Lekua: urriaren 24an, Hondarribiko Itsas Etxea aretoan. Aktoreak: Manex eta Ximun Fuchs, Maite Larburu. Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Musika: Maite Larburu.
Maitasunaren inguruko hausnarketa sakona egiteko gonbitea luzatu digute Axut-eko kideek, oraingo honetan Maite Larburu musikariarekin kolaborazioan, “Ana” pertsonaia protagonistari bizia ematen diona.
Maitasuna sentitzen den zerbait al da? Arrapaladan, izar uxo batek segundo batez zerua zeharkatzen duen bezalaxe bihotzean pizten zaigun txinparta. Ados egongo gara, orokorrean, maitasuna sentitzen dugun zerbait dela… Sentitu, bai, baina non? Bihotzean, bularrean… Edota sabelean, genitaletan, buruan, alegia, adimenean sentitu, ukitu, antzeman, ulertu, aditu, artatu eta eman daitekeena?
Maitasuna sentimendu-emozio bat al da, kontrolaezina, sua bezala piztu eta itzali egiten dena? Noren menpeko? Sugarren menpeko? Eta sugar horiek zaindu, biziarazi edo itzaltzeko boterea maitaleek dute edo zoriaren menpeko daude? Haizeak nondik jo, eguzkia hodeien artean ezkutatu edo ez. Hau da, espontaneoa da guztiz maitasuna, librea, magiaren kodeek gidatua… edo badugu hari horiek manipulatzerik?
Aldiz, maitasuna pentsamendua ere balitz: “burutik” pasatzen da, pentsamendu bihurtzen dugu, eta orduan erabili, mugatu, erabaki egiten dugu. Orduan egiten dugu politiko? Hau da, erabaki?
Erradikalegia ez den edonork esango luke tarteko zerbait dela, baina ez da erraza halako gai konplexu eta sotil batean mugak ezartzea, legeak asmatzea.
Zer dator lehenengo? Emozioa ala ideia? Erraiak, sexua, gorputza, natura, instintua, hormonak, kimika, erreprodukzioa, biologia… Eta zientzia, arrazionaltasuna, ideologiak, kultura, sinesmenak, utopiak, gizarte-ereduak, iraultzak.
Berotzen gaituzte ideiek?
Anak dio maitasuna ekintzak direla, eta ez emozio edo sentimenduak. Emozio eta sentimenduak beren kabuz bizi omen dira, joan-etorrian. Eta gu, haien gatibu? Maisu budistek eta meditatzen duen jendeak esango du baietz, haien txotxongiloak garela, eta hortik askatzea bilatzen dute. Maitasunetik, ordea, seguru ez dute askatu nahi. Maitasuna da bidea eta horrek ez digu sufriarazten.
Orduan, zerk, zerk zabaltzen eta iraungiarazten du barruan daramagun leizea? Zeri ari gara ihesi? Bizitzari berari, beharbada: mina hartzen dugu eta mina eman, bizirik gauden seinale. “Krak!” egiten dugunean bezala: bizirik gauden seinale.
Oreinak bezala izan nahiko genuke: larrua jo lanbro artean!, eta adarrak hautsi, erori edo hiltzean, berriak berregin. Itxoin: uste dut orein-arrak ere borrokatzen direla larru-jotze kontuengatik… Eta maitatu? Badakite maitatzen oreinek? Jakin baitakigu jakin sexua ez dela maitasuna. Ez al zinen enteratu? Sexua ez da maitasuna, baina elkar maitatzen duten horiek “amodioa egiten” dute, normalean eta kasu gehienetan, behintzat, hau da, bikote-harremanetako maitasunaz ari naiz. Bai, bikote: bizi-kideak diren horiek. Kastellanoentzat pareko, badakizu, “pareja”. Botere-harremanak dituzten horiek ez dira “pareja”, ezin hala deitu, edo ez dute hori ulertzen.
Anak dio maitasuna “lekua” izan daitekeela, eta ez “nor”. Zeren, oro har, nor omen da: nor, nori eta noren. Eta lekua balitz, ordea, “nondik?” galde egingo genuke: lekutik eta lekurantz maite, alegia.
Nondik maitatzen dute 20 urteren ondoren elkartzen diren maitaleek? Eta familia gizonek? Ezkonduek? Nondik maitatzen dute maitaleak izan diren lagunek? Izan daiteke maitale eta lagun, eta lagun eta maitale? Edo gauza bat eta ez bestea, edo desagertu liteke noizbait, behin horren bizirik egon zena?
Irakurri berri dut antzezlanaren esku-orrian agertzen den izenburua: komedia sentimental politikoa; eta burura etortzen zaizkit komedia erromantikoak, portada arrosa duten horiek, eta baita odol-hustutzeko dramak ere. Zergatik errepresentatu ohi da taula gainean, zineman eta telebistan maitasuna komedia edo drama gisa? Negar eta barre besterik ez, bi polaritate horien artean bizi dugu, beharbada, maitasuna.
Urduri, deseroso jartzen gaituenari; biluzten, zaurgarri uzten gaituenari; minduta, lekuz kanpo, baztertuta sentiarazten gaituen horri; hunkitzen, samurtzen gaituenari; biziarazten digunari… negar eta barre.
Galderaz beteriko kronika kaotiko bat halako gaia poetizatzera ausartu den antzezlanari.