Ekoizpena: Artedrama. Jatorrizko testua: Ibrahima Balde, Amets Arzallus. Egokitzapena: Timberlake Wertenbaker. Zuzendaritza: Ander Lipus. Zuzendari laguntzailea eta koreografia: Philippe Ducou. Aktore zuzendaritza: Manex Fuchs. Musika: Aitor Agiriano. Jantziak: Ikerne Gimenez. Argiak: Oier Ituarte. Antzezleak: Sambou Diaby, Eihara Irazusta, Mikel Kaye, Ander Lipus. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriaren 25a.
Bilboko Arriaga antzokia erabat bete da Miñan lanaren estreinaldian. Beste batzuetan ez bezala, oraingo honetan ez da oso ikusgarria izan euskal antzezleen presentzia, eta gehiago nabaritu da ikusle gazteena, helduena bazter utzi gabe hala ere. Esandako konstatazio hori gogoeta bihurtu nahiko nuke beste ezer baino lehen, gurean askotan gabiltzalako “antzoki erdi hutsak euskaraz nola bete” eta “ikusle gazteak nola erakarri” kontuei bueltaka.
Alde batetik, nik esango nuke urte askoan egindako lan jarraitu eta determinatuaren fruitua dela. Eta bestetik, kezkatzen gaituzten gaiak era ausartean eta ahoan bilorik gabe plazaratzean datzala gaurkoa bezalako arrakasta. Horri guztiari eszenaratzearen osagaiak —antzezleen lana aurretik— txukun baldin badatoz, konplitutzat eman beharko dugu antzerkiaren zeregin nagusia.
Udaberri aldera esan zidan euskarazko kultur eragile batek ni nintzela Euskal Herri osoan Miñan irakurria ez nuen bakarra —atoan erosi nuen liburua, bekatu larria garbitu nahian—, baina baliteke ni bezalako beste estralurtar bat egotea hortik, eta harentzat esango dut eleberriak ginear baten odisea kontatzen duela. Kontakizuna ezaguna egiten zaigu munduaren egoerari adi gaudenoi, eta horregatik jotzen dut txalogarritzat nerabe eta gazteengana helarazi nahia, haiek jakin dezaten zein mundutan bizi diren.
Ander Lipusen zuzendaritzapean —beste zuzendari bi izan dira, eta horrek asko esaten du izaera horizontalaz— basamortua bezalako eremu idorra atondu dute antzezkizunerako. Hainbat formatako zur biluzizko kaxoiak, sei bat zaku zuri eta zortzi pneumatiko izan dira elementu eszeniko bakarrak, eta haiekin jokatuz irudikatu dira liburuan aipatutako lekuak, eszenen artean musika pasarte laburrak tartekatuz. Timberlake Wertenbaker antzerki-idazleak ingelesera itzuli zuen nobela eta, euskalduna ere badenez, oso lagungarria izan da sortze prozesuan. Bestetik, aipatu beharra dago Sambou Diaby distiratsu ibili dela Ibrahimaren rolean —denbora osoan taula gainean— eta beste hirurek fin gorpuztu dituztela eszenaratzeak eskatzen zituen pertsonaia ugariak.
Amaierako apartean, Afari Solidarioen debeku triste eta patetikoa aipatu du Lipusek. Izan ere, emanaldian zehar denok genuen presente afrikarrek Europan duten patu gordina, eta emanaldian zehar akorduan izan dugu gorrotoak eta agintarien koldarkeriak ekarritako galarazpen nazkagarria.