira Datorren urtean hobeto antzezlaneko hiru protagonistak, luxuzko denda bateko erakusleihoan paratuta. Egokitu zaien destino petralari buruz hasi dira hizketan beren artean, eta hasiera surrealista horren ostean hiruren arteko txutxu-mutxuetan sartu dira, lagunarteko giroan eta komedia arinaren tonuari denbora guztian eutsita.
Esku-programako argazkian biluzik irudikatu dira hiru emakumeak, beren benetako gorputzak manikien itxurarekin ordezkatuz, eta nik uste dut irudi horretan ere laburbildu daitekeela emanaldiaren funtsa, hiru printzipio hauetan oinarritzen dena. Bat: biluztu ditzagun emakumeak itxura batean, baina inor mindu gabe biluzte horretan. Bi: ulertu dezagun karteleko emakumeen gorputzak ez direla benetako aktoreenak, aktorea eta pertsonaia gauza bera ez diren bezala. Eta hiru: orokortu dezagun emakume idealizatuaren irudia, ikusleek errazago identifikatuko dutelako eredu estereotipatu hori.
Lau emakume katalanek sinatu dute testua —Martin Agirrek egin du euskarazko bertsioa—, eta oraingo bizimodu estandarretik ateratako eszena solteek osatzen dute gidoia, beraien artean batere loturarik izan gabe. Hala ere, mural panoramiko moduko bat osatzen dute denen artean, klase ertaineko emakumeen ikuspegitik egina. Ostera, lau egile izateak ezinezko egin du balizko gidoiak aurrera egitea, eta ikusleok erdi galduta ibili gara hiru manikien burutazioetan, etengabe eta noraezean aldatzen baitziren planoak, egoerak eta pertsonaiek emandako perspektibak.
Gauzak horrela, aspaldiko Hiru emakume.com, Hiru ezkongabe.com eta enparauen eredu higatuaren antza hartu du emanaldiak, dramaturgia, jantzi, eremu eszeniko eta argi diseinu on batekin, eta solasaldi umoretsuen artean denetarik aurkitu dugu. Salatzeko modukoa da emakume kubatarren inguruko eszena patetikoa —Kuba zerbaiten ikurra izatekotan duintasunarena da—, baina beste batzuetan asmatu egin dutela esan daiteke, hala nola Guzzi markako poltsarenean edota lanerako hauta-probarenean, batez ere hautagai batek galderei erantzuteko euskal kanta ezagun batzuk baliatu dituenean.
Antzezleak, berriz, ongi moldatu dira beren gain hartu dituzten rol anitzetan, eta kemen handiz eman dituzte pertsonaien aldarteak. Ahotsen proiekzioa eta ahoskera ere egokiak izan dira oro har, baina ahotsaren modulazio dramatikoa hutsaren hurrengoaren pare geratu da, eta horrek zeharo zaildu du ikusleekiko komunikazioa. Azkenik, mesedez eskatu behar dugu bertan behera uztea modan jarri den hitz egiteko abiadura itzela. Egia da era horretan ordu laurden bat gutxiago iraun duela emanaldiak, baina tempoaren kudeaketa egoki batekin askoz gehiago gozatuko genukeen antzezlanaren umoreaz.