Antzezlanak eta konpainiak: Apertura orangutan (Narruzko zezen), A viaxe de Lola (Alalá), Dama eta kardinala (Txalo), 8 olivetti poetiko (Antzerki Imaginarioaren Fabrika). Non: Eibarko Hezkuntza Esparruan. Noiz: Martxoak 20, 21, 22 eta 24.
Gaztetasuna izan da nagusi Eibarko Antzerki Jardunaldietako bigarren astean, izandako lau lanetatik bat talde unibertsitario baten eskutik etorri delako eta beste bitan konpainia gazte berriak aritu direlako.
Narruzko zezen izenaren atzean Eibarko Hezkuntza Esparruko antzerki taldea dago, eta ohitura da jardunaldiotan urtero aurkeztea antzezlan bat, Juan Ortegaren zuzendaritzapean. Aurtengoan Fernando Arrabalen Apertura orangutan taularatu dute, era nahiko duinean gainera, antzezleen urduritasuna eta beldur eszenikoa gaindituta.
Jatorriz espainiarra den egile hau frantsestzat jo dezakegu, bere produkzio ia osoa herri horren hizkuntzan sortu baitu bertara erbesteratu ostean Francoren errepresioaren ondorioz. Aspaldian ez geneukan kultur arloko enfant terrible izan zenaren berririk, eta vaudeville itxurako obra horrek frogatu egin dit gauza interesgarriak idazten zituela hala nahi izanez gero, egileak egindako gauzarik adierazgarriena ez bada ere.
Eibarren ere egon da Euskal Herriko hainbat tokitatik igarotako A viaxe de Lola. Galiziatik etorritako lau neska gaztek mundua eta bizitza emakume ikuspegitik aurkezten dizkigute lan xume eta zuzen horretan, batzuetan umoretsu, beste batzuetan garraztasun apur batekin. Lana oro har atseginez ikusten da, baina nik gehienbat faltan nabaritzen dut eszenikoki zerbait gertatzea. Izan ere, gauza interesgarriak esaten dizkigute —nahiz eta batzuk hainbatetan entzunak izan— baina dramaturgia aldetik hutsune nabariak ditu muntaiak, eta nik uste dut begiak itxita ere ez genukeela ezer galduko.
Euskarazko antzezlan bi
Dama eta kardinala dugu, zalantza barik, jardunaldiotako lan nagusienetariko bat. Muntaiak badauzka ageriko balio batzuk, hala nola Ramon Barearen zuzendaritza, Jose Ibarrolaren lan artistikoa eta Pascal Gaigneren musika. Bestetik, Jacques Rampal egileari Parisen emandako sariak testuaren interesa bermatzen du. Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zenean lan aktoralaren balioa azpimarratzen nuen orduko komentarioan, eta lan horrexegatik jaso berri dute sari bana protagonista biek Euskal Aktoreen Batasunak antolaturiko jaian.
Jai berean eskuratu du Ander Lipusek Jokalari Berriaren saria, eta segur aski eragina izan du erabakian berak zuzendutako 8 olivetti poetikoen itzala. Kafkiar giroko egunkari baten erredakzioan kokatzen den muntaia horretan zortzi gidoigile eta hamaika antzezle gaztek hartzen dute parte testuak, ekintzak, koreografia eta musika uztartuz.
Muntaia ikustean argi geratzen zaigu gazteengandik espero ahal duela antzerkiak berriztatzeko beharrezko zaion kemena.