antzezpen kritikak
< Udako gau batean | Txillarretik Aietera >
Hitzaldi antzeztua
Agus Perez
Berria, 2013-01-20
“Makinista”

Lekua: Zornotza aretoa. Eguna: urtarrilak 18.

      Hasteko eta behin esan beharra dut dezepzio handia hartu dudala Markeliņe taldeko kide historikoetariko batek eszenatokian agertu eta hitza hartu duenean, orduan konturatu bainaiz gaztelania hutsean izango zela emanaldia. Egia esan, ez dakit zergatik, baina beharbada Makinista izenburua horrela idatzita ikusteak —K hizkia eta guzti— eraman nau amua irenstera, eta sinestera hitzik gabeko ikuskizuna ez izatekotan —taldearen hasierako lan mutu haiek oraindik buruan iltzatuta—, euskaraz izango zirela estreinaldi honetarako prestatu diren hizketaldi ugariak. Ez da hala izan, ordea, eta ez dakit euskarazko bertsioa prestatuko ote duten.

      Estreinatu berri den lana aztertzen hasita, nik uste dut honako hau testu gehien duen muntaia dela Zornotzako kolektiboaren ibilbide luzean, eta hasierako hizlariak jakinarazi digunez, antzezlana baino gehiago hitzaldi antzeztutzat jo dezakegu proposamena. Izan ere, hizlariak gidatu ditu taula gaineko ekintzak eta koadroak, haien artean tartekatuz bere hizketaldi mamitsuak: beraien bidez aztertu ditu gizakiak bere sorreratik gaur arte eduki duen jokabidea, eta hainbat gairen gaineko gogoetak plazaratu ditu, erlijioa, ekonomia, historia eta politika bazterrean utzi gabe.

      Hizlariaren rola, ordea, etengabeko solasaldian egon da taula gaineko aktoreekin —hiru gizaki arrunt gehi kapitalismoaren pertsonifikazioa—, eta ekintza eszenikoa Markeliņeren ohiko bideetatik ibili da, elementu oso apalak eta gorputz-lengoaia dinamikoa tartekatuz. Bestalde, esandako baliabideez gain, irudi proiektatu esanguratsuekin hornitu dituzte eszena batzuk, eta noizean behin, aktoreek beraiek maneiatzen zituzten pantaila batzuen gainean egin dira proiekzioak.

      Emaitza eszenikoa, oro har, nahiko irregularra izan da, batez ere hitzaldi nagusitik kanpoko jarduera eszenikoen diseinu nahasiagatik, eta seguruenik, haietariko batzuetan onuragarria izan zitekeen kanpoko begirada baten kontrastea. Beste une batzuetan, aldiz, pasarte politak eraiki dira irudiak, musika, antzezpena eta hitzak konbinatuz, eta haien artean bereziki aipagarriak dira buruzagi indio batek AEBetako presidenteari bidalitako gutunaren ingurukoa, neska baten pentsamenduak proiekzio baten bidez ikusi direnekoa eta, zelan ez, Imagine kantaren bertsio baten inguruan atondutako amaiera.