antzezpen kritikak
< Egungo amak | Itzul gaitezen haurtzarora! >
Gotenstrasse, 5-4.C, Hamburg
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1995-11-24
“Henry Bengoa inventarium”

Egilea: Bernardo Atxaga. Taldea: Hika. Aktoreak: Joseba Aierbe, Miren Gojenola, Mikel Laskurain. Ahotsa: Goiko. Musika: Joxan Goikoetxea eta Joseba Tapia. Zuzendaria: Jorge Amich eta Macarena Pombo. Tokia: Getxoko Getxo antzokia. Eguna: Azaroaren 18an (euskaraz) eta azaroaren 19an (gazteleraz).

      Bakar-bakarrik nabil Getxo Antzokira, zeren euskarazko estreinaldira nirekin etortzeko zen neskak azken momentuan huts egiteko ohitura itsusia baitauka, baina hara ailegatzean sorpresa atsegin bat jasotzen dut: aretoa ia beteta dago!. Ez da hain harrigarria gero, hobeto pentsatzen badut, Bernardo Atxagaren testu bat delako, “Henry Bengoa Inventarium” hain zuzen ere, Hika taldeak taularatua. Gaueko bigarren ezustea esku-programa zabaltzean heltzen da. Ikusiko dudana zer den jakiteko asmoz hartu egin dut sarreran, baina hara non bere barruan Hamburg hiriko plano bat baino ez dagoen, hainbat iragarki ezberdinez ornituta, Gotenstrasseko garagardotegi batena barne. Hau bai sorpresa!. Egiazko bizitzan orientatzeko balio izango zuen planoak justu kontrako funtzioa betetzen du oraingo honetan. Lehen baino desorientatuagoa nago orain, baina batek daki ... agian horrela izatea nahiago dut. Ez dakit zer gertatuko ote den eszenan, eta era honetan baldintza berdinetan nago protagonistekin. Azken finean Henry Bengoaren lagunek ere ez dakite zer aurkituko duten Hamburgora heltzean eta ezta protagonistak berak ere ez ditu ezagutzen beraren noraezeko ibilbide existentzialaren motiboak. “Galde egidazue non, edo noiz, edo zelan, baina ez galdetu zergatik”, esango die atzean utzitako lagunei behin eta berriro, urruntasunetik.

      Bernardo Atxagaren testuak bikain jolasten du hainbat elementurekin, bi bloke dialektikotan bildu ditzakegunak alegia. Lagunak alde batetik, hemen dagoena, bihotzean gordetzen dugun iragana. Henry bera bestetik, beharrezkoa den geroa, desegurua eta arriskutsua izan arren. Eta elementu solte hauek guztiak bikain erakusten dira ere eszenan taldeak burututako ahaleginari esker. Arlo honetan aipatzekoa da testuari egitura dramatiko kementsua emateko lana, eta funtsezkotzat jotzen dut era berean eszenatokiaren kontzepzio interesgarria, Henryren gauza propioak ikuskatzea permititzen diguna eta bere etxebizitzaren “barnea” eta “kanpoa” garbi markatzen dituena, horrela beste elementu dialektiko bat izanik. Lan aktorala dugu eszenaratzearen beste zutabe sendoa dudarik gabe, Joseba Aierberena bereziki, nor eta bere presentzia zehatzaz Henryren figura independente eta ezmoldakoia ederki adierazten duen.

      Amaitu baino lehen, muntaiaren hautapen musikala bakarrik geratzen zait komentatzeko, ederra zinez eta adierazkorra oso, emanaldia zabaltzen eta ixten duen Joxan Goikoetxea eta Joseba Tapiaren “euskal-rap”-a batez ere. Sentitzen dut benetan nire lagunagatik. Berak galdu egin du eta.