Konpainia: Kukubiltxo. Zuzendaria: Aristides Vargas. Antzezleak: Marifeli Etxeandia, Maria Alonso, Ainhoa Alberdi, Jurgi Etxebarria, Josu Kamara. Lekua: Santurtziko Serantes aretoa. Eguna: azaroak 24.
Inorako bidaia antzezlanaren estreinako emanaldia Azpeitiko Antzerki Topaketetan izan zen, baina esangura berezia hartu du Santurtzikoak bertatik irten zirelako Montserrat belaontziko bederatzi gizonak, frankismoko garai beltzenetatik ihesi eta etorkizun hobe baten esperoan, nahiz eta ozeanoaren zeharkaldian gorriak eta bi ikusi behar izan zituzten.
Hain zuzen ere, bederatzi ameslari haien odisea hartu du abiapuntutzat Kukubiltxo konpainiak bere bigarren heldu-ikuskizunerako. Lehendabizikoa Haritzaren azalera zehatza izan zen, eta orduko hartan bezala, Aristides Vargasen gidaritzapean jarri dira antzezleak oraingo honetan ere, bere unibertso poetikoa izan zezan antzezlanaren eta ikusleen itsasargia. Vargasek, berriz, itsaso metaforiko batean murgildu gaitu, irudi ahalmentsuak eta testu esanguratsuak erabiliz Javi Ullaren argiztapenarekin batera eta Fran Lasuenen soinu-paisaiaren laguntzaz.
Antzezleek, bitartean, lehorrean geratutakoen gogoetak azaleratu dituzte, ametsetako leku bateko bihotza den Utopia tabernaren inguruan eta bertako zenbait lagun esanguratsuren nortasunak hartuta. Bide horretatik, tabernari irrati zalea, kanpoko askatasunetik datorren mugalari kontrabandista, jaiotzetiko alkate patetikoa, amona zaharraren jakituria eta biloba gaztearen kemena izan dira pentagrama poetiko bateko notak. Seigarren pertsonaia bat ere egon da, denen artean eta txandaka jokatu dena — “Simon, tontoa bezain on”, berak dioenez— eta bere indar dramatikoari esker egoera askoren kontrapuntua lortu da.
Egia esateko, irudien esangura magikoan eta antzezpen guztien dentsitate ukaezinean jarriko nuke nik azentua berbaldi sakonez zamaturiko pasarteetan bainoago, eta antzezpenen artean bereziki aberatsak iruditu zaizkit amonarena eta alkatearena. Azkenik, aipatzeko modukoak izan dira eremu eszenikoaren soiltasun erabatekoa eta objektuen erabilera sinbolikoa, bereziki paperezko itsasontziena, beraien bidez ezin hobeto sinbolizatu direlako gizakiok gugandik haratago joatearen nahia eta ezina.