Pascal Rambert-en “Clôture de l’amour” obraren euskararako egokitzapena, Rambert beraren zuzendaritzapean. Aktoreak: Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy. Lekua eta eguna: 2021eko urriaren 17a, Donostiko Antzoki Zaharrean.
Antzokiko argiak itzali eta berriz piztean, obra tentsio handiz hasi da: lehenengo arnasarako ere isilunerik ez dute uzten Enekoren pauso irmo eta gogorrek, Eneko handi, luze, bizar-beltz batek. Iruditzen zait dena baina altuagoa dela, handiagoa, sendoagoa, ez dakit: bere galtzei begira geratzen natzaie, bakero urdin ilunak, zuzenak dira, urradurarik gabeak, gerriko beltzez tinko lotuta. Bularrean alkandora zuria eta oinetan oinetako beltzak, politak ez diren horiek, baina korrika egiteko balio dutenak. Korrika egiteko edozein momentutan. Aurrerago ulertuko dut zergatik.
Hitz-jarioa hasten da bere ahotik, sutsu, haserre, minduta, bikote batek eduki dezakeen eztabaidarik desatseginenetako batean. Bihotza bizkortzen dit eta gorputza zutuntzen, edozein momentutan belusezko besaulki erosotik altxa eta ihes egiteko moduan. Pentsatzen dut eszena honek ezin duela gehiegi iraun, aktorearen muturreko arnas-estuaz jabetzen naizenean, berak ezingo diolako eutsi eta gu ere —akaso nik enpatia gehiegi daukat— ez garelako batere ondo pasatzen ari. Baina nork esan du ondo pasatzera etorri garenik? Berriro ere, ikusi nuen azken obran bezala, publikoak kezkatu nau: deseroso egongo direla imajinatzen dut, eta orduan deserosotasun kolektibo bat antzeman espazioan, antzoki guztia barne hartzen duena, hain ederra, hain zabala, hain altua. Airea kondentsatu egin da. Eta bizkarra ematen digun Miren amildu bati hitzak jaurtitzen jarraitzen duen Eneko segi eta jarrai, lerdea atera arte, alkandora zuria listuz eta izerdiz bustitzen hasita. Uste nuen ez zuela gehiegi iraungo, baina antza denez tesitura horretan jarri nahi gaituzte, denak murgildu maitasunaren itxieraren arrakalan. Hala esaten digute, zeharka aipatzen baikaituzte, modu xelebrean noizbehinka eskertzen ditudan umore printzekin: “Oraintxe bertan hemen publikorik balego, esango genieke: orain da momentua, joan zaitezte, hasi besterik ez naiz egin; beraz, hanka, alde, ospa!”.
Zer alde dago maitasuna eta gerraren artean? Ba al du maitasunak gerratik? Eta gerrak maitasunetik? Maitasun erromantikoak gerrara bidera gaitzake “ametsetik esnatzean”: Nor maitatzen duzu maitatzen duzunean? Zeure burua edo beste hori? Ezagutzen al dugu inoiz, benetan, “beste hori”? Nola egin dakiguke arrotza milimetroz milimetro ezagutzen dugun azal bat? Nola esnatu ezezagun bat ondoan dugula, oraindik gogoratu dezakegun maite baten gorputzean gatibu?
Beldurrezko ipuinak eskutik helduta emanaldia ikusten ari den bikote batentzat. Interpreteek beren pentsamendua irakurriko balute bezala, haien barne-hitzak aireztatu dituzte: “Guri ez zaigu hori gertatuko, gu ez gara horrelakoak”. Eta eskuak indar handiagoz estutzen dituzte.
Noiz hasten gara “Gu” batez eta noiz bukatzen, hiltzen da “Gu” hori? Semantika eta hitzak, hitzen boterea eta beren sormen-gaitasuna oholtza gainean, hori baita zuzendariaren proposamena: bi aktore elkarri esaka. Bi aktore bizi, hala ere, hitz biziak gorputz bizietan, gorputzak eragiten dituzten hitzak, begiak handitzen, ileak harrotzen eta eskuak dardararazten.
Aipatu dut hasieran Eneko oso handi sumatu dudala, handituta, paperak eskatzen dion harrotasuna gorpuzten… edozeinek pentsatuko luke, Mirenen lana ezagutuko ez balu, alboan duen eta bere ondoan txiki, argal, ahul… ikusten den neska hori jan egingo duela, baina energiaren magian sinestu beharrik ez dago ideia hori deuseztatzeko: izan ere, modu miresgarrian egin dio aurre desafioari, eta harreman hierarkiko bat zirudien horrek —nire iruditegian inkluso genero biolentziara jo du—, buelta eman du berdintze edo gailentze aldera, Gaztañagaren lehen mugimendu eta hitzarekin batera, begirada zorrotz eta gorputz osoa, buruko ile puntatik oinetako behatz txikiraino, laguntzaile duelarik. Nire miresmena bi aktoreen trebetasunagatik.
Protagonisten hitzetan, heriotzatik gertuko esperientzia bat bizitzen da maitasunaren apurketak eragiten digun zauriarekin. Herioa bezain hotza azaldu dute oholtza ere: fabrika huts bat dirudi, lurra zuri, biluzik, eta argi gupidagabeak ezereza argiztatzeko.
Samurtasun une bat egon da, halere, eta sakonki hunkitu nau: argiak itzali eta berriro piztu direnean Mirenek Enekori eskaini dion lehen eta azken irribarrea.