Konpainia: Bonbon Beltz. Testua: Bonbon Beltz, Itxaro Borda. Taula zuzendaria: Maika Etxekopar. Txotxongiloak: Battitt Halsouet. Musika: Bruno Hollemaert. Txotxongilo zuzendaria: Marion Gardie. Antzezle-maneatzaileak: Ahlam Slama, Battitt Halsouet, Amaia Irazabal, Titika Rekalt, Maika Etxekopar. Lekua: Aulestiko pilotalekua. Eguna: Apirilak 5.
Aulestiko ADEL jardunaldietan eduki dugu Zuberoako Bonbon Beltz konpainia ezagutzeko parada. Gure xaharrak deitu da antzezlana eta, izenburuak dioenez, adinduen bizimodua da emanaldiaren gai nagusia, baina ez edozein adindurena, zahar-etxeetan bizi direnena baizik. Gauza jakina da gure europar gizartea abiadura handian zahartzen ari dela, eta gure bizimodu erdi esklaboaren eraginez, gero eta beharrezkoagotzat jotzen dugula gure nagusienganako arta lanak beste batzuen esku uztea.
Dela denbora faltagatik, dela zahartzeak ekarri ohi dituzten endekapen eta buru-gaixotasunengatik, badirudi horrelako zentroetan eman behar ditugula gure azken urteak, baliorik gabeko trapuak bagina bezala. Eta hori berori islatu dute Bonbon Beltzeko kideek, Urtxintxa Urdina zahar-etxeko egoiliarrak trapuzko txotxongilo handiekin irudikatuz.
Berezia da Battitt Halsoueten panpinen itxura: pertsona baten tamaina dute, baina hankarik gabeak dira eta benetako aktoreenak baliatzen dituzte ibiltzeko, atzeko maneatzaileak buru maskaraduna eta besoak mugiarazten dizkien bitartean. Batzuetan, bi maneatzaileren artean eraman dute txotxongilo bakar bat, haietariko bakoitzak hanka bat uzten ziolarik maileguan. Eta beste batzuetan, trapuzko beso bat hortik edo trapuzko hanka biak galdu dituzte zaharrek handik, adin horretako gainbehera fisikoa metafora bisuala bihurtuz.
Hala ere, umore beltzeko pasarte horiek ez dute beste segidarik izan, edo nik behintzat ez diet koherentzia nahikorik aurkitu argumentuaren garapenean. Antzeko gauza bat gertatu zait azken eszenako eldarniozko eszenarekin, non Maika Etxekopar —zahar-etxeko zuzendariaren rolean— ikuzgailu moduko kaxa beltz barruan agertu den, ordura arteko pertsonaiek inguratuta, baina orain hodi formako panpina txiki-txikiak bilakaturik.
Bitartean, oso esanguratsua egin zait etxe hartako egoiliarrak mutu egon direla emanaldian zehar, zeren eta hitz egin duten bakarrak langileak eta zuzendari beti estresatua izan baitira. Hori bai, trapuzko andre zahar batek ere hitz egin du, haserre bere iritzia plazaratzean, baina egoitzaren kanpoaldetik hustu ditu barrenak, ikusleengandik hurbil. Bestetik, zuzeneko musikak ere girotu du emanaldia, Titika Rekalt bai soinu-mahaian bai antzezle egonik eta, une batzuetan, Ahlam Slama teklatu txiki batean eta ahotsean jardunez.
Ene uste apalean, gehiago findu beharko litzateke argumentuaren garapena, bere jatorri kolektiboaren zorduna dena, Itxaro Bordak emandako idazketa-laguntza gorabehera. Hala ere, ikusleek eta nik neuk biziki eta berotasun handiz eskertu dugu Bonbon Beltz konpainiaren taularatzea.