antzezpen kritikak
< Gure zaharrak, txotxongilo | Sorpresa >
Zilegi balitz...
Agus Perez
Berria, 2024-04-06
“Ihesi”

Konpainia: Iduzkilore. Testua: Pierre Palmade, Christophe Duthuron. Moldaketa eta euskaratzea: Maddi Zubeldia. Zuzendaritza: Maika Etxekopar. Musikaria: Ainhoa Elizondo. Teknikaria: Alban Fagoaga. Antzezleak: Bernadette Iratzoki Luro, Maider Beheran. Lekua: Aulestiko udal aretoa (Bizkaia). Eguna: Apirilak 3.

      Bi emakume ihesean. Bakoitzak bere motiboak ditu, bere zioak. Batak alde egin du etxeko gozotasunetik, ustezko gozotasun horretatik, non bera ez baita inor sentitzen, ikusezina balitz bezala. Alaba nagusiaren hemezortzigarren urtebetetzean joan da, maleta handi bat eta kirol poltsa bere ondasun gutxiekin bete ostean. Ohar bat ere utzi du gau-mahaian, baina haren testua ez da hemen ezagutarazi behar: Ihesi antzezlana ikusi beharko horren jakitun izateko.

      Bestea, aldiz, nahiko adindua da, makulua behar du ibiltzeko, eta zahar-etxetik ihes egin du, hango denboraren geldotasun jasanezina eta familiaren ahanztura atzean utzita. Zoriak elkartuko ditu biak errepidean, eta zoriak erabakiko du haien patua. Biek ala biek dastatu beharko dute bizitzak beraientzat kozinatu duena, plater horretan osagai kontrajarriak elkartu diren arren.

      Pierre Palmade eta Christophe Duthuron frantziarrak ditugu komedia dramatiko honen sinatzaileak, eta Maddi Zubeldiaren lanari esker izan dugu antzezlan arrakastatsu hori euskaraz ikusteko parada. Maika Etxekoparren zuzendaritzapean, agertoki soil bat prestatu da emankizunerako, apaingarri eszeniko bakarrak aulki batzuk eta egurrezko kaxoi moduko bloke batzuk izan direlarik.

      Haiekin irudikatu dira hilerriko tonba, erreka gaineko zubia, zahar-etxeko ohea eta beste hainbeste gauza, eta, bitartean, Ainhoa Elizondok eszenen arteko aurkezpenak eta trantsizioak girotu ditu bere akordeoiarekin; nagusiki Leteren eta Laboaren Ihesa zilegi balitz interpretatuz, baina beste kanta herrikoi batzuk ere tartekatuz. Gainera, bere rola funtsezkoa izan da jardun eszenikoa era guztietako hotsekin eta ahotsekin hornitzeko, eta aipatzekoa da une oro egon dela eszenan, ikusleen begi-bistan baina bere rol neutroan sartuta, halako moldez non gehienetan ikusezin bihurtzen baitzen, telefono hotsa edo poliziaren sirena jotzen zuen arte.

      Argumentua, berez, giza dentsitate handikoa da, emakume gaztearen kemenean eta zaharragoaren eskarmentuan oinarrituta, eta ugariak izan dira umore uneak, bai fisikoak bai hitzezkoak. Hollywoodeko parametroetatik urrun, bien arteko harremanak ez dira inoiz samurrak izango, eta ihesaldian zehar bizi izandakoa ikasgai izango da beraientzat guretzat bezainbeste. Bi antzezleek erabakimenez eta sendotasun osoz jardun dute, hain elementu gutxirekin egoera guztiak sinesgarri eginez eta ikusleen arreta amaierara arte berenganatuz. ADEL jardunaldietako ikusleek leporaino bete dute udal aretoa, eta amaierako txalo zaparrada luzeak hiru interpreteen hunkidura agerrarazi du.