Publikoa ia-ia konturatu barik igaro da Bilboko XIII. Txotxongilo Jaialdia, bere ezaugarri nagusiak aurkeztutako taldeen kalitatea eta antolatzaileen ganora falta izanik. Eta pena da benetan, Arriaga, Ayala eta El Carmen aretoetatik munduko beste bazterreko hainbat sorkuntza interesgarri ikusi izan ahal direlako, banakakoak zein kolektiboak. Baina guzti-guztiak ez dira kanpokoak izan, atera berriak diren Euskal Herriko bi muntaia garrantzitsu ere azaldu baitira, beste momentu batean zabalago komentatuko ditugunak: alde batetik PanthaRei taldeak bere euskal mitologiari buruzko trilogia “Las brujas de Zugarramurdi” lanarekin osatu du, eta bestetik Cobayaren “En tomo a la vida” lana dugu, zeinekin Javier Perezek antzerki munduan daramatzan 25 urteak ospatzen dituen.
Jaialdia Centro Dramatico Galegok ekoiztutako “O mariscal” obrarekin hasi zen. Errege-Erregina Katolikoen kontrako galiziarren erresistentzia kontatzen zuen ikuskizunak. Erresistentzia haren burua Pedro Pardo de Cela mariskala izan zen eta azkenik beste nobleek traizionatu eta Gaztelan exekutatu zuten armalagun batzuekin batera. Erabilitako dekoratuek, argiztaketak, panpinen akatsik gabeko manipulazioak eta karakterizazioak, hala nola testuaren maila literarioak benetako antzezlan handia bihurtu zuten kategoriazko muntaia hau.
Banakako lau konpainiak hartu dute parte jaialdi honetan (datu honek diru murrizketa ezer baino hobeto erakutsiz) eta haietariko hiru ikusi izan ahal dugu, oso proposamen eszeniko desberdinak eta interesgarriak zituztela. Kubako Papalote konpainiak mirari txiki bat aurkeztu zigun, laburra, arina, fresko baino freskoagoa, graziaz eta ilusioz beterikoa, aktorearen lepotik eskegitzen zen “eszenatoki” tolesgarri batez lagunduta bakarrik. Bere Txirkandaren Antzerkiarekin Valeri Ponarin errusiarrak “Gulliver Liliput herrian” istorioa azaldu zigun; bera zen Gulliver, jakina, liliputarrak bere atzamarrak izanik. Mundiala hitz batean. Ideia, sinpletasun eta egitearen aldetik, mundiala. Ikusi genuen azken banakako muntaia “Historia del fin del mundo” izan zen Roman Paska-rena (EEBB), ikuskizun abstraktua, daliniarra estetikari begira, ederra oso, depuratua oso, baita orbitatik irtendako samarra ere.
Ocelot taldeak “Somos maíz” itzalen lana taularatu zuen, El Salvadorko indioen kondaira polit batean oinarritua eta “La historia de un huevo perdido”, non argi utzi zuten euren trebezia haurrek parte har zezaten. Eta jaialdia amaitu zen Puppet Players Alemaniako konpainiaren programa bikoitzaren esku:
“Victoria” izan zen lehen partea, hariz mugitutako txotxongiloak zuzenean jotako akordeoi musikaz lagunduta, umore dramatiko estilo berezi batez istorio triste bat kontatu zuten; eta “Lisistrata” bigarrenean, Aristofanesen komedia aurrefeminista, estetika kubistan diseinaturiko panpina dibertigarriekin, mugitzean gainera mota askotako zarata musikalak sortzen zituztenak.
Kalitatea beraz ikusitako emanaldi guztietan, eta zailtasun ugari antolatzaileen gaitasun falta dela medio: ikusi izan ez diren kaleko kartelak, eszenatoki desegokiak, bitarteko teknikoen urritasuna, gaizki dei egindako prentsaurrekoak... Pena da benetan, konpainia hauek guztiek erakutsitako esfortzuak eta mailak beste begirune eta beste eskertasun bat merezi zutelako.