antzezpen kritikak
< Soka fin gorri batez | Arabako patata >
Berezko lore bat
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
Argia, 2024-11-15
“Zorretan”

Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga. Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran. Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.

      Bere argi propioa bilatzen ari den loreari itzala dakarkio sustraietara helduta egoteak. Kolore ugari ditu eta ez soilik zuria eta beltza. Horregatik dagokio lurra erein aurretik lantzea, lurpean zein gainazalean distira egin dezan. Ez gara plastikozkoak.

      Miren Gaztañagak antzezten duen emakume bat da Zorretan obrako protagonista nagusia. Amarekin izandako harremanak inoiz baldintzatu eta oraindik ere desegonkortu egiten duela aurkezten da hasieratik: urduri, nahasita eta emozio sakonez beteta. Bikotekidea zintzo agertzen zaio atzetik, beti errespetuz eta maitasunez, baina harekin kontatu gabeko erabaki bat hartu du: ama gonbidatzea euren etxera bizitzera. Horixe izango da dramaren gatazka, hortxe hasiko da lurrikara: harreman parentalek etorkizuneko harremanetan eragiten badute, eta hori ulertzea kostatu bazait, eta nirea propioa eraiki badut, eta amak gona janzteko esaten bazidan, eta satorrek bezala lur-azpira sartu nahiko banu, eta bikotea biluzteko gogoa badaukat, eta atzera joateko arriskua badago eta bakarrik bizi nahi badut...

      Honela bada, nola aurkeztu mundura? Harremanen konplexutasun horri buruz hitz egiteko egoera komiko ugari aurkezten ditu lanak: absurdoak eta surrealistak, sinpleak eta sakonak. Sinboloz eta irudiz beterikoa da, poesiaz jantzia. Etengabe ari da zerbait gertatzen izkina bakoitzean eta keinu txikienak ere badauka esanahia. Kontrasteak bilatzen ditu, era berean, ikuslegoaren emozio guztietara iristeraino, atximur egiteraino, samurra bezain mingarria baita.

      Estiloari dagokionez, erabaki ederrak hartu ditu zuzendariak. Antzerki klasikotik edaten duen sofa mardul bat erabiltzetik guztiz hauskorra diren elementuetara: hondarra lurrean botatzea, telefonoak zintzilik, kaxa hutsak, eszenografia mugikorra, pijamak… Nonahi dagoen amaren presentzia eta egotearen eta ez egotearen dikotomia ere izan daiteke gakoetako bat. Horrekin batera, istorio ustez kronologiko bat orainean, iraganean eta etorkizunean kokatzeko gaitasuna dauka. Ez da erraza, gainera, dramarako zineman edo antzerkian guztiz ohikoa den hirukote bat hautatu eta ikuspegi aurrerakoi bat ekartzea. Trentza horrek sortzen dituen korapiloak bestelakoak izatea, eta zaintzari beste zentzu bat ematea, batez ere, protagonistaren garapen pertsonalari eta bere buruaren zaintzari hainbesteko garrantzia ematea; argi-ilunak konplexurik gabe azaltzea eta penarik bat ere ez. Bizitzaren gordintasuna eta edertasuna batera aurkezten ditu, ahulezia eta ausardia, huskeria eta osotasuna. Eta zorrak. Hain pisutsuak izan daitezkeen horiek ezin direla maitasunarekin lotu. Berezko lore bat izateko bidea arantzaz beteta dagoela erakustea, baina norberak minik ez hartzeko direla beharrezkoak.

      Hala bazan eta ez bazan, inoiz huts egin dizuedanoi, berriro gerta ez dadin eta hurrengoetarako ez espero ezer nitaz.