Sareen bidez iragarri zuten antzerki misteriotsua Axut! konpainiako lagunek orain hilabete gutxi. Data gutxi batzuk, antzezle mordoa, ezagunak eta ez hain ezagunak, eta Izurako Latsaga jauregian izanen zela baino ez. Konturatu orduko data heldu eta hantxe ginen Nafarroa Behereko lurretan, hegoaldetar gutxi batzuk eta inguruetako herritarrak espektatibak goi-goian.
Jauregiaren barrualdean, patio bat eta eserlekuak hondoan, estalpean. Hiru eraikinek inguratzen zuten oholtza izango zena. Hirurak ere atrezzo baino gehiago, taularen parte. Jaustear den etxea eta zorrak. Hori da Beñatek duen bakarra. Ah, eta familia desegonkor bat ere bai: aita zoroa, arreba zurrut-zale-poeta-komunista, eta arreba hautetsia. Azken hori familiarekin uda pasatzera itzulia da, deskonexio bila-edo. Bihotza ere husturik du Beñatek, Maitexak alargun utzi baitzuen bi urte atzera. Eta, ordutik, arazoak bata bestearen atzetik.
Landa eremuaren hustutzeaz aritu dira antzezlanean, herrian inor gutxi geratzen dela, eta hara heltzeko ere garraio arazoak dituztela. Gazte belaunaldiek lurrari lotutako lanerako grinik ezaz, eta hiritartuen ideia erromantiko faltsuez.
Halakoxeak dira hain justu bizilagunak, eta etxaldearekin negozioak egiteko bazkaria antolatu du haiekin. Baina otordua ez da nahi bezala aterako: egoak, interesak, ChatGPT-a eta bestek Beñaten plana zapuztuko dute.
Mataza korapilatsua josi dute, eta lokarriak askatzea ez da erraza izanen: Patxi eta Iban, Iban eta Aña, Aña eta Jean Battitt, Jean Battitt eta Beñat, Beñat eta bizilagunak, bizilagunak eta Edurne, Edurne eta Patxi… Eta horrela, denak, maitasun eta gorrotoaren artean.
Obran udak aurrera bezala, gaua ere heldu zaigu guri ere. Eta zirimiriak alerta piztu du gugan. Zer eginen lukete zaparradarik balego? Aurrera egitea dela asmoa jakin dugu gero. Iraila da bat-batean, eta hiritarrak buelta egin dute, baina arazoek hor segitzen dute: aitona Petri gero eta okerrago, Edurne ihes eginda, Paxkalin bere egiaren bilaketan temati… Eta zorrak ere hor dirau.
Arazo batzuk ezin konponduzkoak dira. Eta hil artean arazotan bizi dira batzuk, arazoa bera ere, berekin zuloratzeraino. Arazo bat baino gehiago planteatu dizkigute, eta konponbide errazik ez dute zenbaitzuk.
Ekimen gisa uler daiteke Lurrez estali. Edukiz eta formaz ere bai. Arriskutsua izan zitekeen, bira baten ordez, jendea zuregana gerturatu behar izatea, baina ikusi besterik ez da egin behar arrakasta (toki guztiak hartuta, hamabost emanalditarako), gauzak ongi egin dituzten seinale. Kulturgintzan ere arazo ugari izanen dira, baina gure artisten borondateari eta lanari esker, halako gaualdi ederra pasa ahal izan dugu zenbaitek.