antzezpen kritikak
< Amatasunaren deia | Sartu buru-belarri >
Itsasoz haraindiko maletak
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2002-11-24
“Ekaitz txorien eskua”

Konpainia: Tanttaka. Egilea: Manuel Rivas. Zuzendaritza eta egokitzapena: Fernando Bernues. Euskarazko itzultzailea: Ritxi Lizartza. Antzezleak: Carlos Acosta, Aitor Beltran, Teresa Calo, Kandido Uranga, Bingen Elortza, Pilar Rodriguez, Patxi Gonzalez, Txema Gonzalez. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna:Azaroak 22.

      Tanttakak euskaraz estreinatu berri du La mano del emigrante lana, Ritxi Lizartzaren bertsioan Ekaitz txoriaren eskua deitzen dena. Zalantza izpirik gabe, Donostiako Antzerki Ferian estreinatu zen ekoizpen honek arrakastarako elementu asko batzen ditu bere baitan, hala nola jatorrizko testu interesgarria, zuzenean jotako musika, aktore-talde sendo bat eta eszenaratze erakargarria.

      Testutik bertatik hastearren, Manuel Rivas idazle galiziarrak ekintza dramatiko urri, baina poesia eta iradokizun ugari dauzkan produktua sortu du, gurean ezagunagoa izan daitekeen O lapis do carpinteiro lanaren ildo beretik. Euskaraz egindako bertsioari, aldiz, bitxia baina guztiz zilegia deritzot, euskara, gaztelania eta ingelesa naturaltasun osoz elkartzen dituelako. Azken finean, antzezlaneko pub hartan Babel moduko bat gertatuko zatekeen penintsulatik Londresera joandako garai bateko emigranteen artean.

      Ezen obra honetako argumentu lausoa Londresen hasten da, herriminak jota dauden emigrante batzuen kontu txiki eta arruntekin. Beranduago, baina, haietariko esku baten tatuajeak Galizian ainguratutako iraganerantz eramango gaitu, bertatik berreskuratzeko itsasoak eta bizitzak eragindako naufragoen istorio harrigarriak, batzuk tristeak, beste batzuk dibertigarriak, baina haiek guztiak gizatiarrak direnak.

 

      Eszenaratze poetikoa

      Emigrante guztien sinboloa izanik, maleta da protagonista lan honetako eszenografian. Izan ere, behegaina eta atzeko aldea elementu sinboliko horrekin eraiki dituzte, eta maleta bakoitzak bere irudi, giro edo gogorapena gordetzen du. Tapak zabaltzen direnean argiztatu egiten da barruko irudia, eta sistema irudimentsu horri esker oso era poetikoan irudikatzen dira dramaturgiak eskatutako leku anitzak, Londresko pubetik hasi eta Galiziako hilerrian amaituz. (Bide batez esanda, ez al du hilerriko eszenak Valle-Inclanen esperpento-kutsu zoragarri hura?).

      Baina eszenaratze honetan ez da dena azken teknologien bidez eratzen. Horren adibiderik onena olatuen artean ikusten dugun naufragioaren pasarte dibertigarria da, bertan betiko oihalezko olatuez, kartoizko itsasontziaz eta atzeko dekoratu tipikoaz gozatzeko aukera apala berreskuratzen baitugu.

      Sujeritze handiko giro hori ezin hobeto elkartzen da oroimenaren bizipen eta irudiekin eta, batez ere, lanaren erritmo lasaiarekin, nire gusturako zenbait momentutan lasaiegia den arren. Era berean, ederki ezkontzen dira musika eta hitzak plano estetikoan, baina nire ustez aktore gehienei kemen apur bat eta ahotsa falta izan zaizkie, batez ere narratzailearen rolean dagoen Kandido Urangari.