Noiz: Abenduaren 23an. Non: Juanba Berasategi aretoan, Pasaian.
“Ez zaizkit egun hauek gehiegi gustatzen. Bada zerbait goibeltzen nauena”. Azken egunak berdina esan eta esan, baina, ai, Pasai Donibanera heldu, badia ertzetik oinez hasi eta baretasun horrek, gehiegikeria ezak kontrako zerbait esan dizu. Bat-batean, etxe artean, lagun talde bat gabon kantuan. Ez dute inor begira, eta eurentzat ari dira. Albotik pasatzean lagunari, “bale, hau gustatzen zait”. Erlojuari begiratu, eta, akordatu orduko, ibilitakoa desibili beharra; zazpietan hastekoa da antzezlana.
Jon Ander Alonsok zuzenduta, Eneko Sagardoy eta Miren Gaztaņaga ariko dira agertokian; jakin, ez dakizu askoz gehiago ikustera zoazenaz. Igande iluntzea da, eta poza ematen du hainbeste jende ikusteak. Berandutu egin da. Baina sartu gara, bete dugu aretoa eta ekin diote. Lehen flasha kamerarena: aktoreek hari hitz egin diote antzeztu artean, eta oholtzako bi pantailetan agertzen da zuzenean. Hari narratibo argi baten faltan, aktore bien arteko solasa bihurtu da obraren ardatz nagusi. Saltoka doa dena, eszenaz eszena, eta izenez deitzen diote elkarri. Miren. Eneko. Horra obraren beste osagai erakargarrienetako bat: aktoreen benetako bizipenen eta eraikitako pertsonaien artean dabil gidoia; Argentinako psikoterapeuta bat da Gaztaņaga batean, eta duela bi urte bizitako boikot deiaz ari da bestean; Sagardoyk 22 urterekin hil zitzaion lagun bat ekarri du gogora, eta heriotzaz jantzi da gero.
Heriotza da gaia, baina ilunetik baino gertuago dabil umoretik, heriotzari zintzotasunez begiratzetik. Barre negar egiteraino Sagardoyk heriotzarena egin duenean, eta, segidan, berriz malkotan, baina kontrara, Gaztaņagak amona zenduari hitz egin dionean. Ordubete pasa iraun du obrak, eta letra larriz aipatzekoa, aktore bien talentua.
Emanaldi ostean, solasaldia. Erdira jaitsi da publikoa, eta sormen prozesuaz aritu da taldea. Ez-ohiko galdera bat egin den arte: “Zer da benetan hau egitea? Ekonomikoki, alegia?”. Alonsok zuzen: “Galera ziurra”. Glup jendeak. Zaila dena zailagoa izan du antza obrak: ez dakite oso ongi zergatik, baina 2017ko azaroan estreinatu zutenetik zortzi emanaldi baino ez dituzte egin. Antzezlanak eragindako sentsazioetatik kolpetik egin duzue lurrera. Baina barrutik ari dena, benetan ari da: heriotzaz moralkeriarik gabe; antzerkigintzaz, maskararik gabe.
“Ez dut sinesten kasualitateetan, uste dut dena gertatzen dela zerbaitengatik”, dio Gaztaņagak oholtza ertzean jarrita. “Eta, orduan?”, galdetzen Sagardoyk. “Bihar deitzen badizute esanez atzo goizeko ordu bietan auto istripuz hil nintzela?”. “Hemen egin beharrekoak egin dituzula pentsatuko dut”, Gaztaņagak. “Egin beharrekoak egin ditudala? 24 urterekin?”. Isildu, eta hor itxi da eszena.
Hurrengo goizean, albistea dakar egunkariak. Antzerkian ondoan izan zenuen lagunak bidali dizu: “24 urteko gazte bat hil da Los Arcosen, Nafarroan, trafiko istripuan”. Badia, gabon giroa, hotzikara bikoitza.