Antzezlana: Zeozertan dabil baina ez dakit zertan. Taldea: Metrokoadroka. Zuzendaritza: Marina Suarez Ortiz de Zarate, Oier Guillan. Antzezleak: Maite Aizpurua, Edurne Azkarate, Javier Barandiaran. Jantziak: Idoia Beratarbide. Ekoizpena: Oscar Picazo (ENTER Banaketak). Argiak: Junki Mayo. Soinua: Patxi Suinaga. Tokia: Zornotza aretoa. Eguna: Maiatzaren 10a.
“Gutxiengo baten artea praktikatzen duzu, jende gutxi agertzen den garito honetan, goizeko ordu gutxituetan, eta gainera, hizkuntza gutxitu bat erabili nahi duzu kantatzeko?”
Duela 6 urte, Metrokoadroka taldeak honelako galderak planteatzen zizkion bere buruari Miss Karaoke antzezlanean. Hitz haietan jada antzematen zen taldeak hasieratik egin duen apustu kontziente eta ausarta: balizko publikoan arte eszenikoak eta euskara konbinaketak berez dakarren baheketaz aparte, Metrokoadrokak darabilen ekuazio komunikatiboan badago beste hautu bat ikusle posibleak are gehiago iragazten dituena: hizkuntza artistikoa. Bere ibilbidean taldeak apustu horri eutsi dio eta publikoa lagun izan du beti. Apustua zein jarraipena izatea, bata zein bestea, pozteko kontuak dira eta garaiko euskal antzerkiaren osasunaz mintzo zaizkigu.
Normala denez ordea, badira egunak non dena delakoagatik ikusleak despistatu egiten diren, eta hori gertatu zen maiatzaren 10ean Zornotza Aretoan eskainitako emanaldian, hamar-hamabost lagun baino ez baikinen bildu antzokian. Lehenengo begiradan panorama bakarti hori ez da ikusteko atsegina; baina beste alde batetik badakar berarekin irakurketa positibo bat: hots, programatzaile batzuen aldetik ere badaudela ausardia eta konpromisoa aipatu lengoaia gutxituekiko. Eta konpromiso hori gabe alferrikakoak izango lirateke hala taldeen apustua nola ikusleen interesa. Zeren tamalez dirua kudeatzen duten guztiek ez dute oinarrizko ideia hori oraindik bereganatu: artea ez dela errentagarria izan behar; edo hobeto esanda, arteak dakarren etekina ez dela ekonomikoa izan behar. Hezkuntza bezala —edo hezkuntza denez— ezinbestekoa da berez jendartearentzat. Beraz, ikusle eta antzerkizale bezala atsegina da Zornotza Aretoa bezalako batean egotea konprobatzeko antzezlan batzuk eskaintzen direla eskaini behar direlako, sarrera kopurua gorabehera.
Orobat, ikusle kopurua gorabehera, antzezleak dena emanda ibili ziren antzokian —bide batez esanik, ikuspegi berekoi batetik begiratuta, hain ikusle gutxirentzat aritzeak intimitate nahiz esklusibitate punttua ere ematen dio antzezpenari—, zeren obra dibertigarri eta iradokitzaile honek inplikazio handia eskatzen baitu aktoreen aldetik, mentalki nahiz fisikoki.
Zeozertan dabil baina ez dakit zertan obrak familia harreman eta bizikidetza ditu gai. Hori bai, irudikatzen duten familia ez da mugatzen odol harremanak dituztenetara, antzezlanak proposatzen duen ideia interesgarrietako bat da ikustaraztea garaiko prekarietateak sortu duen familia oso ohiko bat, apika aurrekoa ordezkatzera datorrena: alegia, pisukideek osatzen dutena. Sitcom formatuaren ideia eta sinbologia abiapuntu hartuta, hausnarketa eszeniko surrealista eta umorez beterikoa ondu du taldeak. Ondo pasatzeko gogoa, logika apurtzeko nahia, eta ganberrada narratiboak egiteko bultzada jostaria nabarmenak dira. Beharbada benetako familien benetako eszena asko nahiko surrealistak direnez berez, hemen zentzugabekeria maila gorenera eramaten dute, publikoaren barre algarak bezainbeste.
Egia da, dena den, obraren lehenengo partean iruditu zaidala tonua garratzagoa dela, agian senidetasunean gertatu ohi diren desenkantuak edota askatasun falta islatzeko asmoz. Sitcom-en formatu ihartua, horretarako, marko ezin hobea da. Badago zerbait traumatiko eta uherra berez telebista-tradizio horretan, urteen poderioz gogoan iltzatuta geratu zaiguna: familia yankiaren itxurazko zorionaren ifrentzu erreal eta erdiragarria, hain zuzen. Maisuki eta zorrozki, obrak sakontzen du etxe barruko artifiziozko zeremonien errepikapen absurdoetan. Errutina, solasaldi usatuak, keinu fosilizatuak eta harreman plastifikatuak azalarazten dira latorri barreen soinu tetrikoaren laguntzaz. Une horietan barre egiten dugu baina ia era automatiko batez, Pavlov-en txakurrek bezala, eszenak zerbait latz edo beldurgarri ezkutatzen duela usainduko bagenu bezala edo. Izan ere, litekeena da giro horren aurrean ikusle bati baino gehiagori piztea bere familia bizipenetan pilatutako mamuak edo sentsazio desatseginak.
Baina esan bezala, oro har obra oso barregarria da, eta hasierako planteamendu honen ostean —niretzat behintzat familiaren barruko itxitasun eta ezinegona iradokitzen duena—, taldea abentura absurdoetan murgiltzen da paraxutik gabe, bide batez gure garaiko harremanei buruzko zenbait hausnarketa interesgarri mahaigaineratzeko: adibidez, norainokoa izan beharko litzatekeen pisukideen arteko konpromiso maila edo polimaitasunaren alde zein kontra daudenen kontraesanak. Bukaera aldera, umore absurdoa eta jostatzeko nahia gorenera eramaten dira, eta klown izpiritua, Metrokoadrokako obren giroan usain ezagun bezala dabilena beti, indar osoarekin gorpuzten da aktoreek egiten dituzten koreografia erridikulu eta ezin barregarriagoetan. Eta hor, senide nahiz mamuekin bakeak eginez bezala, alde positiboa eta amultsua erakusten zaigu elkarbizitza harremanei buruz.
Hala eszenografiak nola argiztapenak primerako sostengua eskaintzen diote estruktura dramatikoari, eta bereziki aipatzekoa da musikaren aukeraketa egokia. Horretaz aparte, Maite Aizpuruak, Edurne Azkaratek eta Javier Barandiaranek erabateko sintonia duen hirukote bat osatzen dute, barneko oreka handiarekin hala protagonismoan nola komikotasunean. Lotura errazegia egitea zilegi bazait, familia eszeniko uztartu bat direla erakusten dute.