Txarriboda izango den ezkontza hastear dago. Gon bidatuta gaude. Oholtzan pianista (Iņaki Maruri) giroa berotzen ari da; zerbitzariek edari ikusezinak eskaini eta kantatzera animatzen gaituzte; publikoak baietz, antzerki jokoan sartuta, edalearena egiten, kantak murmurikatzen. Bistan da, ikusleen konplizitatea behin lortuta, gozagarriagoa eta handiagoa izango dugula teatro ospakizun hau.
B. Brechten burges txikien ezkontza dut gogoan. Bertan, azaleko zorionaren azpian zein miserable garen azaldu zigun idazle alemanak. “Txarriboda”-k, aitzitik, partaide guztiok txerriak garelako ideiatik abiatzen du argumentua, denok prezio bat daukagulako, tripa bazkaz asetzea besterik ez dugulako nahi. Baina... zein da txerririk handiena? senargaia, hipokrita delako? emaztegaia, inozoegia izategatik? guri lapurtzen aberastu dena? gu geu akaso? Tonua ez da ez zinikoegia ez garratzegia ere. Umorea nagusitzen zaigu, dantzaz, musikaz eta kantuez eraikitako festa batean gaudelako. Ondo ikasita gaude Sally Bowlesek “Life is a Cabaret” kantatzen zuenetik. “Txarriboda”-n Txusak (Kepa Errazti) ekarriko digu abisua: kabaret antzera irudikaturik, ezkontza musikala izango duzue. Euskal kanta ezagunak entzungo ditugu letrak aldatuta daudela. Festaz gozatzen dugu harik eta amaieran, ikusleok dantza egitera ateratzen garen arte. Bai, bizitza txerriari etekina atera behar zaio.