Konpainia: Eromen produkzioak. Egilea: Iņigo Dierez. Zuzendaritza: Amancay Gaztaņaga. Zuzendari laguntzailea: Erika Olaizola. Eszenografia eta argiak: Amancay Gaztaņaga. Jantziak: Ainhoa Badiola. Makillajea: Xanti Agirrezabala. Antzezleak: Zestoako antzerki eskolako kideak. Lekua: Zestoako Caravan Park pabilioia. Eguna: ekainak 30.
Zailtasun guztien gainetik eta antzerkiak dauzkan balio agorrezinetan sinistuta etorri da aurten ere Zestoako Antzerki Astea. Beti bezala, antzezlan interesgarriak programatu dira —Iluntzen, Atzerrian lurra garratz, Fadoak entzuten zituen gizona…—, baina, normala denez, zentraltasuna hartu du hango Antzerki Eskolak prestatu duen Guateke lanak.
Indarrean dauden neurriak kontuan hartuta, ezin zen ohiko aretoan emanaldirik eskaini, eta —herri-elkartasuna zer den— bertako enpresa bateko pabilioian atondu dute antzokia, baldintza txukunetan atondu ere. Taula gainean herriko 31 antzezle ikustea —lau euskal dantzari eta txistularia barne— pozerako motiboa da, eta hori ere izan da gainditu beharreko oztopoa, entseguak azpitalde txikiagotan egin behar izan dituztelako. Hala ere, emaitza eszenikoa polita eta borobila izan da, Amancay Gaztaņagaren gidaritzatik espero zen bezala, eta beste behin baieztatu da talde ustez amateurrek sorkuntza estimagarriak edo bikainak ere plazaratu ahal dituztela kalitatezko testu batekin eta zuzendaritza on baten pean.
Iņigo Dierez dugu Guateke honen egile —bera ere egon da antzezle, gaiztoetan gaiztoenaren rolean—, eta bere planteamenduan guateke zoro batean daude antzezleak, munduaren gaitzetatik urrun. Emanaldiaren hasiera probestu du egileak pertsonaia berezi batzuk aurkezten joateko —DJa, Edith Piafen ahotsa duen abeslaria, polizia autoritarioa eta bere laguntzaileak, drogazalea eta droga saltzailea…—, eta gauzak korapilatu ahala gai askori heldu dio, hala nola feminismoari, amatasunari, Zaldibar eta Donostiako zuloei, COVID-19ari eta gorputzen gaineko abusuei.
Halako batean, munduaren amaiera iragarri die zoro itxurako batek —Andoni Mutiloa— festako partaideei, eta hauts zuria airetik masiboki zabaldu denean askoz surrealistagoa bihurtu da guztia, antzezle batzuek beren buruari galdetu arte nor ote zegoen hilik, haiek edo besteak, alegia.
Gaztaņagaren dramaturgia testuaren zerbitzura egon da une oro, eta guatekeko dantzaldi libreak unean uneko solasaldiekin konbinatu ditu antzerki zein zinema teknikak erabiliz: dantzarien irudi izoztuak, kamera geldoko mugimenduak, antzezleen talde eskultorikoak eta mugimendu koreografikoak, besteak beste. Jantzien koloretasunak eta makillajearen diseinuak pantomima giroa eman diote gizartearen erretratu ironikoari, eta eszena batzuek bikaintasuna eta esangura sakona lortu dute testuaren eta dramaturgiaren elkarketa emankorrari esker. Azkenik, hona hemen emanaldiaren funtsa adierazten duen etsenplu bat: eromenaren apoteosian alfa ar batek bere burua bota du amildegira, inork eskatu ez dion ekintza heroiko bezain burugabe batean.