antzezpen kritikak
< Ez zen gugandik joan | Hiru emakume.com >
Ezustekoa negoziazioan
Jaime Valverde
Gara, 2015-09-11
“Kreditua”

Antzoki Zaharra, 2015-09-11. Testua: Jordi Galcerán. Zuzendaria: Fernando Bernués. Aktoreak: Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga.

      Kreditu bat eskatzean botere erlazio gupidagabea sortzen da bankuko arduradunaren eta eskatzailearen artean. Lehenengoak bigarrenaren etorkizuna dauka bere esku, eta honek berriz, ez du inongo ahalmenik izaten negoziazioan eragiteko. Jordi Galcerán-en hausnarketa dramatikoa egoera horri buelta ematetik abiatzen da. Ezetz borobila jasotakoan, hemen eskatzaileak ezohiko faktore bat gehitzen dio ekuazioari bankuko zuzendaria presionatzeko.

      Hortik aurrera badirudi idazleak ekintza dramatikoari berez gara dadin uzten diola. Hasiera batean krisialdi ekonomikoa eta sistema kapitalistaren demasak hizpide badira ere, eremu sentimentalean barneratzen da asuntoa. Maitasun erlazioak, jelosia, ergelkeria... guztia umorez eta tramaren biratze interesgarriekin. Idazlea fin ibili da hasierako konfliktoari etekina ateratzen eta berehala agortuko zela zirudien hari bat behin eta berriro suspertzen.

      Bi aktoreak ondo aritzen dira Bernués-en batuta eskarmentatuaren pean. Apaolazak dimentsio komikoa ateratzen dio bere rolaren izaera patetikoari eta Gurrutxagaren berezko keinuak oso egokiak suertatzen dira bere pertsonaia xelebrearentzat. Aitziber Garmendiaren itzulpenak euskara jator eta naturala eskaintzen du eta kuriosoa da zeinen ondo geratzen diren tokian tokiko erreferentzia kulturalak gurera egokiturik.

      Arrisku artistiko handirik hartzen ez badu ere, edo agian horregatik, eremu mainstream-ean ondo funtzionatzen duen komedia bat da “Kreditua”. Ez alferrik, luzez egon da Madrilen ikusgai eta birritan etorri da gurera bere gaztelerazko bertsioan. Ttantakaren egokitzapen honek ere funtzionatuko du eta ez dio bere publikoari huts egingo.