antzezpen kritikak
< Bat izan ezik | Hitzaldi antzeztua >
Udako gau batean
Agus Perez
Berria, 2013-01-29
“Gauerdian”

Zuzendaria: Roberto Romei. Konpainia: Tanttaka. Euskaratzea: Aitziber Garmendia. Eszenografia: Roger Orra. Antzezleak: Iker Galartza eta Itziar Atienza. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Urtarrilak 25.

      Udako gau batean ezagutzen dute elkar Helenak eta Bobek, Edinburgoko pub batean, britainiar erako komedia erromantikoetan gertatzen den bezala, eta ildo bereko estiloari jarraiki joan da aurrera Gauerdian antzezlana. Horrek esan nahi du maila sozial desberdinetakoak izan direla protagonistak eta, hala ere, edo beharbada horrexegatik, maitasun ezinezkoaren txinparta jaio dela bien artean, beraiek ere horren jakitun ez izan arren

      Ezaguna da irla haietako gidoilari askoren trebezia giza egoera dibertigarriak irudikatzeko eta haien bidez gure arimaren bazter sentikorrak ukitzeko, eta kasu honetan ere ez dira atzean geratu David Greig eta Gordon McIntyre eskoziarrak. Beraiek idatzitako komedia ongi hornituta dago gatz eta piperrez, eta ugariak dira bi protagonistek biziko dituzten pasadizo bitxiak. Kontua da, ordea, egileek hitzaren aldeko apustu garbia egin dutela, horretan ere trebezia izugarria erakutsiz, eta gertakizun oro deskribatu egiten digutela, ekintza fisikoaren esparrua muturreraino zokoratuz.

      Bide horretatik, agerian geratu da bi egileen inspirazioa esaldi bakoitzari zukua ateratzeko, eta, horren ondorioz, are gehiago preziatu dugu Aitziber Garmendiaren euskaratze jatorra, solasaldien bizkortasunari eta testuaren nolabaiteko dentsitatera ezin hobeto moldatu dena. Kontrako platerean, ordea, dramaturgiaren arloa jarri behar dugu, zuzendaria antzezleen lana bideratzera mugatu delako, hitzen bidezko diskurtsorako batere ekintzarik diseinatu gabe. Alde horretatik ere, ekarpen urrikoa suertatu da eremu eszenikoa, dekoratua osatu duten dado elastiko handiek ez dutelako beste munduko ezer adierazi, argumentuak eskatutako giro guztietarako baliagarriak izan arren. Atzeko pantailako irudiak ere apaingarri hutsa izan dira eta ez dute benetan lagundu egoerak girotzen edota protagonisten bilakaera irudikatzen.

      Gauzak horrela, gaitasun itzela erakutsi dute Iker Galartzak eta Itziar Atienza aktoreek testu hutsezko antzezlanari beren dohain natural guztiekin, taula gaineko lan sendoarekin eta bien arteko kimikarekin jo eta ke eusten. Ez da lan makala izan gero, batez ere kontuan izanda bi protagonistei bizitza emateaz gain, haien inguruko beste pertsonaiak guztiak ere gorpuztu dituztela, unean uneko barne aldaketak eginez eta, noizean behin, gitarraz lagundutako abesti xume batzuk tartekatuz.