Zuzendaritza: Ander Lipus. Egokitzapena: Timberlake Wertenbaker. Aktoreak: Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye. Ekoizpena: Artedrama. Saioa: 2024ko urriaren 25a (estreinaldia), Arriaga Antzokian.
Erraza eman dezake, baina ez da. Inondik inora. Best-seller bat antzerkirako egokitzea antzerkigintzan dagoen gauza zailenetariko bat izango da segurutik. Pieza eszeniko bat sortzeko hamaika erabaki hartu behar dira. Euskal Herrian (eta Euskal Herritik kanpo) Kristo guztiak (eta haren lurreko bitartekariak) irakurri duen liburu bat taulara eramaten denean, hamaika ez, hamabi. Gutxienez.
Erabaki horien artean funtsezkoena zera da, zenbat urrunduko den taulako lana jatorrizko testutik (eta girotik). Antzokira joango den publiko guztiak aurretik ezagutuko du Ibrahimaren istorioa hasi eta buka. Gogoratuko da haren gurasoekin, anaiarekin, bidean aurkituko dituen lagun eta etsaiekin eta batez ere gogoratuko da haren kontamolde xumearekin. Eta antzerkira joango da hori guztia ikustera. Edo hori guztia ikusi nahi duelako.
Antzerkiaren modernizazioan (ditxosozko postdramatikotasunaren etorrerarekin) ikuslea antzezlanaren ardatzetako bat bihurtu zen. Publikoa masa itxuragabe bat izatetik banakako ikusle autonomo izatera pasa zen. Orain, besaulkietan eserita gauden gutako bakoitzak osatzen dugu ikusten (eta bizitzen) ari garen obra. Antzezlana ez dago amaituta gure begi, belarri eta azaletik iragazten den arte. Eta Artedramak erabaki du ikusle gehienek espero zuten hori ematea eta Ametsek Ibrahimaren ahotik liburuan jasotako istorioari fideltasun handienarekin eustea.
Pieza eszenikoak ondo baino hobeto jakin du Ibrahimaren hitzak bezain garrantzitsua den hitzok esateko modu xalo hori taulara eramaten. Alderdi estetiko eta estilistikoan egiten du dirdira gehien lanak. Eszenografia ia biluzi hori, batetik bestera mugitzen diren eta makina bat espazio sortzeko balio duten kutxa horiekin. Argiztapen natural eta kasik organiko hori, egunaren argiz beztitzen dituena taulako txoko guztiak. Protagonistaren hitzak bezalako baliabide singleak, batzuetan ez delako askoz gehiago behar. Ikusi besterik ez dago, esaterako, bukaerako ontziaren koadro gogoangarria.
Jatorrizko testuari hainbeste lotu nahiak badu, ordea, haren ifrentzua. Edozein liburu artefaktu magiko bat da, denbora eta espazioa nahieran moldatu eta are desagerrarazteko gai den gailu bat. Baina antzerkia denbora eta espazioaren gatibu bizi da. Ez da dena kabitzen taula gainean. Eta dena sartu nahi denean, arrapaladan joan beharra dago, ia saltoka batetik bestera, sakontasuna galduta. Kontrakoa behar lukeenean, zaila egiten da Miñaneko pertsonaiekin lotura emozionala sortzea, enpatia piztea, dena gertatzen delako azkarregi.
Nolanahi ere, Miñanen, nola edo hala, dena dago bere lekuan, Artedramak Axut!ekin egin zuen aurreko lanean bezala. Hondamendiaren kasuan, beharbada, modu urduriago batean, proposamen estetiko eta fabula apur bat nahasiagoekin. Baina dena bere lekuan. Ikusleak, beraz, espero duen hori jasoko du oraingoan ere bai. Ibrahimaren ametsen eraiste neurtu bat. Mundu mailako gerra intimo eta latz bat. Ez gehiago, ez gutxiago. Eta hori asko da, noski. Horregatik bihurtu da Artedramaren teatroa gure antzerki nazionala, haren lan bakoitzaren emanaldia ospakizun handi bat bihurtzeraino, antzerkizaleak eta ez hain zaleak antzokira trumilka erakartzeko gai dena. Eta, gainera, espero duten hori emateko gauza dena.
Albiste itzela da hori gure herriarentzat (eta gure hizkuntzarentzat). Eta talaia ederra eskaintzen dio taldeari antzerkiaren gurpilari eragiteko, hala nahi izanez gero.