Konpainiak: Hara Nori, Tranpola, Pez Limbo, Kolectivo Monstrenko. Lekua: Errenteriako Niessen aretoa. Eguna: Ekainak 18.
Eztena jaialdiaren barruan denetariko gertakari eszenikoak izaten ari dira egunotan Errenteriako zenbait gune eta aretotan, eta asteburuaren hasieran Orereta meets Gasteiz delako egitaraua programatu dute Niessen aretoan.
Izenak dioen bezala, Arabako talde batzuk gonbidatu dituzte jaialdira, Gasteizen dagoen oparotasun eszenikoari errekonozimendua emanez eta ikusleen eskura jarriz bertako lan aurreratuak. Egia esan, lau talderen piezak ikusi ditugu, baina Ainhoa Alberdik eta Oier Guillanek egindako aurkezpen naturalak nahigabeko maila performatibo polita lortu du elebitasunaren kontura, halako moldez non ikusleren batek “Pena!” adierazi baitu atariko azalpenak amaitutzat jo ostean.
Benetako piezen arlora igarota, erraza egin zaigu lauren arteko ezaugarri komun batzuk topatzea: laurak sar daitezke bete-betean antzerki posdramatiko delakoaren kategorian, lauretan apurtu da era batean edo bestean laugarren pareta famatu hura ikusleekin zuzenean komunikatzeko bide zabalagoak edo zarratuagoak ezarriz, gorputzen fisikotasunak garrantzia hartu du guztietan, eta laurek izan dute atzean giza kondizioari buruzko hausnarketa bat, ulergarriagoa edo adigaitzagoa kasuan kasu. Era berean, nabaria izan da antzezle guztien inplikazioa, eta kalitate bikaina antzeman dugu bai antzezpenetan bai eszenako elementuen koherentzian.
Hara Nori kolektiboak zabaldu du egitaraua Yparchoume lanarekin, eta alboko pantaila batean agertu diren mezuek italierazko, errusierazko eta ingelesezko ahotsen testuak itzuli dizkigute era desegituratuan, Marina Suarezek eta Patxi Suinagak basurde baten eta estralurtar baten solasaldia deskribatzen ziguten bitartean. Hermetikoa iruditu zaigu planteamendua, baina baliteke hemendik hamar urtera, demagun, pieza oso aurreratu eta aitzindaritzat jo behar izatea, bere araztasun erostezina dela eta.
Ane Gebarak eta Josune Velez de Mendizabalek osatzen duten Tranpola kolektiboak Txilin hotsak eskaini digu jarraian, teatroari bide berriak zabaltzeko nahia erraietatik azalduz. Gianni Rodariren ipuin batekin hasi dena konbentzionalismo ororen kontrako eztanda basati eta umoretsu bihurtu da bien kemen eta dohain eszenikoei esker, eta ikusleok barrez lehertzeko zorian egon gara bien zintzotasunetik jaiotako erokeria asaldatuekin.
Pez Limboren Itsas behera-n Unai Lopez de Armentiak eta Jabi Barandiaranek Frankensteinen mitoa birsortu eta konektore neuromoralen kontzeptua aipatu digute istorioaren ikasgaiak aletzeko orduan. Izendapen egokia iruditu zait antzezlan mota hauek betetzen duten rola deskribatzeko, eta ideia bera baieztatu da Kolectivo Monstrenkoren Espejismos — El lado épico piezan: Far West-eko estetika, esaldi estereotipatu eta ahots zein keinu hanpatuetan bilduta, gogoeta sakonak, umore bikaina eta egoera surrealistak eskaini dizkigute gitarra jole baten laguntzaz, eta atzeko pantailan ikusi ditugun zeru horiek azken finean, Vitoria-Gasteizkoak zirenak Sartalde Urruneko lur desolatuetaraino eraman gaituzte. Eurenak bai konektore neuromoralak!