Gizagaixo baten istorioa
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1994-12-08
“Errenta”

Egilea: Ramon Agirre. Taldea: Bederen 1. Zuzendaria: Ramon Barea. Eszenografia: Jon Berrondo. Argiztatzea: Santi Ezkurra. Musika: Toni Villar. Jantziak: La Gallina Ciega. Antzezleak: Ramon Agirre, Maribi Arrieta, Amaia Lizarralde, Xabier Agirre. Tokia: Gernikako Institutuko Aretoa. Eguna: Abenduaren 3an.

      Segur aski atiko batean bizi dela, ez dakigu fijo, baina sabaian ikusten diren leiho lohituetatik kanpoko argiak ezin du ia sartu, eta bazter guztiak beteta daude: ohea eta burukoak, mahaia, liburuak, armairua, komuna, sukaldea... dena lau metro karratutan. Ez dago zalantzarik, atiko bat da eta errenta-apartamentu txiki eta pilatu honetan bizi da komedia honetako protagonista. “Errenta” deituriko komedia, euskaraz idatzitako jatorrizko testuak aurtengo Donostia Hiria Saria jaso duena hain zuzen ere.

      Esku-programak ez ditu behar den beste islatzen lanaren asmoak eta sakonera. Egia da alde batetik, lehenengo unetan mila aldiz ikusitako egoera nahasgarrien komedia tipikoa ematen duela. Badakizue, bikoteen arteko betiko gorabeherak eta elkar-aldaketak. Baina emanaldia aurrera doan ahala, pertsonaia nagusiaren irudia gauzatzen doa apurka-apurka, dentsitatea atzematen du, bizitza propioa hartzen du gorabehera eta endredoen gainetik, bere giza ezaugarriak (ahultasun eta miseriak batez ere) adierazten dizkigun bitartean. Gure gizonaren torpeziak irribarrea pizten digu, nahiz eta gure aldiz bizitzaren jokoan oso trebeak ez izan; dibertigarriak ditugu bere hanka sartze ugariak, baina argi dakigu sarritan pasatu garela geu ere antzeko larrialdietatik, bere amets sekretuak eta ez garatutako proiektuak hurbil baino hurbilagoak ditugu. Testu sendoa eta adimentsua dugu gaurko hau beraz, eta guztia biribiltzeko, erabat teatrala den amaiera bitxi batek errealitate gordinera itzuliko gaitu, protagonistaren ideia eta sentimenduen puzzlea osatzeko falta zitzaizkigun piezak azkeneko minutuan erakutsiz.

      Ramon Agirre, Maribi Arrieta, Amaia Lizarralde eta Xabier Agirre dira obraren lau pertsonaiei bizia emateko arduradunak, testuaren egilea Ramon Agirre bera izanik gainera. (Kointzidentzia bitxia, zeren komediaren barruan ere pertsona jakin batentzat pentsaturiko antzezlan bat protagonistak berak idazten baitu). Pertsonaia batzuen interpretazioa hotz samarra izan bada ere hasiera batean, arin berotu dira guztiak euren roletan, pertsonaiarekiko zegoen distantzia gaindituz. Distantziaren kontzeptu hau zaila dut azaltzen, baina nik esango nuke “rol ikasia” eta “rol barneratuaren” arteko ezberdintasunean datzala. Ildo horretan, Ramon Barearen zuzendaritza lanari merezimendurik kendu nahi ez izan arren, nire iritziz Bederen 1 konpainiak gainditze-ahalegin izugarria egin du muntaia honekin pertsonaiaren barneratze-lanean eta bide hau jarraitzeko animatuko nituzke nire aldetik.

      Hona helduta, argi dago mota honetako antzezlanak gustukoak ditudala, freskoak eta garbiak direlako, bihotzez eta maitekiro landuak. Lan mota hauek antzerkiak duintasuna lortzen duen puntuan daude, baina handikeriak eta baliabideen desmasiak ez dituzte oraindik jan. Zorte izan ba!