Konpainia: Parasite kolektiboa. Zuzendaria: Hannah Frances Whelan. Lekua: Baiona antzokia. Eguna: azaroak 5.
Non eta Baionako antzokian estreinatu du Gasteizko Parasite kolektiboak Hautsa lana, aretoa nahiko beteta zegoela eta ikusle gazte zein helduen harrera beroarekin. Euskal Kultur Erakundeak Parasiteren lana hautatu zuen artista berritzaileentzat egiten duen Hogei'ta izeneko deialdian, eta proposamenean neurritasun handiz batu dira kolektiboko kideen ekarpen artistikoak.
Dena den, Garazi eta Unai Lopez de Armentia neba-arrebak izan dira taula gaineko protagonistak, beraiengan zentratu da kontakizuna eta haren inguruan antolatu dira elementu eszeniko guztiak, Hannah Frances Whelanen zuzendaritzapean. Hain zuzen ere, proposamenaren oinarrian dago Garazik eta Unaik beraien iraganera egindako bidaia, eta, xede horretarako, ia biluzik eta hautseztatuta agertu dira eszenan, oroitzapenetako hautsa astinduz eta soberakina den oro soinetik erantziz.
Egiatan, ez dira beraiek eszenan agertu, bertan zeudelako biak lehen ikusleak besaulkietara joan aurretik ere. Neba-arrebak elkarri begira zihoazen, esku bateko distantzian eta agertokia alde batetik bestera zeharkatuz, mugimendu lineal etengabean eta pauso atletikoekin. Izan ere, iragana ere bertan dago gu bere baitan arakatzen hasi aurretik, eta antzezleen hasiera sinboliko horrek jarraipen koherentea eduki du emanaldian zehar, gorputz-mugimenduaren eta hitzaren arteko harreman esanguratsuari esker eta bi antzezleen prestakuntza fisiko harrigarriaren laguntzaz.
Oroitzapenen eremu lausoari dagokionez, kontakizunak ez dio logika estu bati jarraitu eta, arestian esan dugunez, ideiek eta sentipenek ordain bikaina eduki dute gorputzen adierazkortasun zehatzean. Bide horretatik, haurtzaroko jolas txikiak eta beldur handiak azaleratu dira, eta haiekin batera erlijioak eta familiak izandako eragina eta baita ere gaztaroko urte nahasien borroka-ekintzak eta etorkizuneko bidaia zoragarri baten irudikapena.
Lehen esan bezala, esanguratsuak izan dira antzezleen inguruko elementuak, eta haien artean euskarazko hitzen itzulpen proiektatuak nabarmendu behar ditugu, bideo-irudietan integratuak izan direlako. Hala ere, oso urrun geratu dira hasierako proiektuan aurreikusten zen teknologia zinetikotik, eta gainontzeko elementuetan ere —bideo-proiekzioak, eremu eszenikoa, soinu-paisaia...— austeritatearen sentsazioa nagusitu da. Horrela izanik, are argiagoa izan da antzezle bien introspekzio-ariketa, baina nik gozotasun handiagoa eskatuko nioke proposamenari, bizitzari berari eskatzen diodan bezalaxe.