Amatasunaren deia
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2003-01-19
“Ai, ama!”

Konpainia: Hika. Zuzendaria: Agurtzane Intxaurraga. Aktoreak: Pilar Rodriguez, Ainhoa Aierbe, Miren Gojenola. Lekua: Elorrioko Arriola aretoa. Eguna: urtarrilaren 17a.

      Elorrioko Arriola aretoan ikusi berri dugu Hika Teatroak sortutako azken ekoizpena, Ai, ama! izenekoa hain zuzen ere. Askotan gertatzen zaidan moduan, nolabaiteko prebentzioarekin joan naiz emanaldira oraingoan ere, kasu honetan amatasunaren kontua oso gai labainkorra izan daitekeelako, bigunkerian eta larregizko samurtasunean jausteko duen joera dela kausa.

      Bestetik, nahiko argi daukat lagun askorengandik urrundu naizelako, beren bizitzetako alde guztiak jaioberrien eta seme-alaba nagusitxoen inguruan antolatzen hasi zirenetik. Edo, zehatzago esanda, Urlia eta Sandia izatetik nortasunik gabeko Ama eta Aita izatera igaro ziren momentutik bertatik.

      Horrexegatik harrapatu nau Arantxa Iturberen idazkian oinarritutako antzezlanak. Amatasunaren kontua bere puntuan jartzen duelako, hau da, behar bezalako samurtasunarekin tratatzen duelako munduko gairik sentiberena, baina uko egin gabe ez garraztasunari, ez geure buruarekiko kritika zorrotzari.

 

      Antzezpen sinesgarri eta txukunak

      Taula gainean diren hiru emakumeek elkarren arteko kimika handia erakusten dute uneoro, eta bikain aritzen dira bakoitzari tokatu zaion ama-motaren rola jokatzen. Pilar Rodriguezek —neure belaunaldiko ama gehienen antzera— bost semealaba izan ditu eta horrek, jakina, pisu dramatiko handiagoa ematen dio bere pertsonaiari. Horrek ez du esan nahi, ordea, beste biak atzean geratzen direnik.

      Izan ere, Olariagak sortutako kartelak adierazten duen moduan, amatasun izate berberetik hiru ama-mota aurkezten digu antzezlanak, eta Pilarrek urteek emandako eskarmentua adierazten digun bitartean, Miren Gojenolak eta Ainhoa Aierbek ama izateagatik pozarren dagoenarena eta zio berberagatik lur jota dabilenarena antzezten dute hurrenez hurren.

      Zoritxarrez, baina, testuaren interesaren eta antzezpenen bikaintasunaren alboan oso makal geratzen dira dramaturgia eta arlo eszenikoa. Alde horretatik oso ondo deritzot dekorazioaren hustasun eta zuritasunari, argi-efektu ederrak ahalbidetzen dituelako. Baina, ene uste apalean, erdiko kulunka itzela ekarpen urri-urrikoa da eta agian aberatsagoa izan zitekeen atrezzo gehiago erabiltzea, dramaturgiaren mesederako eta balio eskaseko koreografiak saihesteko. Era berean, alperrik galdutzat jotzen dut atzeko ziklorama zuria, bertan irudi esanguratsu gehiago proiektatuz asko irabaziko zukeelako taularatzearen dentsitateak.