antzezpen kritikak
< Hiru ahotsetara | On egin dagizuela! >
Bost axola kolesterola
Agus Perez
Berria, 2018-03-13
“Txarriboda”

Testuak: Agurtzane Intxaurraga, Kepa Errasti. Zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga. Kantuen hitzak: Onintza Enbeita. Eszenografia eta gauzakiak: Xabier Mujika. Argiak: Xabier Lozano. Jantziak: Oihana Legorburu. Antzezleak: Sandra Fdez. Agirre, Iņigo Aranbarri, Patxi Gonzalez, Kepa Errasti, Juanjo Otero, Iņaki Maruri. Lekua: Eibarko Coliseo antzokia. Eguna: Martxoak 11.

      Hika konpainiaren Txarriboda-n parte hartzeko prest zeuden ikusleek ia goraino bete dute Eibarko Coliseo antzokia, eta besaulkietarako bidean pintxoak eta cava kopak eskaini dizkiete zerbitzari atsegin batzuek. Irudimenezkoak baina ondo zerbitzatuak izan dira, eta emanaldiaren izaera jostagarria ondo baino hobeto irudikatu dute. Lehen minutuetan kabaret estiloko zeremonia-maisu anbiguo eta sentsualarena egin du Kepa Errastik, eta Iņaki Marurik teklatuetatik adierazi digu ez zegoela prest ezkontza guztietan jotzen ei den Pakito Txokolatero pasodoblea jotzeko. Benetan jo duen ala ez jakiteko emanaldia ikusi behar, eta han bertan jakingo du ikusleak zenbat trapu zikin ezkutatzen diren ezkontza zoriontsu honen azpian.

      Agurtzane Intxaurraga agertzen zaigu lan honen egiletzat Kepa Errastiren laguntzarekin, eta nik uste dut elkarketa polita gertatu dela hor, egile bati eskatzen zaion dentsitateari gidoilari baten abildadea gehitu zaiolako. Izan ere, ezkontza artistiko honen fruitutzat jo dezakegu Intxaurragak solteago, libreago, ausartago jokatu izana, orain arte ezagutzen ez genizkion beste moldeetan, beste eremu batzuetan barna.

      Izenburuaren esanguraz baliatuta, ezteiak eta txerriak izan dira argumentuko bi poloak, eta taula gainean denetarik gertatu da, baina niri ez dagokit hango desmasiak banan-banan aletzea. Hala ere, han ikusitakoa baten bati larregizkoa irudituz gero, nik aitortuko diot gonbidatu izan nintzen ezkontza arranditsu batean andregaiak eta apaizak elkarren haragi-ezagutza eduki zutela, Franco hil eta gutxira. Beraz, ez dabiltza oso desbideratuta lan honen egileak: kontua da nola eroan ikuslea muturreko egoera bakoitzeraino. Alde horretatik, argi dago Intxaurraga zuzendaria —Miren Gojenolaren laguntzaz— fin ibili dela pasadizo arruntetatik nobelatzar bateko eszena groteskoetaraino doan bidean, eta horretan dramaturgiaren lagungarria izan dela eremu eszenikoaren diseinu arina.

      Argumentuan zehar antzezle guztiek eduki dute beren pertsonaiaren nortasunari distira emateko tartea, eta denak emanda interpretatu dituzte tokatu zaizkien rol diferenteak. Bestetik, aipatzeko modukoa izan da musika-aukeraketa: Antton Valverderen Maitasunaz hil gogoangarri harekin hasi eta bukatu da emanaldia, beste kanta batzuk herrikoiak izan dira —Antero txaparrotia edota Jon Zaharra adibidez— eta gainontzekoak Imanol Lartzabal, Patxi Gonzalez —andregaiaren aita antzezlanean— eta beste batzuenak izan dira. Gainera, lan honen ezaugarria da lekuan-lekuko eragileek parte hartzen dutela emankizunean: Eibarko kasuan Kezka taldeko aurreskulari bik egin diete harrera ezkonberriei, Manu Goioganak bertsoak eskaini dizkie eta, amaiera aldean, cumbia dantzatu dute Biraka taldeko hamaika neskak eztei apokaliptikoen partaideekin batera, ondo dantzatu ere ikusle kubatar euskaldun baten iritziz.