Itzul gaitezen haurtzarora!
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1995-10-17
“Umekeriak”

Antzezlana: “Umekeriak”. Egilea: Raymond Cousse. Itzulpena: Jose Luis Agote. Taldea: Tanttaka. Antzezlea: Jose Ramon Soroiz. Eszenografia: Jon Berrondo. Argiztapena: Patxi Ariztimuņo. Jantzia: Pepi Soroiz. Musika: Pascal Comelade. Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Non: Getxoko (Bizkaia) Getxo antzokian, Getxoko XIII. Antzerki Jardunaldien barruan. Noiz: Urriak 13.

      Itzul gaitezen haurtzarora! Eta ezin badugu itzuli, gogora dezagun behintzat une batez zelan ikusten genuen mundua lau, sei, agian zortzi urte genituenean: hauxe da Raymond Coussek bidaltzen digun proposamena “Umekeriak” lanean. Izpiritu libredun idazle frantziar honen obrak protagonista bakarra dauka, heldu-umea, edo, hobeto esanda, gogorapenen mundura itzuliz haurra bihurtzen den heldua.

      Seguru Raymond Cousse ezagunagoa dela gure artean “Bi urdaiazpikotarako estrategia” idazteagatik, baina beharbada ere nor edo nor gogoratuko da orain dela urte batzuk Pep Cruz aktoreak Bilbon antzeztu zuela Cousse-ren obra bera emaitza artistiko bikaina lortuz. Dena dela, ez baduzue gogoratzen ez egin negarrik, Tanttaka konpainiak sortutako bertsioa ez da atzean geratu eta. Raymond Cousse nor zen kokatzearren, hasteko nahikoa da inkonformista hutsa izan zela bere bizitza osoan bere burua hil arte, eta gaztetasunean 68ko maiatza famatuan parte hartze aktiboa izan zuela. Bestalde autodidakta izan zen heziketa kulturalean zein dramaturgikoan, eta aipatu ditudan bi ezaugarri nagusi hauek (helduon munduaren absurdoak agerian uztea eta bizitzaz etengabe ikastea) lan honen testu osoan zehar islatzen dira.

      Eszenaratzeari begira, autoreak berak ematen ditu hainbat ohar protagonista janzteko moduari, eszenografiari eta interpretatzeari buruz, eta Tanttaka taldeak ederki jakin du probetxua ateratzen eskuetan daukagun produktu borobila eta arina lortzeko. Erakusten den dekoratua sinplea eta ederra da aldi berean, eta argiztatze koloristak primeran laguntzen du giro ezberdinak sortzen. “Umekeriak” lanaren testuak protagonistaren haurtzaroko milaka gogorapen ezberdin zeharkatzen ditu, baina egitura horrek eskatzen dituen etenaldi ugariak arintasun handiz egiten dira, lanaren erritmoa inola ere eten barik.

      Aktore lanaz hitz egiten badugu, konpainiak nahiago izan du antzezle bat (Jose Ramon Soroiz) euskarazko bertsioan aritzea, erdarazkoan beste bat (Enrique Diaz de Rada) izanik. Aukera bietan antzezleak pertsonaia ezberdinen rolak egin behar ditu, apaiza izate- tik, kasu, harakina izatera ume baten pentsamenduak bezain arin pasatuz, eta hala zuzendariak nola antzezleen bikoteak soberan gainditzen dute apustu interesgarri hau. Horrela betetzen da Raymond Coussek utzi zuen oharretako bat testu hau interpretatzeko: “Kontatzea, antzeztea, mimo egitea, hauexek izan behar dute harmonikoki nahastu behar diren jolas eszenikoaren hiru graduak”.