Konpainia: Maskarada. Zuzendaritza, eta dramaturgia musikala eta eszenikoa: C. Panera. Eszenografia: L. Alonso. Jantziak: C. Saenz de Jubera. Musika: J. C. Perez. Argiztapena: J. Ulla. Koreografia: I. Zabaleta. Ikusentzunezkoak: E. Lorente. Antzezleak: A. Zabaleta, E. Artetxe, I. Urteaga, I. Zabaleta, J. Mugica, I. Oiartzabal, R. Berikoetxea, J. Jauregi, I. Urrutia, P. Ugalde. Non: Santurtziko Serantes aretoan. Noiz: Martxoak 24.
Ezin izan zen lehenengo batean, Juan Carlos Perezen istripua dela kausa, baina bigarrenean bai. Bigarren saialdian aspalditik iragarrita zegoen Ikaro ikuskizuna Santurtziko Serantes aretoan estreinatu zen, Maskarada konpainiaren eskutik.
Hasteko eta behin, ez legoke txarto Ikaro nor ote zen gogoratzea. Denok dakigu hegaz egitea lortu zuela argizariz blaitutako hegal pare bati esker, eta hegaldi arriskutsu hartan Eguzkira gehiegi hurbildu zenez, argizaria urtu eta... itsasoan amaitu zela Ikaro gaztearen bidaia. Bestetik, mitologiak diosku Dedalo izeneko aitarekin batera zegoela gure gaztea Kretako labirintoan galduta, eta bertatik ihes egitea lortu zuela nork eta aitak egindako hegal pare famatu harekin.
Carlos Paneraren proposamenean gure garaiko gazte arrunta da Ikaro eta bizitzako labirintoan mugitzen da, ihes egin nahian agian. Muntaian zehar hainbatetan elkartuko da Dedalorekin eta berak esandako hitz poetikoek (Brecht, Benedetti, Pessoa, Sarrionandia...) haren norabidean izango dute eragina, hala edo nola.
Ederrak dira testuon hautaketa eta deklamazioa, baina azken finean hitzak pisu erlatiboa baino ez dauka, ikuskizunaren alderdi estetikoa zenbait planotan garatzen baita, musika, hitza, dantza eta bideo-irudiak uztartuz. Egitura horretan, hitzak dantzaren plano berean daude eta haren kontrapuntua dira: dantza gazteen hizkuntza izanik, hitzak zaharren pentsamendu landuaren isla dira.
Dantzak bere aldetik jakin izan du narratibotasunetik urruntzen, eta nahiz eta ekarpen berezirik ez egin, argi dago garbi-garbia eta arina dela, gazteen poztasun sentimenduez hornitua. Bestalde, dantzaren gauzatzeari begira, pauso arriskatuen naturaltasunean igartzen ziren entseguetan emandako orduak.
Aktoreen gorputz lengoaiaz, dantzaz eta hitzez aparte, ez dago beste ezer taula gainean, eta biluztasun hori betetzera datoz atzeko pantaila erraldoian proiektaturiko bideo-irudiak. Dena dela, nik behintzat betelantzat hartu nituen irudi haiek, nire ustez ez zutelako betetzen nik espero nukeen zeregina, hau da, musika eta ekintza dramatikoaren arteko zubia izatearena.
Eta pantailaren atzetik J.C. Perez bere taldearekin zegoen, ikuskizunerako bereziki konposatu duen musika ezin politagoa jotzen. Izan ere, musika ez da lan honetan apaingarri soila, bere alderik nabariena baizik, eta une askotan nik uste nuen irudi plastikoek lagundutako kontzertu eder batean nengoela.