Euskara, ospitalean
Arantzazu Fernandez
Gara, 2019-02-03
“Ghero”

 

      Tartean-en eta Euskaltzaindiaren elkarlanari esker daukagu “Ghero” ikusgai gure oholtzetan; euskararen iraupena du mintzagai, 3000. urtean kokaturik, balizko hizkuntza globala nagusitzen denean, azken euskaldunaren bizitzako amaierako ordubetean. Ospitalean dago euskara besterik ez duela gogoratzen, garaiko mintzaira globala ahaztu egin zaiola. “Translator” (itzultzailea) dela medio, euskararen gaineko iraganeko bederatzi pasadizo aletuko dizkio bere sendagileari. “Ghero” hasi baino lehen, aldameneko ikusleen arteko elkarrizketa erregistratu dut: «Ea ondo pasatzen dugun», dio batek; «pasatuko ez dugu, ba!», erantzun dio besteak. Patxo Telleria eta Mikel Martinezen lanak ikustera etortzen den publikoa umorearen egarria aseko diotelakoan hurbiltzen zaiela etorri zait gogora. Euskararen gaia ikuspuntu umoretsutik behin baino gehiagotan landu dutelako, harik eta “Ez dok hiru”-ren ezaugarri nagusia bihurtu den arte, harik eta gurean umore linguistikoaren generoa borobildu duten arte.

      Telleriaren dramaturgia, David Rodriguezen argiztapena eta Ana Garayren eszenografia ez ezik teatraltasun maila ere goraipatu nahi dugu. Lan honek, stand up comedy arinetik aldentzen den heinean, umorea dosifikatu egiten du, haren aurrekariak (“Euskarazetamol”, “Lingua Nabajorum”, “Euskara sencilloaren manifestua”)... baino askoz sendoagoa suertatzen zaigularik. Bi aktorek (Mikel Martinez eta Ane Pikaza) fabularen hari nagusiari heltzen diote, beste hirurek (Patxo Telleria, Iñaki Maruri eta Olatz Ganboa) rol ezberdinak jokatzen dituzte aurreko bien solasaldian pasarteak txertatuz. Erritmo bizia da, istorioa eten duten kantek musikal aldera lerratzen dute antzezlana lehenbiziko “Dagoll Dagom”-ekoen estiloaren antzera. Bizitasuna da nagusi eszena aldaketetan, bi belaunaldi daude oholtza berean, gazteen artean Olatz Ganboak du aukera zein ona den erakusteko. Txantxak ezin hobeak dira. Gure ahuldadeei buruz barre egitea zein ona den sentitzen dugu, eta horrekin batera, formula aberastu honek osasuna sendoa izan dezan nahi dugu.