Lekua: Bilboko P6 aretoa. Eguna: Azaroak 9.
Edozertarako prest azaldu da basoan Willi ekintzaile tormentatua, eta bertan aurkitu du Ilargi lamia, bere oin misteriotsuak uretan freskatzen, ohiturak agintzen duen legez. Gizonak aspaldiko min bat darama bere baitan, eta grinatsu dabil ekintzaren aurrean. Ilargi, ostera, beste mundu batean bizi da, basoko elementuekin bat eginda, eta haien desagerpen geldoaz konturatzen den arren ez du inoiz galtzen naturak sortzetik eman dion bizipoza. Horra hor Gilkitxaro taldeak estreinatu berri duen Urak ttiki dire lanaren abiapuntua.
Gaizka Sarasolak taldearentzat idatzitako testuak etekin handia ateratzen dio hasierako egoerari, gizarte modernoaren eta naturaren ezaugarriak era subliminalean eta bi pertsonaien bidez iradokiz, eta esangura handiko solasaldiak eratu ditu xede horretarako. Izan ere, Ilargi eta Williren arteko dialogoak izan dira antzezlanaren funts eta mamia, eta haietariko askotan nabariak izan dira testuaren sakontasuna eta maila metaforikoa.
Ane Zabalak eta Galder Perezek kemen handiz eta naturaltasun osoz defendatu dituzte beren rolak, nafar zaporeko euskara dotorea argi ahoskatuz eta testuaren kalitateari beraien sen dramatikoa gehituz. Gainera, soiltasun eszenikoaren aldeko apustu garbia egin dute, eta horrek lehen planora ekarri ditu bien antzezpenak, nahiz eta hautu horrekin emaitza eszenikoa apur bat latza suertatu den.
Gaualdiaren bigarren zatian edozertarako prest agertu da Leire Ucha ere. Zer duzu, Amy? lan irudimentsuan Daisy Sagardotegi izeneko abeslaria aurkeztu digu star system-eko artista handiei darien xarma osoan bilduta, eta, bide batez, bere bizitza gorabeheratsuaren pasarterik esanguratsuenak azaldu dizkigu. Bide horretatik, Londresera eraman gaitu, hango kanposantu batean dagoen Amy Whinehouse kantariaren hilobiraino, haren ahotsa eta arrakasta bereganatzeko asmoz.
Aktoreak bizkaiera jatorrean eman du bere bakarrizketa sormentsua, eta emanaldian zehar beste abeslari batzuen izpirituak agertu dira bere baitan —Janis Joplinena eta Daisyren izeko batena tartean—, agerian utziz zein zaila den geroko bizitzakoekin ondo komunikatzea. Objektuen bidezko dramaturgia zehatza eta adimena barra-barra baliatu ditu bere baitatik kanpoko pertsonaia guztiei bizitza emateko, eta haietan guztietan nagusitu dira protagonistaren umore fina eta gorputz mugimendu bikaina. Labur esanda: barrealdi ederrak egin ditugu lan honekin, eta ikusleek gogoz eskertu dute proposamenaren berebiziko kalitatea.