Lekua: Donostiako Lugaritz aretoa. Eguna: Azaroak 27.
Aurtengo Translatines festibalaren harribitxi nagusia izan zen emakume maputxeek jokaturiko Ņi pu tremen (Ene arbasoak) antzezlan antropologiko eredugarria, eta haren harira sortu zen Emabide izenekoa, Euskal Herriko zenbait emakumeren bizipenen inguruan egina. Jatorrizko ideiaren atzean Chimeres konpainia izanik, Txomin Hegi arduratu da taula gaineko antzezleen hautaketaz, Terexa Lekunberrirekin batera, eta hura ere izan da Didier Ruiz zuzendariaren laguntzailea.
Izan ere, Ruiz espezializatuta dago antzezle ez profesionalekin lan egiten eta, antzerki dokumentalaren printzipioei jarraituz, taula gaineko bederatzi emakumeek apaltasun osoz azaldu dizkigute beraien bizipen aberatsenetariko zati txiki batzuk, beste munduko ezer ez balira bezala. Haien guztien artean, berriz, paisaia gizatiar eder eta mamitsua ehundu dute, beren ahots politekin abesturiko kanta herrikoi ezagun batzuetan bilduta.
Laneko dramaturgia arinaren elementu nagusiak gogoetarako isiluneak, protagonisten presentzia eszeniko sendoa eta solasaldien erritmo pausatua izan dira, baina horren guztiaren oinarrian hiru belaunalditako emakumeen zintzotasun erabatekoa egon da, denari esangura ematen eta geure bihotz eta erraietaraino bere bidea egiten. Bide horretatik, beren bizitzetako gertakizun harrigarri askoren berri izan dugu —gehienetan euskaraz eta beste batzuetan frantsesez, arrazoi bat edo bestea dela medio—, baina horren guztiaren gainetik gehien hunkitu gaituena izan da beraien ahots eta begietatik jakitea beren lurrarekiko eta itsasoarekiko duten atxikimendu itzela. Ikusleek ere beraien hunkidura agertu dute, txaloak joz agerraldi bakoitzaren ostean, eta Donostiako emanaldian Baionakoaren kontrako fenomenoa gertatu da, han espresuki eskatu baitziguten emankizuna txaloekin ez etetea. Orduko hartan osotasun eta indar handiagoa hartu zuen guztiak, baina Donostiakoan ere ulertzekoa zen ikusleek bereziki eskertu nahi zutela emakume haiek guztiek emandako mezu sendoa, hitz hauekin laburbildu genukeena: “ni hau naiz eta munduko leku honetan jarri ditut nire erroak, horrek dakartzan ondorio guztiez jabetuta”.