antzezpen kritikak
< Berezko lore bat | Euskal ‘sirenatxoa’ >
Arabako patata
Agus Perez
Berria, 2024-11-15
“La descarada” + “Patata minak”

Sorkuntza eta antzezpena: Ane Gebara, Aitor Vinagret. Lekuak: Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktoria (La descarada) eta Bilboko Kafe Antzokia (Patata minak). Egunak: Azaroak 10 eta 12.

      Boiseko Old Martinek oso denbora gutxian jaso zituen bi letter, baina nik are denbora gutxiagoan ikusi ditut Ane Gebararen bi sorkuntza, bata pasa den igandean eta bestea asteartean. Izan liteke betekada puntu bat eta guzti sentitu izana, baina bietan hartu dudan plazerak hori eta gehiago konpentsatu du.

      Aiaraldea Ekintzen Faktorian (Laudio) ikusi genuen La descarada, Ane Gebara sortzailea antzezle bakarra zela. Seguruenik ikusle asko oroituko ziren Txilin hotsak gogoangarri hartaz, Josune Velez de Mendizabalekin batera sortu eta eszenaratu zena. Nik behintzat orduan deskubritu nuen bikote artistiko gasteiztarraren indar eszenikoa, ikusleekiko zuzentasun hurbilean eta erraietatik ateratako satira finean oinarritzen dena, eta harrezkeroztik ez dut penarik izaten kilometroak egiten haien edozein lan ikustearren.

      La descarada (Lotsagabea) izenburua jarri dio oraingo honetan Gebarak euskarazko lan honi, bere izaera dela-eta horrela deitzen ziolako amama Esterrek noizean behin. Baina jakin beharra dago nolakoa zen Ester hura ere: nortasun handiko emakumea, errepublikanoa gerra osteko Gasteiz hartan eta presoei gutunak eta mezuak helarazten zizkiena berak egindako ogitxoetan, horretarako kartzelariaren zirri desatseginak jasan behar bazituen ere.

      Gebarak dramaturgia bariatu eta sortzailearekin aberastu du kemen eta jakituria eszenikoz beteriko kontakizuna, beharrezko elementuak neurrian baliatuz, musika era pertinentean tartekatuz eta arroparen erabilerari esangura berezia emanez. Amaierarako, gainera, Aitor Andaren bideo-klip batekin borobildu du kontua, Miren Narbaiza Mice-ren abesti ahalmentsu baten laguntzarekin.

      Bigarren sorkuntzak —Patata minak— emanaldi asko izan ditu honezkero, eta orain Bilboko Kafe Antzokian izan dut estreinakoz ikusteko aukera, euskaltegiko ikasleentzako emanaldi batean. Berez, kale-emanaldi bezala diseinatu omen zuten Ane Gebarak eta Aitor Vinagretek, eta suposatzekoa da bizitasun handiko gauza izan daitekeela leku publiko batean edo, are gehiago, benetako merkatu batean antzeztuz gero, baina eszenatokian jarrita ere mundialak egin zaizkigu bi antzezleek paratu duten Arabako pataten salmahaia eta lurreko produktua aldarrikatzeko egin dituzten ahaleginak.

      Aurrekoan bezala, umore azkarra eta kontzesiorik gabea izan da lanaren ezaugarria, eszenarako entrega pertsonal miresgarriarekin batera, eta honetan nabarmendu behar dugu Aitor Vinagreten umore fisikoa, berak hain ondo menperatzen dituen hotsen imitazio batzuk lagun. Pieza honetan —bizipen pertsonaletan oinarrituta ez dagoenez— umore absurdoa eta deliranteagoa izan da nagusi, eta aretoa betetzen zuten ikusle/ikasleek entusiasmoz txalotu dute bi gasteiztar hauen harribitxia.